- Osakidetzak bere asistentzia-jarduerari erantzuteko, osasun-prestazioa bermatzeko eta proiektu estrategiko berriak garatzeko dituen premien ondorioz gehituko dira 1.431 lanpostu horiek
Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak eskatuta, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Osakidetzaren plantilla estrukturala 1.431 lanposturekin handitzea. Euskal Osasun Zerbitzuaren egitura 32.442 profesionalek osatuko dute. Batetik, aldi baterako 1.208 plaza lanpostu estruktural bihurtuko dira, eta, bestetik 223 plaza berri sortuko dira, Zuzendaritza Nagusiak eta Farmabide programak bultzatutako proiektuei erantzun dakien. Farmabide Programa, hain zuzen, Euskadiko adinekoen egoitzei farmazia-zerbitzuak egiteko zerbitzu berria da.
Osakidetzaren plantilla estrukturala handitzeak berarekin dakar Euskal Osasun Zerbitzuan lanpostuak sortzea eta egiturazko plantillako talde profesionaletan ezarrita dagoen gehieneko langile kopurua aldatzea.
Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak modu positiboan baloratu du Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen plantilla estrukturalaren handitzea, aurrera egiten baita behin-behinekotasuna murrizteko bidean eta apustua argia baita euskal osasunaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko erabakigarriak diren arloak gehitzearen alde.
Plantilla estrukturala handitzea
Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen proposamenak plantilla estrukturalaren birdimentsionamenduari heltzen dio, hiru jardun-eremutan oinarrituta:
Lehenik, Osakidetzak bere zerbitzu-erakundeek planteatutako premiak baloratu ditu, eta lehentasunak ezarri ditu. Horri jarraikiz, bi helburu hauek ezarri ditu: aldi baterako enplegua egonkortzea, sektore publikoko aldi baterako lan-indizeari dagokionez ezarritako helburuak bete daitezen; eta eremu, zerbitzu, unitate eta asistentzia-zerbitzu berriak irekitzea eta zabaltzea, hala nola terapia aurreratuen programa, unitate kirurgikoetan arreta partekatua eskaintzeko proiektua, balioan oinarritutako asistentzia-programa korporatiboa, paziente aktiboaren programa, haur eta gazteen osasun mentalari arreta emateko Haurrentzat programa edo errehabilitazio neuropsikologikoko proiektua.
Hori guztia kontuan hartuta, behar-beharrezkotzat jo da 1.208 lanpostutan handitzea Osakidetzako plantilla estrukturala.
Bigarrenik, Osasun Sailak lehentasuna eman dio Zuzendaritza Nagusiaren eta Farmabide proiektuaren esparruan 223 lanpostu estruktural sortzeari. Lanpostu horiek zuzenduko dira egungo osasun-proiektuei eta Osakidetzak epe labur eta ertainean euskal gizarte osoarentzat aurreikusitako proiektuei eraginkortasunez erantzutera. Zuzendaritza Nagusiko lanpostu berriak Proiektuen Kudeaketarako Unitatean eta osasun, ekonomia eta finantza eta giza baliabideen dibisioetan kokatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko osasunaren erronka berriei aurre egin diezaieten, Osakidetzaren helburu estrategikoekin bat.
Azkenik, kontuan hartu da Osasun Sailak sustatutako Farmabide Programaren beharrei erantzuteko plantilla handitu behar dela. Programa hori Euskal Autonomia Erkidegoan dauden adinekoentzako egoitzetako farmazia-zerbitzuei eta sendagai-biltegiei buruzkoa da, eta programaren helburu nagusia da segurtasuna hobetzea eta egoitzetan bizi diren pertsonei arreta mediko eta farmazeutiko integrala, koordinatua eta kalitatezkoa eskaintzea.
Osakidetzako enplegu publikorako eskaintzak
Gaur onartu den Osakidetzaren plantilla estrukturalaren handitzearekin osatzen da Osakidetzan abian diren enplegu publikorako bi eskaintzetako lanpostu-eskaintza.
2018-19ko enplegu publikorako eskaintza destinoak esleitzeko eta lanpostuez jabetzeko fasean dago. Guztira 3.535 lanpostu eskaini ditu, 82 lanbide-kategoriatan banatuta.
2020-21-22-Egonkortzea enplegu publikorako eskaintzak, guztira, 7.639 lanpostu gehituko ditu urte-amaiera baino lehen, eta horrek Osakidetzaren behin-behinekotasun tasa Europako estandarrarekin bat etortzea erraztuko du.
Osakidetzaren Enplegu Publikorako Eskaintzak enplegua finkatzearen eta plantilla handitzearen aldeko apustu argia dira, eta ahalegin berezia dira Osakidetzako langileei lan-egonkortasun handiagoa eskaintzeko. Izan ere, erronka nagusi horiek jasota daude Osasun Sailaren 2020-2024 Esparru Estrategikoan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)