Hezkuntza sailburuak Dantzertiren 2024-2025 ikasturteari hasiera eman dio

Argitalpen-data: 


      dantzerti_0.jpg

Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskola erreferentziako zentroa da Estatuan, eta goi-mailako graduko ikasketak eskaintzen ditu.

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak eta Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuak Dantzerti – Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskolaren 2024-2025 ikasturtearen inaugurazioan parte hartu dute. Ekitaldia Bilboko Campos Elíseos Antzokian egin da.

Inaugurazio-ekitaldian, Begoña Pedrosa sailburuak hitz batzuk esan dizkie bertaratutako ikasle eta irakasleei: “Euskadik arte dramatikoko eta dantzako goi-eskola bat behar zuen, eta Dantzerti da erantzuna”. Eskolak 9 urteko ibilbidea baino ez du, baina azken urteotan bere oinarriak finkatzen joan da Estatuan erreferentzia bihurtzeko.

Dantzerti hezkuntza-komunitate osoaren konpromisoaren, ahaleginaren eta espiritu erantzunkidearen emaitza da. Sailburuak irakasleen eta ikasleen parte-hartzearen eta eskola gidatzen duen taldearen elkarlanaren garrantzia balioetsi nahi izan du. 2024-2025 ikasturtean aurre egin beharreko erronken eta proiektuen ikuspegitik, Pedrosak lidergo pedagogikoaren aldeko apustu irmoa nabarmendu du, eta erantsi du zentroak zuzendaritza-proiektu sendoa duela, “guztion ekarpenak jasotzen dituen gidoi bat, obra koral bat”, esan du. Era berean, “zentroaren proiektu digitala hedatu izanaren eta kudeaketa aurreratuko eredu bat ezarri izanaren garrantzia” ere nabarmendu nahi izan du. “Bere orientazioa beti talentua eta bikaintasuna da”, esan du. Bestalde, sailburuak balioetsi ditu “zentroaren hezkuntza-proiektuaren berezko balioak eta ezaugarriak, bakarra izatea dakartenak: talentuaren aldeko apustua, berdintasuna eta kolektibo osoak parte hartzea”. 

Aukeraz baliatuz, Pedrosak ikasturte berrian zentroak aurre egin beharreko erronketako bi nabarmendu nahi izan ditu. Alde batetik, onartu berria den arte-ikasketei buruzko lege berriaren garapenean parte hartzea, Dantzerti merezi duen lekuan kokatzeko.

Eta, bestetik, ESADEFEST 2026 topaketa antolatzen lan egitea. Dantzerti aukeratu dute gaur egungo eta etorkizuneko arte eszenikoen erakusleiho aparta izango den arte dramatikoko eskolen topaketa hori hartzeko. “Aprobetxa dezagun aukera egiten dugun lan ona erakusteko eta gure kultura eta hizkuntza apartak Estatuko beste leku batzuetako ikasleen eta irakasleen aurrean nabarmentzeko”, adierazi du sailburuak.

Arte eszenikoen oraina eta etorkizuna

SGAE Fundazioak, Dantzertirekin elkarlanean, arte eszenikoen orainari eta etorkizunari buruz antolatutako solasaldiarekin osatu da ekitaldia, eta ibilbide eztabaidaezina duten hiru profesionalek parte hartu dute bertan: Maria Goiricelaya (Bilbo, 1983) zuzendari, antzerkigile, aktore eta antzerki-ikertzaileak, 2024an arte eszenikoen MAX sarietan finalista izan denak; Janire Etxabe (Barakaldo, 1979) koreografoak, 2024ko MAX sarietan finalista izan denak eta 2017an Dimegaz eta 2020an Harrobi Dantza Bertikala konpainia sortu zituenak; eta Inés Delgado (Granada, 1978), kultura-manager eta aktoreak, arlo artistikoan eta eszenikoan ibilbide luzea duenak eta 2013tik Zirkozaurreren kultur-kudeatzailea denak.

Hiru profesionalek arte-proiektu ororen garapenaren eta banaketaren funtsezko gakoei buruz hitz egin dute. Adierazi dute kultura-industriaren merkatuari proposamen bat aurkezteko, ideia artistiko on bat izateaz gain, ideia hori antolatuta eta bideratuta egon behar dela, eta, horretarako, behar bezala jaso behar direla gai horretan eragiten duten alderdi desberdinak.

Dantzertiri buruz

Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskola da, eta 2015ean ekin zion bere bideari Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan. Goi-mailako bi titulazio eskaintzen ditu: Arte Dramatikoko Gradua eta Dantzako Gradua. 2024-2025 ikasturtean 91 ikasle ditu guztira, dantzaren eta arte dramatikoaren espezialitateetan banatuta.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)