Barakaldo, 2024ko maiatzaren 24a.- Gaur goizean, Bilboko Bizkaia Aretoan, prebentzio-zerbitzuetako osasun-langileentzako jardunaldia egin da, gaueko txandan lan egiten duten langileen bularreko minbizia zaintzeko.
Osalanek, Lan Medikuntzaren Euskal Elkarteak eta Bilboko Mediku Zientzien Akademiak antolatutako jardunaldian, bularreko minbizia da EAEko emakumeen minbizi ohikoena eta heriotza-tasa handiena duenari, eta, beraz, prebentzioa beharrezkoa denari erantzuten dio, bai lehen mailan, bai bigarren mailan, bai hirugarren mailan. Ildo horretan, jardunaldi honetan hiru prebentzio-maila horiei heldu zaie, eta patologia hori eragiten duten faktoreak aztertu dira, gaueko lan-txandarekin duten lotura berariaz jorratuz, baita diagnostikoaren ondoren lanera itzultzeaz ere.
Testuinguru horretan, Gaueko txandarekiko esposizioa duten emakumezko langileen bularreko minbizia zaintzeko jardunbide egokiaren gida aurkeztu da. Gida hori Osalanek egin du, eta prebentzio-zerbitzuetako osasun-langileei eta ginekologiako espezialistei zuzenduta dago, Euskal Autonomia Erkidegoko «Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programaren» esparruan.
Gaueko lanaren eta hainbat patologiaren arteko harremana aspalditik dago aztergai. Arreta gehien sortzen duen ondorioetako bat da lan-kondizio hori bularreko minbiziarekin lotzea, 2007an, Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak gaueko txandako lana gizakientzako «kantzerigenotzat» jo zuenean.
Sailkapen horren arrazoia da nahikoa ebidentzia dagoela argi-iluntasun ordutegiko alterazioak immunosupresioa, hantura kronikoa eta zelulen ugaritzea ekar ditzakeela.
Gida honen helburua da, beraz, gaueko txandan lan egiten duten emakumeen osasunaren zaintzaren esparruan mamografiaren erabilerari buruz dagoen ebidentziarik onenean oinarritutako gomendioak ematea eta esposizio horri buruzko informazioa izateak duen garrantzia, emakume horien artean bularreko minbizia garatzeko arriskuaren banakako ebaluazioa errazteko.
Lourdes Íscar Osalaneko zuzendari nagusiak aurkeztutako jardunaldian honako hauek hartu dute parte: Patricia Cobos Baena, Gurutzetako Ospitaleko Bularreko Patologiako Atalekoa; Marianna Affinito, ITP Aeroko Laneko Medikua; Begoña Martínez Jarreta, Zaragozako Unibertsitatekoa; María Jesús Terradillos, INSSTkoa; eta Aitor Gisasola, Osalaneko Lan Osasuneko Unitateko arduraduna.