Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak Erronkak bildumaren zazpigarren zenbakia argitaratu du: “Hondamendi-arriskuaren murrizketa 2030 Agendan txertatzea”. Argitalpen berri honek 2015-2030 aldirako Hondamendien Arriskua Murrizteko Sendaiko Ekintza Esparruaren eta Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat etortzearen artean dagoen erlazioa jorratzen du.
Erronkak bildumaren zenbaki hau Instituto de Estudios sobre Conflictos y Acción Humanitaria Institutuak (IECAH) Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiarentzat 2022an eta 2023an egindako azterlan batzuen laburpena da. Francisco Rey Marcosek koordinatu du lana.
Azterlanak, funtsean dibulgaziozko ikuspegi batetik, arriskuen arloko aurrerapen kontzeptual batzuk jorratzen ditu, bai eta horiek azken hamarkadetan garapenean izan duten eragina ere. COVID-19ak sortutako pandemiaren moduko egoerek agerian utzi dute gure hauskortasuna eta zaurgarritasuna, bai eta horiei aurrea hartzeko eta modu eraginkorrean aurre egiteko gaitasunik eza ere.
Txostenak gai horiei buruzko gogoeta bat iradokitzen du, eta ideiak eta aldaketak proposatzen ditu, gure gizarteek garapen jasangarrirako egiten duten aurrerabideari buruzko ikuspegi eta planteamendu batzuk egokitzeko, arriskuaren faktorea eta prebentzioaren eta kudeaketaren garrantzia aintzat hartuta.
Dokumentuak 2030 Agendan eta GJH bakoitzean, jomugetan eta adierazleetan sakontzen du, arriskua murrizteko faktore gisa txertatzeko. Izan ere, Sendaiko Esparruaren eduki batzuk 2030 Agendan sartzen dira. Erresilientziaren kontzeptuak bi agenden arteko harremana indartzen laguntzen du.
Azken batean, dokumentu honek gai horri buruzko eztabaida bultzatu nahi du, bai erakunde publiko guztietan, bai gizartean, oro har; horregatik, dibulgazio-ikuspegia du, gai horri buruzko ezagutza sustatzeko eta sentsibilizatzeko tresna gisa erabili ahal izateko.
Erronkak argitalpenak
Erronkak bildumaren ibilbidea 2023ko otsailean hasi zen, eta dagoeneko zazpi zenbaki argitaratu dira:
(1) "Gure Agenda Bateratua eta kontratu soziala berritzea", Mariano Aguirreren eskutik;
(2) "Euskadiko belaunaldien arteko harremanen etorkizunari buruzko elkarrizketa eta eztabaida publikoa bilatzea", Javier Yanguas eta Joseba Zalakainek sinatua;
(3) "Krisi klimatikoa konpontzeko hiru kontratu", Victor Viñualesek idatzia;
(4) "Aro digitalean, erantzuna eboluzioa da, eta galdera, iraultza", Álex Rayónek egina;
(5) "Gazteek garapen jasangarriarekin duten konpromisoa: 2030 Agendaren aurkako diskurtsoak desmuntatzen", Nekane Viota egileak egina;
(6) “Talentuaren kudeaketa negu demografikoan: Gogoeta eraikitzailea”, Juanjo Álvarezen eskutik;
eta (7) azken zenbaki hau, "Hondamendi-arriskuaren murrizketa 2030 Agendan txertatzea" izenekoa, IECAHk idatzia.
Bilduma honen helburua da argudioak ematea 2030 Agendak planteatzen dituen erronka handiak ulertzeko eta horiei aurre egiteko. Azken batean, gogoeta eta hausnarketa partekatzea bidegurutzearen erdian. Erronkak bildumaren misio hori argitalpen bakoitzaren ezaugarri izango diren irizpide batzuen arabera garatuko da.
Lehenik eta behin, zenbaki bakoitzeko gaiak Garapen Jasangarrirako Helburuei lotutako erronka handietako bati heltzen dio. Haren tratamenduak bi irizpide bete behar ditu: haren esanahia eta garrantzia ulertzen laguntzea eta gonbidatzen dituen eraldaketa praktikoak ulertzen laguntzea.
Idazkien estiloak modu pedagogikoan landu behar ditu gai konplexuak, gizarte osoarentzat duten garrantziagatik ulergarriak izan behar dutenak. Ildo beretik, dokumentuen luzera ez da 20 orrialdetik gorakoa izango.
Bilduma bereziki pentsatuta dago zinegotzien, alkateen, erakunde guztietako kargu publikoen, administrazioetako teknikarien, irakasleen edo gizarte-erakundeetako eta enpresetako kideen jarduerarako erabilgarria izateko. Azken batean, 2030 Agendaren esparrua inguratzen duen guztia gehiago eta hobeto ezagutzeko interesa duen edozein pertsona edo erakunderi lagundu nahi dio.
Erronkak bildumak, halaber, gaiak azaltzeko zehaztapen-irizpide bat planteatzen die argitalpen bakoitzaren egileei. Eusko Jaurlaritzak defendatu eta berretsi egiten du GJHekiko konpromisoa “zehatzaren metodologiaren” bidez gauzatu behar dela. “Abstrakzio gutxiago eta errealizazio gehiago” formulazioak ondo laburbiltzen du gaur egun 2030 Agendak planteatzen duen premia.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)