Eusko Jaurlaritzak 1.000.000 eurora igo du Ertzaintza euskalduntzeko inbertsioa (Gobernu Bilera 2024-07-16)

Argitalpen-data: 


      logoconsejo.jpg
  • 2024rako aurreikusitako aurrekontuko partida handitu da, lanorduetatik kanpo euskara doan ikasteko agenteen eskaera handiari erantzuteko
  • Gainera, HABErekin duen akordioa luzatuko da, euskara-ikastaroak beste urtebetez, 2025era arte, mantentzeko

Gobernu Kontseiluak gaur goizean erabaki du Ertzaintzako agenteek euskalduntzeko ikastaroetan lanorduetatik kanpo eta doan parte hartu ahal izan izateko Segurtasun Sailak eta HABE – Helduen alfabetatze eta berreuskalduntzerako erakundeak ezarritako akordioa denboran eta aurrekontuan zabaltzea. 2024-2025 ikasturterako inbertsioa 1.000.000 eurokoa izango da.

Indarrean dagoen akordioa 2022ko irailaren 22an izenpetu zuten, eta hasierako 600.000 euroko aurrekontua aurreikusten zuen 2022-2023 ikasturterako, eta gero ikusi zen ez zela nahikoa eskaeren hasierako aurreikuspenak nabarmen gora egin zuenez. Hori dela eta, 2023an, ikasturte horretarako izendatutako kreditua 850.000 eurora arte igo zen, eta, gainera, akordioa luzatzeko erabakia hartu zen ikastaroak beste urtebetez (2023-2024) mantentzeko, 850.000 euroko zenbateko berarekin. 

Orain, berriz ere, Ertzaintzako langileek euskara-ikastaro horietan parte hartzeko interesa mantentzen denez, 2024rako izendatutako kreditua berriz ere ez da nahikoa izango aurkeztu diren eskaerei aurre egiteko.  Hori dela eta, Jaurlaritzak onartu du 150.000 euroan gehitzea 2023-2024 ikasturterako aurrekontua, eta, horrela. 1.000.000 euroko inbertsioa egingo du Ertzaintzako agenteak euskalduntzeko. Gainera, 2024-2025 ikasturtean ere mantendu egingo du (550.000 euro 2024ko ekitaldirako eta 450.000 euro 2025erako). 

Elkarlanean 2017tik

HABE erakundea eta Segurtasun Saila 2017tik ari dira elkarlanean, urte horretan ezarri baitzen urtero berritzen joan den lehenengo hitzarmena. Akordioak HABEren kargu uzten du Ertzaintzako langileentzat aurrez aurreko nahiz autoikaskuntza modalitateko ikastaroak antolatzeko jarduera materialen, teknikoen eta zerbitzuzkoen kudeaketa.

Ekimen horrek errolda euskalduntzeko bidean aurrera jarraitzeko aukera ematen dio Ertzaintzari, horixe izanik Segurtasun Sailaren lehentasunezko helburuetako bat herritarrei zerbitzu hobea eman ahal izango dien polizia-erakundea sendotzeko, agenteek herritarrekin harremana euskaraz izateko gero eta eskaera handiagoari erantzunez.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)