Euskampus Fundazioarentzako laguntza LTC-SAREA INNOVA ikerketa eta berrikuntza ekimena bultzatzeko (Gobernu Bilera 2024-07-16)

Argitalpen-data: 


      logoconsejo.jpg

Gobernu Kontseiluak, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren proposamenez, 235.000 euroko laguntza onartu dio gaur Euskampus Fundazioari, Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategien (LTC) sarea sustatzeko, LTC SAREA INNOVA izeneko ekimen berri eta berritzaile baten bidez.

Euskampus Fundazioa 2011n sortu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizartea, ekonomia eta kultura eraldatzeko prozesuan bultzatzaile gisa jarduten du, nazioarteko garrantzia duen prestakuntza-, ikerketa-, transferentzia- eta berrikuntza-polo bat eratuz eta nazioarteko dimentsioa duen campus akademiko bat sendotuz.

LTCak bikaintasun-ikerketaren nazioartekotze-ekimenak dira, eta ikerketatik berrikuntza sustatzen dute, hormarik gabeko laborategiak izanik. Horiek ikerketa-proiektu komun baten eta dauden baliabideen (giza baliabideak, taldeak, funtzionamendu-kostuak) trukearen inguruan definitzen dira. Bi ikertzaile nagusik koordinatzen dituzte, bata Euskadikoa eta bestea Bordelekoa, eta hainbat zentrotatik etor daitezkeen tokiko taldeak biltzen dituzte, betiere baterako ikerketa-proiektuari laguntzen badiote.

Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategien (LTC) sarea esponentzialki zabaltzen joan da azken 3 urteetan. Are gehiago, esparru askotan heldutasun- eta sendotze-egoera lortu du nazioarteko bikaintasun-zientziari dagokionez. Horregatik, laborategi horiekin lortutako esperientziaren ondoren, LTC SAREA INNOVA izeneko ekimen berri bat bultzatuko da, honako helburu hauek lortzeko:

1.- Ikerketa- eta berrikuntza-laborategiak lurraldearekin konektatzea, gauzatutako ekintzen eragina maximizatzeko.

2.- Azterketa-ekintzen garapena ahalbidetzea, LTC Sarea bere osotasunean zein LTC bakoitza, bereziki, birfokatze estrategikorako oinarri izan daitezen.

3.- Ezagutzaren transferentziaren eta berrikuntzaren arloko aholkularitza egokitzea.

4.- Talentua erakartzea eta atxikitzea.

5.- ENLIGHT Thematic Networksetan (ETN) sarea aktibatzea.

Euskampusek abian jarritako jarduera berri hori funtsezkoa izango da Euskadiko laborategi berezi eta bakarrak diren LTCak indartzeko. Laborategi horiek gure ikerketaren bikaintasunerako eta nazioartekotzerako lankidetza-gune bat artikulatzen laguntzen ari dira, eta, bereziki, Euskadi-Nafarroa-Akitania euroeskualdean ikerketa- eta berrikuntza-lankidetza bultzatzen, hori baita zuzeneko laguntza hau ematea oinarritzen den gizarte-intereseko arrazoia.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)