Eusko Jaurlaritzak Arkauteko lotunea eraikitzeko agindua sinatu du Espainiako Gobernuarekin

Argitalpen-data: 

  • Gaur sinatutako hitzarmenarekin, Euskal Trenbide Sareak abiadura handiko trena eraikitzeko hiru lurralde historikoetako obra eta proiektuetan parte hartuko du lehen aldiz 2025ean
  • Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak nabarmendu du azpiegituraren puntu “estrategikoa” dela eta bere gain hartzeak Eusko Jaurlaritzaren gaitasun tekniko eta finantzarioa eta Euskal Y-arekin duen konpromisoa erakusten dituela

Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak eta ADIFeko presidente Pedro Marcok —Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko Estatu idazkari Jose Antonio Santano bertan zen— hitzarmena sinatu dute gaur. Hitzarmen horren bidez, Estatuko administrazioak Eusko Jaurlaritzari agintzen dio Arkauteko lotuneko —Euskal Y-an zehar trenak banatzeko erabiliko den Gasteiz inguruko puntua— eraikuntza-proiektua idazteko eta obrak egiteko.

Sailburuak nabarmendu duenez, “Euskal Y-aren puntu estrategiko bat da —10,7 kilometrotan zehar eta biaduktuen bidez abiadura handiko zein ohiko trenbideak antolatuko dituena—, trenbide trazatu ezberdinei soluzioa emanez”. Sailburuak aitortu duenez “asko kostatu zaigu honaino iristea”, baina Euskal Y-an aurrera egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko administrazioek elkarrekin egindako lanari balioa eman dio, “funtsezkoa baita Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrerapen ekonomiko eta sozialerako”.  

Gaurko sinadurarekin amaitzen da azpiegitura eraikitzeko administrazio-prozesua, eta atea irekitzen da Eusko Jaurlaritzak, era berean, Euskal Trenbide Sarea bere erakunde publikoaren esku utz dezan eraikuntza-proiektuaren lizitazioa, proiektua idatzi, onartu eta, ondoren, lanak lizitatzeko.

Hala, Eusko Jaurlaritzak, hiru lurralde historikoetan, abiadura handiko trenaren lanetan parte hartuko du 2025ean. Mugikortasun Jasangarriaren sailburuaren iritziz, “oso urrats esanguratsua da, eta Araban egingo diren abiadura handiko trenbidearen lehen obretan zuzenean parte hartzeko aukera ematen digu”.

2024ra arte, ETSren lanak Gipuzkoako adarrean zentratu dira; bertako plataforma otsailetik dago amaituta —Donostiako Atotxako geltokia eta Astigarragan etorkizunean egingo den aldiriko geltokirako lotura bat besterik ez dira falta—.Bizkaian, ETS Basauritik Bilboko erdigunera abiadura handiko trena sartzeko 6 kilometroko tunela eraikitzeko proiektua idazteko prozesuan dabil murgilduta. “Gaitasun profesional eta tekniko handia izan behar da hainbeste arlotan aritzeko. Eta, gainera, finantza-giharra eduki behar da proiektu batzuk garatu ahal izateko —kasu batzuetan jada ez dira kupotik deskontatzen eta Euskal Autonomia Erkidegoak inbertsioa aurreratu behar du—. Apaltasunez uste dut horrek, besteak beste, agerian uzten duela gure erkidegoak Euskal Y-arekin duen konpromiso handia", nabarmendu du sailburuak.

Arkauteko lotunea 10,7 kilometroko azpiegitura da, eta 146,33 milioi euroko aurrekontua izango du —3,25 milioi eraikuntza-proiektua idazteko, 130,07 milioi obrak egiteko eta 13,01 milioi obren zuzendaritza fakultatiborako—.Kasu horretan, Abandoko tunela kudeatzeko aginduan bezala, hilero aurkeztuko diren obra-ziurtagirien bidez ordainduko da; ziurtagiri horiek ETSk Adifi bidaliko dizkio, honek ordain ditzan, kupoaren bidez deskontua egiteko mekanismora jo gabe.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)