- 2024/25 ikasturtean A1 eta C1 komunikagaitasun-maila eskuratzeko ikastaroan matrikulatuz gero doakoa izango da
- Neurri hauen helburua da herritarrak euskarara hurbiltzeko erraztasunak jartzea hizkuntzaren erabilera jauzia emateko
Eusko Jaurlaritzak urrats berri bat eman du euskara ikasteko doakotasuna indartzen jarraitzeko, hartutako konpromisoei erantzunez. Atzoko Gobernu Kontseiluak A1 mailari dagokion komunikagaitasuna eskuratzeko ikastaroa doan izateko erabakia hartu zuen. Honez gain iaz martxan jarritako neurria ere berretsi egin zuen Gobernu Batzordeak, hau da, datorren ikasturtean 16-18 urte bitarteko gazteen C1 euskarazko komunikagaitasuna sendotzeko ikastaroa doan jartzea. Guztira 3,9 milioiko dirulaguntzak onartu ditu (A1: 1.700.000 euro eta C1: 2.200.000 euro). Neurri honi esker eta arestian hartutakoekin euskarara hurbiltzeko erraztasunak jartzen zaizkio euskal gizarteari, euskararen erabilera sustatzea baita azken helburua.
A1 komunikagaitasuna doan
Gaur egun, euskaltegietako ikasleen % 10 inguru etorkinak dira eta % 12 beste autonomia erkidegoetakotatik etorritakoak. Talde horietako ikasleak pixkanaka gero eta gehiago dira. Euskara herritar-talde hauei eta oraindik euskarara gerturatu ez direnei hurbiltzeko asmoz, 2024/25 ikasturtean A1 komunikgaitasun-maila eskuratzeko ikastaroa doakoa izateko bidea jorratzea erabaki zuen Gobernu Kontseiluak. Matrikula merke bat besterik ez du ordaindu beharko eta A1 maila lortuz gero, kopuru hori berreskuratu egingo da.
C1 komunikagaitasuna doan 16-18 urteko gazteetzat
Iaz jarri zen martxan lan-lerro hau eta 2024/25 ikasturtean ere onartu egin zuen Gobernu Kontseiluak. Neurri honen bidez lortu nahi dena da derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaieran dauden gazteek beraien euskarazko komunikazioaren ezagutza maila handitzea eta sendotzea goi-mailako prestakuntza profesionala edo unibertsitatekoa hasteko edo lan merkatuan euskarazko komunikazio maila egokiarekin sartzeko. Behin matrikula merkea ordainduta, ikastaro hauek doakoak izango dira. C1 komunikagaitasun-maila egiaztatzen badute, bueltatuko zaie ordaindu duten matrikula. Esan bezala, 16-18 urtera bitartean dituztenak jaso ahal izango dituzte dirulaguntza hauek (2024 urtean: 2006, 2007 eta 2008 urteetan jaiotakoek; 2025 urtean: 2007,2008 eta 2009 urteetan jaiotakoek).
Baldintzak eta jakin beharrekoak:
- Matrikulatu egin behar da. 2024/25 ikasturtean HABEko erregistroan inskribatutako euskaltegi edo autoikaskuntza zentro homologatu baten matrikulatuta egon beharko da.
- Asistentzia minimo bat bete beharko da. Ikastaroan emandako orduen %75 bete beharko dira.
- Dirulaguntza ikasturte osoan zehar eskatu daitezke. Kontuan izan behar da funtsak mugatuak direla. Agortuko balira, une horretan bertan amaituko litzateke eskaerak egiteko epea. (1,7 milioi A1erako eta 2,2 milioi C1erako).
- Dirulaguntza jasoko dituztenen zerrenda. HABEK ebazpenen bitartez jakinaraziko ditu dirulaguntza jasoko dutenen zerrenda.
- Dirulaguntza bakarra. Ez zaie dirulaguntza esleituko aldez aurretik A1 mailako dirulaguntza lerroren baten parte hartu duen ikasleei eta ikasle bakoitzari ikastaro bakarra ordainduko dio.
Dirulaguntza hauek indarrean sartuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera
Konpromisoa: euskarazko ikastaroen doakotasuna
Hartutako erabakiei esker, 2024/25 ikasturtean euskara ikastea doakoa izango da kasu hauetan:
- A1 mailari dagokion komunikagaitasun-maila doan, soilik matrikula merkeago bat ordainduta.
- C1 maila: 16-18 urte bitarteko gazteen euskarazko komunikagaitasuna handitzeko eta azterketa prestatzeko ikastaroa doan (soilik matrikula merkeago bat ordainduta).
Gainerako mailetako euskaltegietako ikasleek aukera izango dute orain arteko matrikularen doakotasunerako dirulaguntza-lerroetan parte hartzeko:
- A2, B1 eta B2 mailetan, betiere maila euskaltegietan lortzen badu edo azterketa batean egiaztatzen badu. (Ikasleak ohiko matrikula eta ikastaroa ordaintzen du hasieran eta euskaltegiko ebaluazioa gaindituz gero edota egiaztatze-azterketa, ordaindutakoa bueltatu egiten zaio ikastaroaren amaieran.)
- C1 maila 16 eta 30 urte bitartekoen kasuan, betiere maila egiaztatzen bada (Ikasleak ohiko matrikula eta ikastaroaren prezioa ordaintzen du hasieran eta egiaztatze-azterketa gaindituz gero, dirua bueltatu egiten da ikastaroaren amaieran.)
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)