Tolosaldea eskualdeko alkateen eskaerari erantzunez, Osasun Sailak gogorarazi nahi du, antzeko eskaera baten aurrean, joan den abenduaren 11n bilera bat egin zela ordezkariekin. Bilera horretan azaldu zen ospitale moderno eta irisgarri bat eraikitzeko Sailaren apustua irmoa dela, eta Tolosako Udalari dagokiola hirigintza-izapideak egitea Jaurlaritzak kokapen bat izan dezan Osakidetzak proiektuaren eta eraikuntza-lanen lizitazioa egiteko.
Osasun Sailak Tolosaldeko alkateei gogorarazi nahi die Tolosalderako ospitale publiko berri baten eraikuntza, egungo Eusko Jaurlaritzaren programan jasotako konpromisoa izateaz gain, aspaldiko eskari bat dela ingurune horretako udalen aldetik, baita gizarte-erakundeen eta alderdi politikoen aldetik ere.
Eskualdearen egoeraren eta asistentzia-beharren diagnostikoan ikusten den kointzidentzia horrekin bat etorriz, Osasun Sailak proiektua definitzeko plan funtzionala egin zuen: eskualdeko ospitale bat, ohez hornitua.
Hortik aurrera, Osasun Saila Tolosako Udalarekin harremanetan jarri zen eta beharrezko izapideak egin zituen orube bat eskuratzeko, bertan altxa zedin eraikin berria. Aurreko korporazioak hirigintza-izapideak hasi zituen, lurrak Osasun Sailari lagatzeko. Osakidetzako teknikarien iritziz lur horiek egokiak dira ospitalea kokatzeko.
Gainera, abenduan alkateekin izandako bilera horretan, berariaz interpelatu zitzaien proiektuari babesa emateri buruz, eta ez zuten inolako aurkakotasunik agertu.
Eskualdeko alkateen jarrera erabat aldatu dela dirudi Osasun Sailak ezagutzen ez dituen arrazoiengatik, eta orain zentro pribatu bat publiko bihurtzea aurreikusten dute, horrek dituen legezko ondorioekin.
Bestalde, argitu behar da, argitaratu denaren kontra, Osasun Sailak Asuncion ospitalearen jabearekin duen kontratu-harremana 2026. urtera arte dagoela indarrean, eta, beraz, ospitaleetako osasun-asistentzia mantendu egiten dela eskualdean, bai eta emandako jardueraren zaintza eta kontrola ere, sareko gainerako eremuetako kalitate-estandar berak bermatzeko.
Hori dela eta, Osasun Sailak Tolosako Udalari eskatu dio ospitale berri bat eraikitzeko behar diren lurrak lagatzeko asmorik duen ala ez erabakitzeko.
Eskualdean eskaintzen den Lehen Mailako Arretari buruzko aipamenari dagokionez, euskualde honetan Familia Medikuntzan espezialista eskasia dago, osasun-sare GUZTIEK pairatzen duten profesionalen eskasia, hain zuzen. Tolosaldeko alkateek badakite hori, abenduan izandako bileran hala adierazi zelako, eta jakin badakitelako horrek zaildu egiten duela Osakidetzak eskaintzen dituen plaza guztiak betetzea, Familia eta Komunitate Medikuntzako plaza bakar bat ere ez dela amortizatu dakiten bezala. Era berean, jakitun dira Osakidetza sareko plaza guztiak betetzen saiatzeko ahalegin guztiak egiten ari dela eta baita Osakidetza osoak sarean egiten duen lanari esker, eskualdeko osasun-laguntza erkidegoko gainerako lurraldeetako kalitate-estandar berberekin bermatuta dagoela.
Tolosaldeko alkateek informazio hori guztia dute, eta beraiei dagokie beren jarrera zehaztea eta Tolosan ospitale publiko berri bat eraikitzea ahalbidetzen duten ala ez erabakitzea. Osasun Sailak ez du horri buruzko jarrera-aldaketarik egin.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)