Eusko Jaurlaritzak tokiko operadoreei egiten dien ekarpenari eutsiko dio Euskadin garraio-hobariak bermatzeko

Argitalpen-data: 


      Susana_Garcia_Chueca.jpg
  • Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak, % 50eko deskontuen luzapena "oso albiste ona" dela adierazi du
  • Sailak Euskadiko Garraio Agintaritzaren ezohiko osoko bilkura deitu du datorren astelehenerako, deskontuak eta 12 urtetik beherakoentzako doakotasuna aztertzeko

    Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak gaur jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Garraio Agintaritzaren (EGA) ezohiko osoko bilkura deitu du abenduaren 23rako, astelehena, arratsaldean, garraioaren % 50eko hobarien luzapenaren xehetasunak aztertzeko eta foru aldundiei, udalei eta operadoreei Jaurlaritzak hobariak ezarri ahal izateko laguntza ekonomikoa ematen jarraitzeko duen asmoa helarazteko.

    Garcia Chuecak gogorarazi duenez, orain arte, Espainiako Gobernuak %30a finantzatu du, tokiko administrazioek gainerako %20a bere gain hartzearen baldintzapean. Euskadiren kasuan, %10a Eusko Jaurlaritzak eman du orain arte, eta gainerako %10a operadore bakoitzak. Ildo horretan, operadoreei laguntza ekonomiko hori ematen jarraitzeko asmoa berretsi du sailburuak, Euskal Autonomia Erkidegoan Espainiako Gobernuak atzo iragarritako deskontuen luzapena aktibatzea ahalbidetzeko. Guztira, 2022ko irailean deskontuak martxan jarri zirenetik, Eusko Jaurlaritzak 41,7 milioi euro bideratu ditu foru eta udal erakundeei laguntzeko.

    Euskadiko garraioen arduradun nagusiaren ustez, hobari horiek luzatzea "oso albiste ona" da. "Deskontuak mantentzea oso albiste ona da, beti uste izan baitut neurri positiboa dela herritarrentzako, garraio publikoa erabiltzera animatzeko; datuek argi adierazten dute zentzu horretan. Espainiako Gobernuaren erabakia txalotzen dut, eta Eusko Jaurlaritzak gainerako euskal operadoreak babestuko ditu, orain arte bezala, deskontuak mantentzeko. Horiei Euskotrenen 12 urterarteko doakotasuna gehitu behar zaie, datorren urtean ezarriko dugun neurria", adierazi du García Chuecak. Bi gai horiek astelehenean aztertuko dituzte erakundeek eta operadoreek EGAn.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)