Idoia Montón, Josu Bilbao eta "Tractora" kooperatiba Gure Artea 2024 sariak

Argitalpen-data: 

  • Idoia Montónek ibilbide artistikoaren saria jasoko du; Josu Bilbaok jarduera sortzailearen aintzatespena; eta Tractora kooperatiba elkarteak arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jardueraren aintzatespena 
  • Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman du sarituen berri Gasteizko Artium museoan. Sariak udazkenean banatuko dira Bizkaian

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Gure Artea sarien irabazleen izenak jakinarazi ditu gaur. Arte plastiko eta bisualen arloan Euskadin ematen diren saririk garrantzitsuenak dira. Epaimahaiak hala erabakita, hauek dira aurtengo Gure Artea saria jaso duten pertsonak eta erakundeak:

  • Ibilbide artistikoa aintzatesteko saria: Idoia Montón
  • Sormen-jardueraren saria: Josu Bilbao.
  • Arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduera aintzatesteko saria: Tractora Koop.E. (Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta)

Gaur goizean Artium – Arte Garaikidearen Museoan, Gasteizen, egin den prentsaurrekoan Kulturako sailburuorde Andoni Iturbek ere parte hartu du, eta sarituak eta epaimahaia izan dira bertan. Aurtengo Gure Artea sarien epaimahaia Ismael Manterola Ispizua arte historialariak, Carmen Garmendia Amigot erakusketa koordinatzaileak eta Susana Talayero, Laida Lertxundi de Prado eta Peio Aguirre Azkarate artistek osatu dute. Azken hau epaimahaiburua izan da eta sarituak aukeratzeko arrazoiak azaldu ditu. Sarituek 20.000 euro jasoko dituzte udazkenean Bizkaian egingo den sari-banaketa ekitaldian.

XIII. legegintzaldi honetako lehen prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak saritutako pertsonak zoriondu ditu, eta haien lanek "gaur egungo eta etorkizuneko Euskadiri forma" ematen diotela ziurtatu du. Lehenengo lehendakariordeak eragile publiko eta pribatuen artean batera lan egiteko ideia azpimarratu du. "Beharko zaituztegu", esan du artisten kolektiboari zuzenduta, “beharko zaituztegu Euskadin talentu sortzailea garatzeko aukera gehiago sortzeko" edo "Euskadi munduan nortasun propioa izateko".

Ibilbide artistikoa aintzatesteko saria: Idoia Montón

Aurtengo Gure Artea sarietako epaimahaiak erabaki du Idoia Montón artista donostiarrak bere ibilbide artistikoa aitortzeko saria jasotzea. 30 urte baino gehiagoko ibilbidean, epaimahaiak “bere jarrera ausarta, arriskutsua eta aurreiritzirik gabea nabarmendu du, ohiko kanonetatik desegina, joera artistiko hegemonikoetatik kanpo kokatuz. Bere lana erresilientea izan da eta modatatik kanpokoa”.

Artista bi dimentsioko eskulturarekin hasi zen, eta papiroflexiatik pinturan barneratu da, ahots pertsonal eta berritzailea eraikitzeko. Eskulturarekin lehen arrakasta izan zuen arren, pinturara itzuli zen, “bi diziplinak berez abstraktuak direla” iritzita.

Bere proiektu berrienetan, egungo krisi garaiari erreparatu dio, eta errealitate horretara “ikuspegi kritiko batetik hurbildu da, pinturaren praktika erradikalizatzen ari dela jabetuta”. La Guerra bere argitalpenak Irakeko Kurdistanen egindako egoitzarekin lotzen duen bere lanaren azken bost urteak erakusten ditu.

Epaimahaiaren arabera, bere lanaren ezaugarri nagusiak dira “moldakortasuna eta hainbat eremutan mugitzea, genero, hizkuntza eta teknikei dagokienez”. Bere lanak Bilboko Arte Ederren Museoaren, Artium Museoaren eta San Telmo Museoaren bildumetan daude. Orain, erakusketa bat prestatzen ari da Bartzelonako Konvent kultur elkartean 2024ko udazkenerako.

Sormen-jardueraren saria: Josu Bilbao

Epaimahaiak erabaki du aurten Josu Bilbao bermeotarrak jasotzea Gure Artea saria, bere sormen-jarduera aintzatesteko.

Epaimahaiaren ustez, Josu Bilbao “artisten belaunaldi berri bateko kide da, eta artista horien lanek interes bat partekatzen dute, bizi garen eremua ikuspegi kritiko batetik aztertzekoa”. Bere praktika artistikoa “interbentzio eskultorikoak egiteko erabiltzen dituen materialak eta espazioak behatzetik eta haiekiko elkarrizketatik abiatuta taxutzen da. Bere sorkuntzak etengabeko ikerketa-prozesutzat hartzen ditu”, eta bere lan guztietan agertu izan da “austeritate” kontzeptua. Josu Bilbao Arte Ederretan lizentziatu zen, eta Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologiako masterra egin zuen. Epaimahaiaren arabera, “prestakuntza bikoitza da, eta bi jatorritako materialekiko interesa erakusten du: eskultura eta ahozko tradizioa”. Sari hau lortzeko arrazoien artean, epaimahaiak bere jarrera berezia azpimarratu du, “praktikaren beraren potentzialtasunetik abiatuta jarduteko modu bat aldarrikatzen baitu, hau da, artistena, erakusketa-espazioen erabiltzaile gisa”. Gainera, bere sormen-lanak bakarkako lana gainditzen du, eta garrantzitsua da, epaimahaiaren ustez, “euskal testuinguru artistikoari egindako ekarpenak aitortzea, artistei beren erakusketa-prozesuetako egoeretan laguntzeko”.

Josu Bilbaoren lana Bilduma Partekatuan dago (Artium, Bilboko Arte Ederren Museoa, Tabakalera). 2023an Arte Plastikoetako Leonardo beka jaso zuen. Orain, bakarkako bi erakusketa prestatzen ari da: Artium Museoan eta Espai 13n, Miró Barcelona Fundazioarena, biak 2025erako.

Arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduera aintzatesteko saria: Tractora Koop.E.

Tractora Koop. E.k Gure Artea saria jasoko du, arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduera aintzatesteko. Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta dira proiektuaren buru.

Tractora 2018an hasi zen lanean, artea ekoizteko eta banatzeko sistemekin esperimentatzeko laborategi gisa, baita hainbat diziplinatako proiektuak bultzatzeko ere. Epaimahaiak sari hau Tractorari ematea erabaki du, “euskal komunitatearen testuinguru artistikoan arte plastiko eta bisualei egindako ekarpen oparoagatik, bere jardueren kalitateagatik eta berezitasunagatik, bere proiektuak beste sektore kultural batzuekin lankidetzan garatzeagatik, euskal sortzaileen jarduera artistikoa zabaltzeagatik eta balioesteagatik, eta horien garapenean eta sustapenean duen garrantzi artistiko-kulturalagatik, abian jarri dituzten 3 programen bidez”. Lehena Kinu da, ikus-entzunezko praktika artistikoari lotua; Barrunbe egoitzen programa bat da, lankidetza-proiektuak sustatzeko; eta Foku erakusketa-programa bat da, testuinguruko artista garrantzitsuen ibilbidean arreta jartzea eta horretarako sarbide informatua ahalbidetzea helburu duena.

Hau izan da epaimahaiaren balorazioa, “Artisten prozesuak zaintzeko duen konpromisoa, bakoitzak bere berezitasunean behar duen azpiegitura material, ekonomiko, administratibo eta afektiboa eraikiz. Emaitza jauzi kualitatibo bat da artisten ekoizpenetan”.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)