Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren hasierako bertsioari aurkeztutako alegazioen erantzuna argitaratu da

Argitalpen-data: 


      Aerosorgailuak.jpg
  • Banan-banan erantzun zaie Energia Berriztagarrien LPSari aurkeztutako 4.217 alegazioei, baita administrazio publiko interesdunek egindako 170 txostenei ere.

 

Gaur argitaratu da Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (EB LPS) hasierako bertsioari aurkeztutako 4.217 alegazioei erantzuten dien txostena; alegazio horiei zenbait administrazio publikoren 170 txostenak gehitu behar zaizkie. Gainera, erantzuna alegazio-egile bakoitzari jakinaraziko zaio, eta ahalegin handia egingo da alegazioa egin den bidetik erantzuteko; izan ere, 3.355 paperean eta 862 bide elektronikoan aurkeztu dira.

Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko prozesua integrala da, eta gardentasunez idatzi da, euskal herritarrekin adostuta. Horretarako, herritarrek parte hartzeko hiru prozesu garatu dira, eta bi igorpen egin zaizkie eraginpean dauden lurralde-administrazioei eta interesdunei, oharrak egiteko eta informazio publikoaren izapidea egiteko.

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean bereziki nabarmentzen da lurraldean energia berriztagarrien proiektuak honako kokaleku hauetan bakarrik ezarri ahal izango direla: "indarrean dauden araudiek ezartzen dituzten baldintzak betetzen dituzten kokalekuak, instalazio bakoitzak bere gain hartu behar dituen arauzko izapideetan dagozkion babesak betez. Proiektuen garapenak jasangarria izan beharko du lurraldearekiko, eta instalazioak kokatzen diren eremu geografikoetan egiten diren egungo eta etorkizuneko jarduerekiko".

Lurralde Plan Sektoriala lantzeko prozesua modurik zorrotzenean eta ingurumen- eta hirigintza-berme handienekin egiten da. Horretarako, Plana izapidetzeko prozeduraren barruan jasota dago, LPS hau behin-behinean onartu ondoren eta behin betiko onartu aurretik, dagokion Ingurumen Adierazpen Estrategikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostena egin beharko direla.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)