Ekainaren 5a, Ingurumenaren Munduko Eguna

Argitalpen-data: 

Ekainaren 5ean Ingurumenaren Munduko Eguna ospatzen dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen kontsumo jasangarriko ohiturei buruzko datuak aurkezten ditu, eta horretarako 2023an egindako inkesta batean jasotako emaitzetan oinarritzen da.

Kontsumo jasangarria aztertzeko, bost ohitura hauek hartu dira kontuan: erosketak egitean norberaren poltsa edo orga eramatea, gutxi ontziratutako edo gutxi paketatutako produktuak erosten saiatzea, etxeko zaborra hondakin motaren arabera birziklatzeko bereiztea, uraren kontsumoa mugatzen saiatzea eta, azkenik, garraio publiko kolektiboa erabiltzea edo autoa partekatzea.

Birziklatzea, hau da, etxeko zaborrak hondakin motaren arabera bereiztea, 15 eta 29 urte bitarteko pertsonen % 76,7k egin ohi du, eta ikertutako bost ohituren artean gazteek gehien betetzen dutena da. Norberaren poltsa edo erosketa-orga eramatea da kontsumo jasangarrirako bigarren ohiturarik ohikoena Euskadiko gazteen artean; izan ere, elkarrizketatutako gazteen % 75,0k esan du hori egin ohi duela. 15-29 urteko gazteen % 73,7k garraio publiko kolektiboa erabiltzen du edo autoa partekatzen du. % 54,7 normalean ur-kontsumoa murrizten saiatzen da. Azkenik, bosgarren postuan gutxi ontziratutako edo gutxi paketatutako produktuak erosten saiatzea dago (% 29,9).

Ohitura horien hedapenak gora egin du 2012 eta 2024 artean, baina portaera guztiak ez dira hedatu intentsitate berarekin.

Ikerketa honetan aztertutako bost portaeretako lau ohiko gauzatzetik abiatuta, kontsumo jasangarriaren indizea kalkulatzen dugu. Metodologia horri jarraiki, Euskadiko 15-29 urteko gazteen % 40,2k kontsumo jasangarria egiten duela esan dezakegu.

2024ko Ingurumenaren Munduko Egunaren kanpaina lurren lehengoratzean, lehortearen eta desertifikazioaren erresilientzian oinarritzen da, "Gure lurrak. Gure etorkizuna. #BerrezarpenBelaunaldia gara ".

2030 Agendaren 15. helburuak lurreko ekosistemen bizitza mantentzea du helburu. Lurreko ekosistemak babestu eta berrezarri nahi ditu, basoak modu iraunkorrean kudeatu, desertifikazioaren aurka borrokatu, lurren degradazioa gelditu eta alderantzikatu, eta biodibertsitatearen galera gelditu.