- Hezkuntza Sailak %6 handitu du deialdi honen aurrekontua, iazkoarekin alderatuta
- 2024-2025 ikasturtean, 416 euskal ikertzailek izango dute Doktorego aurreko kontratua, deialdi honi esker
Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2024-2025 ikasturtean Doktoratu aurreko Programan laguntza berriak deitu eta lehendik zeudenak berritzen dituen Agindua, doktore ez den pertsonal ikertzailearen prestakuntzara zuzenduak.
11.899.267 euroko diru-kopuru globala duen deialdi honek, ikertzaileen prestakuntza sustatu nahi du, Doktore titulua lortu ahal izan dezaten, eta kalitatezko ikerketa zientifikoari lotutako gaitasun eta trebetasunak eskuratu ditzaten, Doktoretza Programa baten barruan. Deialdiak bere barne hartzen du bai laguntza berriak ematea, eta baita aurreragoko deialdietan emanikoak berritzea ere. Zehazki, kopuru horretatik 2.657.960 euro laguntza berriak emateko bideratuko dira, eta gainerako 8.591.447 euroak lehendik indarrean zeudenak berritzeko.
Gainera, deialdi berriak iaz abian jarri zen lerro berriari eusten dio, Doktorego Ondoko Orientazioa izeneko lerroari, eta 649.860 euro bideratzen ditu bertara. Zenbatekoak honela banatuko dira:
Lerroak |
Guztira (€) |
Laguntza berriak (Ikerketa orokorra) |
2.556.063 |
Laguntzak berritzea (Ikerketa orokorra) |
8.374.328 |
Laguntza berriak (Ikerketa espezifikoa) |
101.897 |
Laguntzak berritzea (Ikerketa espezifikoa) |
217.119 |
Dokt. Ondorengo orientazioa (Ikerketa orokorra) |
617.367 |
Dokt. Ondorengo orientatzioa (Ikerketa espezifikoa) |
32.493 |
Guztira |
11.899.267 |
Doktorego Ondoko Orientazioa deituriko lerro berri honek kontratua beste urtebetez luzatzeko aukera ematen die, kontratuaren hirugarren berritzean doktorego-tesia amaitzen duten pertsonei, 4 urteko laguntza amaitu aurretik.
Aurreko 2023-2024 deialdiarekin alderatuta, Hezkuntza Sailak %6 handitu du programara bideratutako aurrekontua.
416 ikertzaile 2024-2025ean
Horrela, 2024-2025 ikasturtean, 416 euskal ikertzailek doktoretza aurreko kontratua izango dute: 306 kontratu berrituko dira eta doktoretza aurreko 110 laguntza berri emango dira. 2023-2024 ikasturte honetan 394 euskal ikertzailek jaso dituzte doktoratu aurreko kontratu horiek: 109 laguntza berri gisa izan ziren – horietako bi neutronikaren eta partikulen azelerazioaren arlo espezifikoan eta beste bi hezkuntzan –, eta gainerako 285 kasuetan, berritzeak izan ziren.
Doktoratu aurreko kontratuak
Laguntza hauen onuradun izango dira, unibertsitate lizentziatura edo gradu bat izanik tesi-proiektua egingo duten pertsona fisikoak, betiere egoitza EAEn dutenak. Laguntza horiek doktoratu aurreko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte, urtebeteko iraupenarekin. Kontratu hori bere ikerketa garatuko duen aplikazio-zentroarekin izenpetuko du ikertzaileak. Kontratuaren xedea izango da proiektu zehatz eta berrietan ikerketa-lanak egitea, lanaldi osoko erregimenean. Kontratua beste hiru alditan ere luzatu ahal izango da (gehienez elkarren segidako 48 hilabetez), laguntza berrituz gero.
Laguntza hauek jasotzeko aplikazio-zentroak, eta beraz, ikertzaileekin kontratuak sinatuko dituztenak, unibertsitate edo ikerketa erakundeak izango dira, publiko zein pribatuak, I+G-an ahalmen eta jarduera ezaguna dutenak. Zentro hauek izan dezakete egoitza EAEn (A modalitatea), Estatuan (B modalitatea), edo atzerrian (I modalitatea). Hirugarren modalitate honen kasuan, ikertzaile onuradunak Ikerbasquerekin sinatuko du kontratua. Kontratu horretan osagarri bat ere jasotzen da, urtean atzerriko zentrora joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko.
Doktoratu aurreko kontratuen onuradun guztiek 4 eta 6 hilabete arteko ikerketa-egonaldia egingo dute atzerrian, ezarpen-zentroaz bestelako zentroetan. Baldintza horrek doktoregoaren nazioarteko aipamena lortzea erraztuko du. Atzerriko egonaldia doktoratu aurreko laguntzaren lehen 3 urteetan egingo da, eta modu jarraituan. Helburua da programa amaitzean prestatzen ari diren ikertzaile guztiek nazioarteko aipamena eta profila duen tesi bat izatea.
Ikerketa orokorra eta espezifikoa
Doktoratu aurreko programak bi jarduera-arlo nagusi ditu: ikerketa orokorreko arloa eta ikerketa espezifikoko arloa. Arlo horietako bakoitzak kontratu berriak eta berritzeak jasotzen ditu.
Ikerketa orokorraren ildoak honako jakintza-arlo hauetan garatu beharreko ikerketak biltzen ditu: Oinarrizko Zientziak; Bizitzaren eta Osasunaren Zientziak; Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura; eta Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak.
Berariazko ikerketaren eremuan, datorren 2024-2025 ikasturterako deialdi honek neutronika eta partikulen azelerazioan ikerketa bultzatzeko dirulaguntza lerroari eusten dio. Ikerketa arlo hau interes berezikoa da egun Europako Batasunean eta bereziki Euskadin, balio estrategiko handia baitu EAEko zientzia, teknologia nahiz industriaren etorkizunerako. Gainera, Euskadiko I+G+b garatzeko abagunea ere eskaintzen du. Gure erkidegoko zientzia-komunitatea arlo honetan sendotzea eta areagotzea lehentasunezko helburua da, Europako Batasunak ESS Lund espalaziozko neutroi iturriaren inguruan ezarri dituen helburu zientifikoak indartzeko.
Hezkuntza aroko ikerketa
Neutronikarekin batera, deialdi honetan eusten zaio -berariazko ikerketa eremuaren barruan- Hezkuntza arloari ere ikerketa-ildo gisa. Helburua hezkuntzaren arloko ildo estrategiko batzuetan ikerketa sustatzea da, hala nola digitalizazioa (metodologiak eta gaitasun tekno-pedagogikoak), gaitasun zientifiko-teknologikoak eskuratzea STEAM proiektuen bidez; edo kulturartekotasuna eta eskola-arrakasta.
Arlo hau balio estrategikoko eremua da euskal hezkuntza-sistemaren etorkizunerako, eta, gainera, aukera bat da I+G+b-ren etorkizunerako, euskal hezkuntza-sistemarekin lankidetzan. Euskadin arlo horretan komunitate zientifikoa indartzea eta zabaltzea lehentasunezko helburua da Hezkuntza Sailarentzat, bikaintasuneko ikerketaren emaitzak barne hartzen dituen politikaren barruan.
Doktoratu aurreko programa hau ikerkuntzako giza baliabideak sustatzeko politikan sartzen da, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Planean (2023-2026 aldikoan) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planean; ildo horretatik, programaren helburua da lanbide-jarduera ikerkuntzara bideratu nahi duten goi-mailako tituludunen berariazko prestakuntza bultzatzea. Halaber, zientzia eta teknologia gaietan lekukoa hartuko duen belaunaldi berriaren prestakuntza sustatzea ere bada programaren xedea.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)