- Gaur onartu den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren behin-behineko bertsioa izapidetzen jarraituko da Lurralde Antolamendurako Batzordeari igortzearen bidez, eta Ingurumen Azterketa Estrategikoa Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari helaraziko zaio.
Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren behin-behineko bertsioa onartu da gaur, eta, beraz, Legebiltzarrean aurretiazko bertsioa urtea amaitu baino lehen argitaratzeko hartutako konpromisoa bete da.
Horren bidez, Lurralde Plan Sektorialaren izapidetzeak aurrera jarraitzen du, eta hurrengo urratsak hirigintza-ebaluazioa eta ingurumen-ebaluazioa izango dira. Behin-behineko bertsioa Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeari igorriko zaio, eta Ingurumen Azterketa Estrategikoa, berriz, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Bidezko azterketak amaitu ondoren, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren behin betiko bertsioa onartuko da.
Gaur onartu den Planaren behin-behineko bertsioko testuak lantzeko, jendaurreko informazioko izapidean aurkeztutako alegazioak hartu dira kontuan (erantzunak joan den urrian argitaratu ziren).
Behin-behineko bertsioa hainbat dokumentuk osatzen dute. Haien artean, aplikazio-arauak eta antolamendu-planoak azpimarra daitezke (biak arauzkoak dira). Memoriak azalpen- eta justifikazio-eginkizuna du, eta Ingurumen Azterketa Estrategikoa baliagarria izango da ondorengo Ingurumen Ebaluazio Estrategikoa egiteko. Halaber, beste dokumentu batzuk daude, hala nola izapidetzeko beharrezkoak diren Nekazaritza Afekzio Sektorialeko Protokoloa, Ekonomia eta Finantza Azterketa, Jasangarritasun Ekonomikoaren Azterketa edo Energia Jasangarritasunaren Azterketa.
Ingurumen- eta hirigintza-bermerik handienak
Lurralde Plan Sektoriala lantzeko prozesuari zorroztasun handiz eta ingurumen- eta hirigintza-bermerik handienekin ekin zaio. Gogorarazi beharra dago Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala prozesu integral baten bidez landu dela eta gardentasun handiz eta euskal herritarren parte-hartzearekin idatzi dela. Horretarako, herritarrek parte hartzeko hiru prozesu egin dira, eta bi aldiz jo da lurralde-administrazioetara eta eraginpean hartutako interesdunengana, oharrak aurkezteko eta jendaurreko informazioko izapidea egiteko.
Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean bereziki azpimarratzen denez, lurraldean energia berriztagarrien inguruko proiektuak honako kokaleku hauetan baino ezin izango dira ezarri: "indarrean dauden araudiek ezartzen dituzten baldintzak betetzen dituzten kokalekuetan, instalazio jakin bakoitzak egin beharreko arauzko izapideetan bidezkoak diren babesak betez. Proiektuen garapenak jasangarria izan beharko du lurraldeari eta instalazioak dauden eremu geografikoetan egiten diren egungo eta etorkizuneko jarduerei dagokienez".
Lurralde Plan Sektorial hau lurraldea antolatzeko tresnetako bat da. Izan ere, energia berriztagarriak lurraldean behar bezala txertatzea ahalbidetuko du, eta jatorri berriztagarriko energia-aprobetxamendurako kokalekurik egokienak identifikatu, hautatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan txertatuko ditu; eta, hori guztia, bertako natura-, paisaia- eta kultura-ondarearen zaintza kontuan hartuta.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)