Gobernu Kontseiluak datorren hamarkadan euskara indarberritzen jarraitzeko "Aroa" marko estrategikoa onartu du

Argitalpen-data: 

  • “Aroa. Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoak” 2012-2022 Euskara Sustatzeko Ekintza Plana ordezkatuko du
  • Gizarteak azken hamar urteetan izan dituen aldaketei erantzun eta erakunde eta herritarrekin lankidetzan euskara indarberritzen jarraitzeko oinarriak finkatzen ditu. Gobernantza berri bat proposatzen da lankidetzarako, baita euskararen zeharlerrokotasunean eragiteko ere.
  • Hurrengo bost jomuga nagusi zehazten dira: (1) euskara ikasteko erraztasunak handitzea, (2) eskolaz kanpoko ekosistema euskaldunagoa lortzea, (3) ingurune digitalean euskarak leku gehiago izatea, (4) euskaraz lan egiteko aukerak ugaritzea eta (5) euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzeko aukerak ugaritzea

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du datozen hamar urteetarako plan berria: Aroa. Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa”. Orain arteko Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) hamar urtean egon da indarrean, 2012-2022, eta plan horrek aurreikusten zuen bezala, 2022an plangintzaren ebaluazioa egin eta ESEP berritzeko batzorde-atal berezi bat jarri zen martxan Euskararen Aholku Batzordearen baitan. Batzorde horrek bi urtean garatu du gaur onartu den dokumentu berria eta honen helburu nagusia da gizarteak azken urteetan izan dituen aldaketei erantzun eta gaur egungo testuinguru eleaniztunean, euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea, gizarte ekitatibo eta justoa eraikitzeko.

Lankidetzatik sortutako dokumentua da, izan ere, Hizkuntza Politikako sailburuordetzako talde teknikoak eta zuzendaritza taldeak, HAKOBAko ordezkariek zein teknikariek, Euskararen Aholku Batzordeko gainontzeko kideek eta eremu jakin batzuetako beste zenbait adituk hartu dute parte. Lankidetza ereduari jarraikiz, marko honek leku handia hartu du Gobernantza ereduaren gainean egin den proposamenari dagokionez.  Alde batetik, euskararen eremuko eragileei egiten zaie erreferentzia, eta bestetik, euskararen zeharlerrokotasunak hartu du leku garrantzitsua bat. Marko estrategiko honek adostua, egingarria eta eragingarria izan nahi du eta horretarako aniztasunaren kudeaketa (eleaniztasuna; hizkuntza- eta kultura-aniztasuna) eta justizia soziala eta gizarte-inklusioa erdiesteko baliabideak sortu edota erraztu nahi ditu zeharlerrotasuna, lankidetza eta partehartze koordinatua lehenetsiz.

5 jomuga nagusiak

Lankidetza hau sustatzeko, hauxek dira zehaztutako bost jomuga nagusiak:

  1. Edozein dela ere herritarraren egoera, euskaraz gehiago eta errazago ikasteko aukerak handitzea.
  2. Eskolaz kanpoko ekosistema euskaldunagoa lortzea gazteek hezkuntzaz harago euskara gehiago eta hobeto ikasi nahiz erabil dezaten. Aisialdian eta kirolean euskarak leku nabarmen handiagoa izan dezan lortzea, hain zuzen.
  3. Ingurune digitalean euskarak leku gehiago izatea eta hizkuntza teknologien bidez euskaraz komunikatzeko aukera handiagoak lortzea. Ingurune digitalean, edukiak euskaraz sortu eta kontsumitzeko aukerak handitzea.
  4. Eremu sozioekonomiko publiko zein pribatuan euskaraz lan egiteko aukerak ugaritzea. Euskaraz ikasitako neska-mutil gazteek lan munduan euskara erabiltzen jarraitzeko aukeretan sakontzea.
  5. Euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzeko aukerak ugaritzea. Ingurune digitalean bezainbat, beste edonolako testuingurutan, euskarazko edukiak sortu eta zabaltzeko baliabideak ugaritu eta kontsumitzaileen aktibazioan eragitea izango da gako nagusiena.

Lankidetzaren bidez garatuko da 

Bost esparru hauetan eragiteko lanketarako egin den bezala, lankidetzaren bidetik garatuko dira egitasmoak. Bost jomuga nagusi horietan eskumena duten erakundeen arteko lankidetzan oinarrituko da. Erakunde publikoen arteko lankidetza, alde batetik, arlo bakoitzeko protagonista diren erakunde pribatu zein publikoen artekoa bestetik, eta, herritarrekikoa azkenik. Gainera, euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko helburuan tokian-tokian eta erakundez erakunde egokituko diren ekimenak zehaztu dira. Horrela, marko estrategiko honek 7 ardatz estrategiko eta 14 erronka jasotzen ditu eta horiek garatzeko 31 lan-ildo eta 86 ekimen zehaztu ditu. Hauexek dira zehaztutako 7 ardatz estrategikoak:

  • Gobernantza: zeharkakotasunean eta parte-hartze koordinatuan oinarrituta, euskara zerbitzuek edota euskalgintzak egingo duen jardunarekin batera, gizartearen esparru guztietatik eraldatu nahi da euskararen indarberritzea.
  • Jarrerak – Motibazioak: hiztun bakoitzak dituen motibazio iturrien gainean lan egingo da, baita horiek eraldatu edo indartzen ere.
  • Ezagutza – Gaitasuna: Euskararen ezagutzari erreparatzeaz gain, hiztunen komunikazio gaitasunean jarriko da arreta. Komunikazio egoera ezberdinetan euskara dagokion eran baliatzeko gaitasunaz eta horretarako hiztunak dituen behar soziolinguistiko zein komunikatiboetan jarriko da arreta.
  • Erabilera–Elkarreragina: Erabilera kontzeptua zabalduz, hiztunen arteko elkarreraginean gertatzen diren egoera komunikatiboei begira jarriz eragitea proposatzen da: euskara ulertu edota erabiltzeko baldintzak, elkarrekintza egoeretako hizkuntzen arteko joan-etorriak, hiztunen arteko botere harremanen zer-nolakoak, hizkuntza ohiturak...
  • Berrikuntza: Euskararen indarberritzean berrikuntza eginez gizarte osoarentzako onuragarri diren irtenbide berriak garatuko dira. Berrikuntza prozesuan baliatutako lankidetza ereduek, baliabideek eta sortutako galdera berriek eragingo dute irtenbide berrien sorkuntzan.
  • Ikerketa-Sistematizazioa: Euskararen bilakaeraren gaineko jarraipena egiteaz gain, “Aroa”-ren ardatzek dituzten jakintza beharrak elikatzea eta ezagutza berriaren gaineko ikerketa prozesuan nahiz amaieran sortu diren praktika on eta arrakastatsuak sistematizatzeko estrategia lantzea esan nahi du.
  • Komunikazioa-hedapena: Komunikazioaren barne dimentsioari (Norbanakoa, Eragile-taldea edo Komunitatea) arreta jartzeko ekimenak lantzeko ardatza da hau. Hedapenaren bidez, berriz, prozesuak eta emaitzak komunikatzeko estrategiak garatuko dira.

Zazpi ardatz estrategiko horietatik oinarrituta tokian tokiko eskumenak dituen erakundearen egitekoa izango da “Aroa”-ren ardatzetan egindako proposamenak bere funtzio zein ahalmenetara eraman eta zehaztea, eta baita horien jarraipena egitea ere. Aldian-aldian ebaluatu eta egokitu ahal izango da.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)