- Fede katolikoa indarra galtzen ari da, eta beste erlijio batzuk zertxobait gora egin dute, nahiz eta oraindik ere oso minoritarioak izaten jarraitzen duten
- “Europako demokrazietan errepikatzen den fenomenoa da, eta gure gizartearen aniztasuna islatzen du”
- Euskadiko erlijio-aniztasunaren errealitatea ezaugarritzeko, Ikuspegik Zabaldu # 2 monografikoa egin du, ‘Erlijio-aniztasuna EAEn’ izenekoa
- Erlijio-atxikipen minoritarioko kultu-zentroak lurraldean errotu dira, baina udalerri jakin batzuetara mugatu dira
Vitoria - Gasteiz, 2024/10/17
Euskadiko biztanleriaren heren bat baino gehiago, % 35,5, ez da inolako erlijiorekin identifikatzen, Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiak, Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuarekin lankidetzan, erlijio-aniztasunari buruz egin duen azken lanaren arabera. Ateoak edo agnostikoak dira, edo ez dira sinestunak. Gainera, eta gehiengoa izaten jarraitzen duen arren, ikerketak fede katolikoarekiko identifikazio txikiagoa detektatu du, eta beste erlijio batzuek, berriz, hazkunde txikiak izan dituztela.
1997ko datuekin alderatuz gero, fede katolikoak 32,4 puntu egin ditu behera, eta gainerako erlijioek 4,8 puntu gora. “Europako demokrazietan errepikatzen den fenomenoa da, eta gure gizartearen aniztasuna eta identitate ezberdinak islatzen ditu”, adierazi du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak.
Zehazki, erlijioek Euskadin duten pisuari buruz egindako estimazioaren arabera, erlijio katolikoan sinesten duen biztanleria % 57,2 da, hamarretik ia sei, eta % 7,3 dira erlijio minoritarioetako fededunak. Euskadiko gizartearen gehiengoa, beraz, katolikoa da, eta beste erlijio batzuen pisua askoz ere txikiagoa da oraindik.
Katolikoaz bestelako erlijioei dagokienez, musulmana da ugariena, eta Euskadin bizi den biztanleriaren % 4 biltzen du; ondoren ebanjelikoa, % 1,1rekin, eta ortodoxoa, % 1,0ekin. Horren arrazoia da, neurri batean, erlijio-askatasuna edo kultu-askatasuna oinarrizko eskubide gisa aitortuta egotea araudi bidez eta Espainiako estatuaren esparruan dagoen erlijio-aniztasuna (batzuk dagoeneko lurraldean errotuta daude eta beste batzuk berriak dira), eta, beste alde batetik, katolikoak ez diren erlijio-tradizioak dituzten pertsona migratuen iritsiera.
UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordearen esanetan “Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiaren txosten hau Euskal Herriko Unibertsitatearen ikerketa aplikatuaren eta transferentziaren adibide garbia da. Oraingo honetan, erlijio-aniztasunaren inguruan sakonduz, aniztasun horren eta migrazio-fenomenoarekin duen elkarreraginaren argazki interesgarria eskaintzen dio euskal gizarteari”.
Migratutako biztanleria eta erlijioa
Migratutako biztanleen artean ere erlijio katolikoa da nagusi (% 42,9), baina beste erlijio batzuek, hala nola musulmanak (% 17,9), ebanjelikoak edo protestanteak (% 9,8) pisu handiagoa dute Euskadira iritsitako biztanleen artean herritarren artean orokorrean baino.
Kultu-zentroak
Erlijio minoritarioen elizek, komunitateek eta entitateek ez dute presentzia handirik zifrei dagokienez, nahiz eta Euskadin errotuta dauden. Erlijio minoritarioen kultuko zentro ugarienak eliza ebanjelikoak dira; bigarrenik, meskitak; eta, hirugarrenik, Jehovaren lekukoen aretoak.
Alderdi kualitatiboari dagokionez, nabarmendu du gutxiengoen erlijio-komunitateetako kultu-leku askok nolabaiteko hobekuntza edo egokitzapena beharko luketela bertan egiten diren jarduerak behar bezala gauzatzeko. Gainera, eremu publikoak edo udal-lokalak erabiltzeko baimenak lortzea oso zaila egiten zaie, eta erlijio batzuek hautematen dute tratu ezberdina jasotzen dutela, batez ere erlijiosoak ez diren beste elkarte edo erakunde batzuekin alderatuz gero.
Erlijio minoritarioak
Erlijio minoritarioek eta horietako fededunek euren sinesmenekiko eta euren presentziarekiko axolagabekeriazko egoerak bizi izaten dituzte euskal gizartearen aldetik, kasurik onenetan, edo euren erlijioaren gaitzespen argi eta zuzena ere bai. Gainera, ziurtatzen dute biztanleriak, orokorrean, haiei buruz duen irudia estereotipatua dela eta errealitatetik oso aldenduta dagoela. Ildo horretan, uste dute ezin dutela erlijio-askatasunerako oinarrizko eskubidea baliatu, eta oraindik bidea falta dela Euskadiko erlijio-gutxiengoen errealitatea erabat ezagutzeko eta aitortzeko.
Baina aurrerapenak ere hautematen dira. Eusko Jaurlaritzak sustatuta 2009tik erlijio-aniztasunari buruz egin diren ikerketak lagungarriak izan dira aniztasun horren berri izateko eta aniztasuna aitortzeko. Era berean, 2017-2020 Bizikidetza Plana eta Udaberri 2024 Plana bezalako ekintzek erlijio-aniztasuna euskal agenda politikoan kokatzen laguntzen dute.
Bilboko Erlijioen Mahaia
Udal-mailan, azpimarratzekoak dira Bilboko Udalak abian jarritako Erlijioen Mahaia (2017tik dago aktibo), 2021ean Gasteizen kopiatu zena; Donostiako izaera iragankorreko erlijio anitzentzako kultuko zentroa; eta Gasteizko musulmanentzako lurperatzeko gunea. Ikerketa egin zenean existitzen ez bazen ere, gaur egun Bilboko Udalak biztanle musulmanentzako lurperatze-gune bat ere badu.
Zabaldu #2
Euskadiko erlijio-aniztasunaren errealitatearen ezaugarriak zein diren jakiteko, Ikuspegi behatokiak, Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuarekin lankidetzan, Zabaldu #2 monografiko berria, “Erlijio-aniztasuna EAEn”, egin du. Monografiko horrek autoidentifikazio erlijiosoari buruzko datu kuantitatiboak, erlijioen pisuari buruzko estimazioa eta kultuko lekuei eta Euskadiko lurraldean duten banaketari buruzko datuak eskaintzen ditu, bai eta erlijio-aniztasunaren kudeaketari buruzko balorazio kualitatiboa ere. Halaber, Euskadiko Erlijioen Mapa 2024 eguneratu da.
Mapen estekak hauek dira:
Euskera: https://mre-2024.netlify.app/eu
Castellano: https://mre-2024.netlify.app/es
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)