Eusko Jaurlaritzak aurrera egiten jarraitzen du euskararen ofizialtasunean Europar Batasunean

Argitalpen-data: 

  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lanean jarraitzen dute EBko Kontseiluak euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasunerako EBko hizkuntz -erregelamendua aldatzeari dagokionez egindako aurrerapenen jarraipena egiteko, eta hainbat bilera egiten dituzte Europako eragileekin
  • Euskararen egungo egoerari buruzko txosten bat bidali da, bai eta Euskalterm euskararen terminologia bankua Europako IATE bankuarekin lotzeko eskaera formal bat ere

Eusko Jaurlaritzak euskararen ofizialtasunaren aldeko urratsak egiten jarraitzen du Europar Batasunean. EBko Kontseiluaren bilakaeraren eta ekimenen osagarri gisa, eta hainbat hilabetez bilerak egin ondoren –2022an Irlandako gaelikoaren ofizialtasunerako erabili ziren aurrebaldintzak oinarri hartuta–, Eusko Jaurlaritzak euskararen egungo egoerari buruzko txosten bat igorri du, bai eta eskaera formal bat ere, Europar Batasunak IATE (Europarako Terminologia Interaktiboa) Euskalterm euskararen datu terminologikoen bankuarekin lotu dezan.

Bi izapide horiekin batera, eskutitz bana bidali zaie Espainiako gobernuko hainbat agintariri eta Europako erakundeei, Europan ofizialtasun eraginkorrak eskatzen dituen konpromisoei aurre egiteko euskarak gaur egun duen sendotasunari buruzko txosten zehatzarekin. Informazio hori Olatz Garamendi jarduneko Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Bingen Zupiria jarduneko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak igorri dute.

Joan den maiatzaren 10ean bidali zen IATEn Euskalterm lotzeko eskaera formala jasotzen zuen lehenengo gutuna. Tresna horretan euskara sartzeak Europan euskara termino ofizialetan erabiltzea ahalbidetuko du. Euskararen datu terminologikoen bankuak 145 hiztegi, 130.200 fitxa terminologiko eta 495.000 termino baino gehiago eskaintzen ditu, euskarazko terminoak eta horien baliokideak gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez batuta. Era berean, 60.000 kontsulta jasotzen ditu hilean, batez beste.

Bestalde, gaur bertan, euskararen egungo egoerari buruzko txosten bat bidali da, Euskal Autonomia Erkidegoan euskara Europan ofiziala izateko azpiegiturak badirala, baita gaitasuna ere, eta baldintzak zein eskakizunak ere betetzen direla arrazoituz.

Jarduera horiek EBko Ministroen Kontseiluaren esparruan iaztik egiten ari diren urratsen eta EBko erakundeetan euskararen, katalanaren eta galizieraren erabilerari buruz 2005ean lortutako akordioen barruan kokatzen dira. Europar Batasuneko hizkuntza araubidea aldatzeko eskaera 2023ko irailean egin zuen Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioak, eta Europako Batzordeak kostuak baloratzeko lehen txostena egin zuen. Horrez gain, egindako argudio eta etapak biltzen dituen memorandum bat aurkeztu zuen EBko Kontseiluan, eta dosierrak aurrera jarraitzen du, baina ez du onarpen datarik.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak batera egindako izapide horiek urrats berriak dira euskal erakundeek Europar Batasunean euskararen ofizialtasunean jarraitu beharreko ibilbidean. Eusko Jaurlaritzaren ustez, euskararen aitortzak Europar Batasunaren etorkizunerako bidea markatuko luke, non aniztasuna nortasun ikur izan behar den. Ildo horretan, lanean jarraituko du euskararen ofizialtasuna errealitate izan dadin ekainaren 9ko hauteskundeen ondoren osatuko den Europako Parlamentu berrian.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)