"Iruzurrezko deiak" detektatu ondoren, betiON zerbitzuak engainuak eta maulak saihesteko aholkuak indartu ditu

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi duenez, telelaguntza-zerbitzua ez da nahitaezkoa inondik ere, eta solaskideen identitatea egiaztatzea gomendatzen du

Vitoria-Gasteiz, 2024/05/09

BetiON telelaguntza aurreratuko zerbitzu publikoak eta Eusko Jaurlaritzak “iruzurrezko telefono-deiak” detektatu dituzte. Dei horietan, igorlea betiON dela iradokitzen da, eta zerbitzua 65 urtetik gorakoentzat “nahitaezkoa” dela adierazten da. Eusko Jaurlaritzak horri buruz gogorarazi duenez, telelaguntza-zerbitzupublikoa ez da nahitaezkoa inondik ere, eta profil jakin batzuei zuzenduta dago:

" Bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonei.
" Mendekotasun-egoeran edo mendekotasun-arriskuan dauden 65 urtetik gorako pertsonei.
" Desgaitasun intelektuala, fisikoa edo sentsoriala edota gaixotasun mental bat duten eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonei.
" Eta arrisku edo isolamendu sozialeko egoera jakin batzuetan dauden beste pertsona batzuei.

Dei horiek erabiltzaileek zein erabiltzaile ez direnek jaso dituzte, eta haien helburua pertsonen banku-datuak lortzea izan liteke. Iruzur mota horri vishingdeitzen zaio (pertsonak engainatzeko eta horren bidez informazio delikatua lortzeko ahotsa erabiltzean datzan erasoa). Erabiltzaile ez den pertsonaren batek jaso duen deiaren jatorriaren inguruko zalantzak baditu, elkarrizketa etetea eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzara telefonoz deitzea gomendatzen da (945 016364; 945 016362).

Arrisku berri hori detektatu ondoren, betiONekindartu egin ditu egun hauetan erabiltzaileei lapurreten, maulen eta/edo iruzurren prebentzioari buruzko aholkuak emateko telefonoz helarazi ohi dizkien mezuak. “Helarazten diegun mezurik argiena da zalantzarik izanez gero eta deitzen dutenak gu ez garela susmatuz gero botoi gorria sakatzea, deiak guk egin dugun ala ez egiaztatzeko”, adierazi du betiON zerbitzuko arduradunak.

Ohikoa izaten da betiON zerbitzuko langileek aldizka egin dituzten deietan hainbat gairi buruz hitz egitea eta aholkuak eskaintzea erorikoak eta arriskuak saihesteko, autozaintza bultzatzeko, beroaren edo hotzaren aurkako neurriak hartzeko eta abar. Aholku horien artean, engainuak, lapurretak eta/edo maulaknola saihestu daitezkeen ere adierazten zaie.Adibidez, engainu bidezko lapurretak saihesteko, teknikari baten bisita izaten denean dagokion enpresara deitzea eta bidezko egiaztapenak egiten diren bitartean pertsona hori bizilekutik kanpo eta atea itxita dagoela geratzea gomendatzen da.

Gaur egun, betiON zerbitzuak 76.000 erabiltzaile baino gehiago ditu, eta lautik hiru emakumeak dira.Erabiltzailearen batez besteko profila 80 urte baino gehiago dituen eta bakarrik bizi den emakume batena da. 80 urtetik gorako pertsonak zerbitzuaren erabiltzaileen 80 inguru dira, eta haien batez besteko adina 84 urtekoa da.

Telelaguntza-zerbitzuari esker, erabiltzaileek arreta iraunkorreko zerbitzu bat dute bizilekuan, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan. Zerbitzu horretan diharduten pertsonak espezifikoki prestatuta daude larrialdi edo premia sozialeko egoeretan erantzun egokia emateko, beren kabuz edo beste baliabide komunitario batzuk mobilizatuz.Horretarako, terminal bat instalatzen da bizilekuan, eta erabiltzaileak sakagailu edo domina bat eraman behar du.

Zerbitzu publiko hori oinarrizko gizarte-zerbitzuen, ZUZENEAN zerbitzuaren 012 telefono-zenbakiaren, zerbitzu horrek hiru lurraldeetan dituen bulegoen edota https://www.euskadi.eus/betion webgunearen bitartez eska daiteke. Webgune horretan, eskaera telematikoa egin daiteke.

Kostuari dagokionez, betiON zerbitzuaren gehieneko prezioa 4 eurokoa da hilean. Erabiltzaile guztiek zenbateko bera ordaintzen dute, Ondorio Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoa (IPREM) baino diru-sarrera txikiagoak dituztelako salbuespenak dituzten pertsonek izan ezik.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)