- Haizetea Kirk urakanak eragindako borraska sakon baten ondorio izango da
- Hegoaldeko eta hego-mendebaldeko haize-boladek 120 km/h-ko abiadura aise gaindituko dute mendiko haizeguneetan, bereziki Araba eta Bizkaia mendebaldean, eta 100 km/h-ko abiadura haizeguneak ez diren tokietan, bereziki bi lurraldeetako mendebaldeko eremuetan
Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du haizeagatik asteazkenerako, urriaren 9rako, 15:00etatik 20:00etara bitartean. Haize-boladek 120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete Euskadi mendebaldeko mendietako haizeguneetan, eta 100 km/h-ko abiadura Bizkaiko eta Arabako haizeguneak ez diren tokietan, batez ere bi lurraldeen mendebaldean. Haizetea dirudienez Kantauri iparraldetik igaroko den borraska sakon batek eragingo du. Borraska horren jatorria Kirk urakanaren hondarrak dira, ahulduta Penintsularen ipar-mendebaldera hurbiltzen ari baita.
Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, depresio hori Euskadira urakan moduan iritsiko ez bada ere, hegoaldeko eta hego-mendebaldeko haize zakarra eragingo du, batez ere asteazkenean.
Berez, bihar, asteartea, arratsaldetik aurrera, hegoaldeko eta hego-mendebaldeko haizea indartzen joango da, eta bereziki EAE mendebaldeko mendialdeei eragingo die. Hala ere, hegoaldeko eta hego-mendebaldeko haizeak asteazkenean izango du indarrik handiena. Borraska igarotzen denean, iragarpenen arabera arratsaldeko azken orduetan, haizeak ipar-mendebaldera egingo du.
Asteazkeneko azken orduetan, haizearen indarrak eragin negatiboa izango du itsasoaren egoeran.
BIZTANLERIARENTZAKO GOMENDIOAK
- Asteazken arratsaldean, urriaren 9an, ahal dela ez bidaiatu errepidez, eta, batez ere, saihestu basoak edo landaretza handiko eremuak.
- Egun horretan ez joan mendira.
- Urrundu erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen ondoan.
- Ondo itxi eta segurtatu ateak, leihoak eta toldoak.
- Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak.
UDALENTZAKO GOMENDIOAK
- Erreparatu ondo udalerrian jarrita dauden aldamio, garabi eta obrako beste elementuei, denak ondo tinkatuta daudela ziurtatzeko.
- Ondo tinkatu hiri-altzariak, zabor-ontziak edo istripua eragin dezakeen beste edozer gauza.
- Erreparatu instalazio ez egonkor, eramangarri edo desmuntagarriei (adibidez, karpak), eta ondo tinkatu.
- Gomendatzen da iragarpenen eta abisuen eguneratzeak Euskalmeten web-orriaren (euskalmet.euskadi.eus) eta X kontuaren (@Euskalmet) bidez jarraitzea.
Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)