- Ekitaldian zehar, Lehendakari hautetsiak proposatutako eta esanahi bereziko hainbat elementu pertsonal egon dira
Gernikako Arbolan egin du Imanol Pradalesek Lehendakari karguaren zina, gaur eguerdian, erakundeetako ordezkaritza zabal baten aurrean.
Ekitaldian zehar, Lehendakari hautetsiak proposatutako eta esanahi bereziko hainbat elementu pertsonalentzako lekua ere egon da.
Hori agerikoa izan da hasieratik, Batzar-Etxeko sarrera nagusian Soterako arraunekin, Santurtziko sardina-saskiekin eta arrantza-sareekin osatutako arku batek eman baitiete ongietorria bertaratutakoei. Keinu horrekin, Imanol Pradalesek lekua egin nahi izan die euskal ondare etnografikoaren sinbolo batzuei, zehazki, itsasoari lotutakoei; izan ere, Lehendakariak lotura berezia du itsasoarekin, bere sorterriagatik eta bere arraunlari garaiagatik.
Ekitaldia Gernikako Batzar-Etxeko osoko bilkuren aretoan hasi da, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako Lehendakari izendatzen duen 586/2024 Errege Dekretuaren irakurketarekin.
Kanpoan, Gernikako Arbolaren tenpletearen ondoan -Euskal Herriaren askatasunen sinbolorik adierazgarriena- Imanol Pradalesek karguaren zina egin du Agirre Lehendakariak 1936an erabilitako formularen tradizioa eta muina ia bere osotasunean mantenduz: “Eusko lur gainean zutunik, Jaungoikoaren eta euskal gizartearen aurrean apalik, Gernkako zuhaitzpean, asaben gomutaz, herri ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzo betetzea zin dagit.’’.
Zinaren ostean, Ertzaintzaren Bandak Eusko Abendaren Ereserkia jo du, eta, ondoren, berriz ere hemizikloan, Imanol Pradales Lehendakariak karguaz jabetzen dela adierazi du. Horren ostean, Iñigo Urkullu Lehendakariak aginte-makila eman dio.
Ondoren, Pradales, makila eskuan, Arbol Zaharrera bidea egin du eta, momentu horretan, Lehendakari berriak sinbologia bereziko beste elementu bat sartu du, 1936an Agirre Lehendakariaren zinean entzun zen Agur Zaharra doinua berreskuratu nahi izan baitu.
Azkenik, Lehendakariak, Eusko Legebiltzarreko Lehendakariak eta Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak ohorezko liburua sinatu dute Batzar-Etxeko bulegoan. Bertan, Imanol Pradalesek hala eskatuta, bi artelan kokatu dira. Batetik, Nestor Basterretxearen Izaro obraren jatorrizko prototipoa, hain zuzen, 1983tik Eusko Legebiltzarraren ikurra den obrarena. Bestetik, Eduardo Chillidaren Lurra saileko pieza bat, Gasteizko Eusko Legebiltzarraren sarreran egon ohi dena. Horrela, Lehendakariak kulturari presentzia eman nahi izan dio ekitaldian eta Euskal Artearen sortzaile handienetako biri omenaldia egin nahi izan die haien jaiotzaren mendeurrenean.
Ekitaldira bertaratu direnen artean, aipatzekoak dira Carlos Garaikoetxea, Juan José Ibarretxe eta Patxi López Lehendakariak, XII. Legealdiaren Sailburuak eta erakunde eta gizarte arloetako ordezkaritza zabal bat, besteak beste, Espainiako Gobernuaren Presidenteordea.
Arratsaldean, Eusko Jaurlaritza berriaren osaera argitaratu da.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)