- Gobernu Kontseiluak 5 milioi euroko inbertsioa onartu du Segurtasun Sailaren meteorologia-arlorako. Horri esker, neurketa-sistemak eguneratu eta berritu ahal izango dira denbora errealean, meteorologia kaltegarritik eratorritako erronkei eta klima-aldaketak eragindako ondorioei eraginkortasun handiagoz erantzuteko
Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren meteorologia-arlora bideratutako 5 milioi euroko inbertsioari. Inbertsio hori denbora errealeko meteorologia neurketa-sistemak eguneratu eta berritzeko izango da, muturreko meteorologiak eta klima-aldaketak eragindako erronkei eraginkortasun handiagoz erantzuteko.
Izan ere, azken urteotan, eta bereziki azken urte honetan, ekaitz oso aktiboak gertatu dira, eta prezipitazioak espero baino handiagoak izan dira, ziurrenik Atlantiko osoko itsas azaleko urek eta, bereziki, gure inguruko urek Klima Aldaketaren ondorioz jasan duten berotzearen ondorioz.
Ildo horretan, gogoratu behar da Euskalmeten iragarpenak horrelako fenomenoek eragindako inpaktuek herritarrei eragin diezazkieketen kalteak identifikatzera bideratuta daudela, inplikatutako eragile guztiek (erakunde eskudunak, erakundeak, larrialdietako zerbitzuak, etab.) aurreikus daitezkeen arriskuak minimizatu ahal izan ditzaten, egokitzat jotzen dituzten prebentzio-neurriak aldez aurretik hartuta.
Horretarako, berebiziko garrantzia du arro guztietan denbora errealean gertatzen diren prezipitazio-balioak ezagutzeak. Hori dela eta, inbertsio orok ezagutza eta tresnak hobetuko ditu, Uraren Euskal Agentziarekin (URA) batera egoera problematikoak hobeto eta azkarrago baloratu ahal izateko, larrialdiren bat gertatuz gero erabakiak ahalik eta informazio gehienarekin hartu ahal izateko.
2024an (abenduaren 20ko datuak) 232 abisu edo alerta meteorologiko aktibatu dira (2023an baino 32 gutxiago). Abisu horiak izan dira ugarienak, 207 guztira. Euskalmetek 25 alerta laranja ere aktibatu ditu aurten. 2024 honetan ez da inoiz alarma gorria aktibatu behar izan.
Alerta-sistema horri esker, arriskuak minimiza daitezke, beharrezko prebentzio-neurriak hartuta.
Gobernu Kontseiluak gaur onartutako inbertsioa, funtsean, dibertsifikatu egingo da instalazio teknikoekin lotutako alderdietan, bereziki, radar meteorologikoetan, buietan eta plubiometria neurtzera bideratutako sentsorizazioan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)