Gobernu Kontseiluak 73,4 milioi euro hezkuntza-arloko bi laguntza-deialditara bideratzea onartu du

Argitalpen-data: 

  • María Ubarretxena Gobernuko Bozeramaileak jakinarazi duenez, 72 milioi euro bideratuko dira seme-alaben unibertsitatez kanpoko hezkuntzari aurre egiteko familien gastuak ordaintzeko laguntzetara, eta 1,4 milioi ikastetxe itunduetara, irakasle liberatuen ordezkapenetan laguntzeko

María Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren Bozeramaileak ohiko prentsaurrekoa eskaini du gaur eguerdian, goizean egin den Gobernu Kontseiluan hartutako akordioen berri emateko.

Horrela, Ubarretxenak nabarmendu du onespena eman zaiela Hezkuntza arloko bi laguntzen deialdiei, 73,4 milio eurokoak. Horrela, alde batetik, Gobernu Kontseiluak onartu egin du 72 milioi euro bideratzea seme-alaben unibertsitatez kanpoko hezkuntzari aurre egiteko familien gastuak ordaintzeko laguntzentzat. Aurtengo deialdian lehengo urtekoan baino diru gehiago bideratuko da, 4 milioi euro gehiago, eta sarbide-atalaseanm aldaketak dakartza. María Ubarretxenaren hitzetan, ''hobeto egokitzen da Hezkuntza Premia Berezietako kasuetara eta, ondorioz, bekak jasoko dituzten familien kopuruak gora egingo du, baina beketarako sarbidea bermatuta dago baldintzak betetzen dituzten familia guztientzat''.

Eta, gainera, 1,4 milioi euroko dirulaguntza deialdi bat onartu da, itunpeko ikastetxeei IRALE programaren esparruan liberatutako irakasleak ordezkatzen laguntzeko, hau da, euskarazko hizkuntza-gaikuntza ikasi edo hobetzeko denbora ematen duten irakasleak ordezkatu behar dituzten ikastetxeak laguntzeko.

GOBERNU KONTSEILUAK HARTUTAKO BESTE AKORDIO BATZUK

Bestalde, Bozerameileak jakinarazi du 1,2 milioi euroko dirulaguntza lerro bat onartu dutela Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailak proposatuta elikagaien kooperatibismoa  - Kooperatu  programa -  bultzatu eta sustatzeko. Programa hau Ekonomia, Lana eta Emplegu sailarekin batera bideratuko da. María Ubarretxena Bozeramailearen hitzetan, ''dirulaguntza hauek itzuli beharrik gabeko laguntzak izango dira eta, horiekin, lankidetza ekonomikoa sustatu nahi da enpresa-taldeetan eta kooperatiben arteko akordioetan''.

Halaber, onespena eman zaio ia 400.000 eurotan handitzea Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzutik bazterkeria-egoeran edo arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko laguntza-programa esperimentalak finantzatzeko bideratuta dauden laguntzak. Kolektibo horien artean daude gaixotasun mentala duten pertsonak, kualifikazio urriko gazteak edo babes-sistematik datozenak. Horrela, Ubarretxenak azpimarratu duenez, ''erabaki honekin, beste sei hilabetez finantzatu ahalko da ibilbide mistoen proiektu horien gauzatzea eta, horrela, bermatuko da onuradunek behar duten laguntza modu eraginkorrean jasotzen dutela''.

Segurtasunaren arloan, Eusko Jaurlaritzak onespena eman dio Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei edo koalizioei emandako dirulaguntzen bigarren ordainketari, ohiko funtzionamendu-gastuak finantzatzeko. 2024ko apirilaren 22tik abenduaren 31ra arteko aldiari dagokio, 3,1 milioi euro baino gehiagoko kopuruarekin. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen deialdia apirilaren 21ean egin zenez, partida bi alditan banatu zen, eta hau bigarrenari dagokio.

Azkenik, Ubarretxenak jakinarazi du Gobernu Kontseiluan izendapen eta kargugabetze berriak ere onartu dituztela.

 

PRENTSA-TXOSTENA

GAI-ZERRENDA

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)