Gripearen birusaren intzidentzia handitzearen aurrean, higiene-neurriak indartzea eta maskara erabiltzea gomendatzen da

Argitalpen-data: 

  • Arnas Zaintzako Infekzio Akutuaren azken txostenak erakusten du gripearen birusaren eta COVID-19aren hedapenak gora egin duela, eta bronkiolitis kasuak eta Arnas Birus Sinzitialaren (ABS) detekzioak jaitsi egin direla

Urte-sasoi honetan ohikoa den bezala —hotz handiagoa egiten duelako eta gune itxietan kontaktu sozial gehiago izaten direlako—, arnas-infekzioen intzidentziak gora egiten du Euskadin.

Arnas Zaintzako Infekzio Akutuaren azken txostenaren arabera (52. astea, abenduaren 25etik 30era), gripearen birusaren zirkulazioak eta COVID-19aren intzidentziak gora egiten jarraitzen dute, eta bronkiolitisaren diagnostikoek eta Arnas Birus Sinzitialaren (ABS) detekzioek behera egin dute. Hori horrela, Osasun Sailak eta Osakidetzak higiene-neurriak indartzea eta maskara erabiltzea gomendatzen dute. Aste honetan, gripearen 935 lagin, COVID-19aren 465 lagin eta Arnas Birus Sinzitialaren (ABS) 197 lagin erregistratu dira EAEko Informazio Mikrobiologikoko Sisteman.

Adin-taldeen arabera, tasarik altuena 0-4 urte bitartekoen taldean erregistratu da (1.852,0 kasu 100.000 biztanleko), eta ondoren 5-14 urte bitartekoen taldean (624,9 kasu 100.000 biztanleko). Tasak jaitsi egin dira aurreko astearekiko adin-talde guztietan, 64 urtetik gorakoen taldean izan ezik.

AIA edo AIALeko (arnas-infekzio akutu larria) kasu larriek —Osakidetzako ospitale-sarean ospitaleratzea behar dutenek— gora egin dute aurreko astearekin alderatuta, eta 29,5 kasu izan dira 100.000 biztanleko (20,8/100.000 aurreko astean); adin-talde guztien artean 64 urtetik gorakoak izan dira nagusi.

Osakidetzaren Larrialdiak ohiko arreta-eskariaren gorakadari —Euskadin arnas infekzioen intzidentziaren gehikuntzak eraginda— erantzuten ari dira urteko aldi honetan. Egoera horri erantzuteko, osasun-erakundeek kontingentzia-planak dituzte, eta, besteak beste, arnas-sintomak dituzten pazienteentzako ohe gehiago jartzea aurreikusten dute, hala behar izanez gero.

BABESA ETA PREBENTZIOA

Senideekin eta lagunekin biltzea dakarten Gabonetako jaiek arnas-infekzioak transmititzen laguntzen dute. Hori dela eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak gomendatzen dute, beste behin ere, maskara erabiltzea arnas-sintomak daudenean, norbera eta ingurukoak babesteko. Era berean, kutsatzeko arriskuaren aurrean, leku jendetsuetan distantzia fisikoa mantentzea, eskuen higienea indartzea, ahoa eta sudurra estaltzea eztul egitean eta doministiku egitean, eta espazioak aireztatzea iradokitzen da.

Arnas-infekzioen prebentzioak guztion artean partekatuta dagoen erantzukizuna izaten jarraitzen du. Hainbat estrategiaren konbinazioak, maskarak erabiltzea barne, nabarmen laguntzen du komunitatean birusen transmisioa murrizten. Gomendio horiek betetzea funtsezkoa da osasun publikoa babesteko.

Gainera, gogoan izan behar da txertaketak garrantzi handia duela garai honetan arnas aparatuko gaixotasunak prebenitzeko. Aurten, gripearen aurkako txertoaren 507.432 dosi eta COVIDaren aurkako 391.261 dosi eman dira Osakidetzako erakunde guztietan. Zifra horrek esan nahi du % 3 jaitsi dela gripearen aurkako txertoaren dosi guztien kopurua, 2022ko kanpainaren aldi berarekin alderatzen badugu.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)