Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mendeko lan kontratudun irakasleentzako eta hezkuntza-langileentzako akordioaren sinadura

Argitalpen-data: 

Hiru urteko negoziazioaren ondoren, elkarrizketak emaitzak izan ditu eta Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen gehiengoaren arteko akordioa sinatu da. Horrek hezkuntza inklusibo eta kalitatezkoan aurrera egiten lagunduko du.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak abenduaren 11n bidali zien mahai sektorialeko ordezkari sindikal guztiei Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko lan-legepeko irakasle eta hezitzaileentzako II. Hitzarmena sinatzeko deialdia. Administrazioaren ordezkarien eta langileen ordezkarien arteko elkarrizketa serio eta arduratsua hiru urte baino gehiagoz egin da mahai tekniko eta negoziatzaileen bilera ugaritan, eta horren ondorioz, hitzarmen honen eraginpeko kolektibo profesionalei eta euskal hezkuntza-sisteman esku-hartze inklusiboak hobetzeari mesede egiten dien akordio bat sinatu da. Ildo horretan, Hezkuntza Sailak uste du akordioa "ona dela sektoreko profesionalentzat eta ikasleentzat, eta, ondorioz, "ona dela sistemarentzat ere", aukera ematen baitu ikastetxeetan esku-hartze inklusiboen kalitatea hobetzen jarraitzeko eta hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateko.

Sektoreko I. Hitzarmen Kolektiboa sinatu zenetik 20 urte igaro dira

Lehenengo hitzarmen kolektiboa 2004an sinatu zen. Gerora, 2018an, zenbait hobekuntza-neurri adostu ziren, baina gaur, 2024an, erabat berritu da hitzarmen bat, helburu hauek dituena: alde batetik, ikasleen hezkuntza-premia berezien eta espezifikoen eremuan hezkuntza-irakaskuntzako lana osatzen duten pertsonen aitorpen profesionala eta bestetik, ikastetxeko pertsona guztien lankidetza-lana indartzea.

Akordio horrek lan-baldintzak hobetzea dakar lanbide-kategoria horrentzat, hainbat kategoria biltzen baititu eta 1.600 pertsonari eragiten baitie zuzenean. Profesional gehienak hezkuntza-laguntzako langile espazialisten kategorian sartzen dira, 1.200 profesionalez osatuta. Hitzarmenean alderdi garrantzitsuak adostu dira, hala nola urteko eta asteko lanaldia, kategoria bakoitzeko funtzioetarako ordu-dedikazioa, ordainsarien berrikuspena edo enpleguaren egonkortasuna. Era berean, akordioak jasotzen ditu, besteak beste, lizentziei eta baimenei buruzko neurriak, kontziliazioaren alde edo Zeinu-hizkuntzako unibertsitate-graduko titulazioa Interpreteen kategorian sartzearen alde, entzumen-zailtasunak dituzten ikasleentzat.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)