Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 415/2024 Epaiaren betearazpenari buruzko informazioa, Osakidetzaren EPEan emandako zerbitzuen balorazioari dagokionez.

Argitalpen-data: 

Osakidetzak, 2022ko azaroan, enplegu publikoaren eskaintzen bi deialdi egin zituen prozesu bakar batean: aldi baterako enplegua egonkortzeko enplegu publikoaren eskaintza eta 20-21-22ko enplegu publikoaren eskaintza. Bi deialdietan berdin puntuatu ziren emandako zerbitzuak.

Prozesu hori SATSEk errekurritu zuen, eta, 2024ko urriaren 7an, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako 415/2024 Epaia jakinarazi zitzaion Osakidetzari. Epai horretan, berretsi egin zen instantziako epaiaren epaia, eta, EPE arruntaren 2020/2021/2022 prozesuari dagokionez, honako hau ezarri zen: «berdin puntuatu dadila Osakidetzako, Gizarte Segurantzako edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan emandako zerbitzuen merezimendua, bai eta edozein administrazio publikotan eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan emandakoena ere, txanda librean zein barne-sustapenekoan, eta behar bezala jardun dezala hura benetan betetzeko. ».

Epai hori betetzeko, Osakidetzak nahitaez aldatu behar du 200/2021/222 enplegu publikoaren eskaintzan emandako zerbitzuen balorazioa, eta, beraz, bi prozesuak bereizi behar ditu, arrazoi hauengatik: batetik, egonkortzeko lan-eskaintza publikoa 2024ko abenduaren 31 baino lehen ebatzi behar da, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legea betez; eta, bestetik, emandako zerbitzuen puntuazioa desberdin aplikatzeak berekin dakar bi lan-eskaintza publikoetan zerrenda desberdinak egitea, hautagaien ordena desberdinarekin, prozesu batean eta bestean emandako puntuazioaren arabera.

Horrek guztiak berekin dakar oinarri orokorrak aldatzea, eta banatzea EPE bakoitzean eskaintzen den plaza kopurua, hautaketa-sistema, txanda eta ebazpen-prozedura, bai eta deitutako kategoria guztien oinarri espezifikoak aldatzea ere.

Azken batean, aipatutako epaia betez, Osakidetzak bi fasetan bereizi behar ditu deialdien ebazpenak:

1. fasea: egonkortzeko EPE, 3.723 plaza hartzen dituena. 1.560 plaza lehiaketa bidez eta 2.163 lanpostu lehiaketa-oposizio bidez.

2. fasea. 2020/2021/2022 EPE arrunta, guztira 3.919 lanposturekin. 3.723 plaza txanda irekian eta 196 barne-sustapeneko txandan. Fase honetan aldatuko da emandako zerbitzuen balorazioa

Behin 1. fasea ebatzita (egonkortzeko lan-eskaintza publikoa) eta destinoen esleipendunen behin betiko zerrenda argitaratuta (2024/12/31 baino lehen), 2. fasearen ebazpena hasiko da (2020/2021/2022 EPE).

Egonkortzeko EPE prozesuko destino-esleipendunen behin betiko zerrendan dauden pertsonek, beraien izendapen-ebazpenak EHAAn argitaratu aurretik, 2020/2021/2022 EPEko izangaien behin-behineko zerrendari eta destino-aukeraketari buruzko informazioa izango dute.