Bost talde CyberLehiaren finalean, Lanbide Heziketako ikasleen zibersegurtasun lehiaketan

Argitalpen-data: 

  • Euskadiko Lanbide Heziketak ikasleen lehen zibersegurtasun-lehiaketaren finala ospatu du
  • Zibersegurtasunari buruzko dibulgazio-jarduerekin osatu da gaurko jardunaldia, eta 200 pertsona inguru bildu ditu Zorrotzaurren
  • Ekimenaren helburuen artean daude, zibersegurtasunaren sektorera talentua erakartzea eta Lanbide Heziketatik arlo horretan egiten den lana erakustea
  • Erandioko Tartanga Ikastetxeko taldea izan da garaile CyberLehiaren lehen edizio honetan

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera, CyberLehiako (Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleen zibersegurtasun-lehiaketa) finalaren irekiera ekitaldian parte hartu du gaur goizean. Lehen edizio honetako finala Zorrozaurreko La Terminal gunean egin da, Hezkuntza Sailak zibersegurtasunari buruz antolatutako dibulgazio-jardunaldi baten barruan. Bost talde lehiatu dira, horietako bakoitza Lanbide Heziketako hiru ikaslez osatua. Sailburuarekin batera, Javier Dieguez Zibersegurtasuneko Euskal Agentziaren (Cyberzaintza) zuzendari nagusiak ere parte hartu du jardunaldiaren hasieran.

Jardunaldiak 200 pertsona inguru bildu ditu La Terminal espazioan, gehien bat zibersegurtasunarekin lotutako ikasketak egiten ari diren Lanbide Heziketako ikasleak (lehiakideez gain), irakasleak edo sektore horretako enpresa eta erakundeetako arduradunak

Erasoa eta defentsa

Irekierako ekitaldi instituzionalaren ondoren eta ikasleek lehiatzeko baliatu behar izan duten ekipamenduaren beharrezko egiaztapen teknikoak egin eta gero hasi da lehiaketa. Talde bakoitzari (hiru kidek parte hartu dute taldeko) beharrezko ekipamendua eta azpiegitura ipini zaio, ezaugarri tekniko berberekin kasu guztietan.

Eraso eta defentsako CTF izeneko erronka-modalitatean garatu da lehiaketa (CFT, Capture The Flag ingelesezko akronimoa, Harrapatu bandera euskaraz). Talde bakoitzaren helburua aurkarien bandera edo kodea harrapatzea da, horrek berresten baitu erronka behar bezala ebatzi dela. Ekipo bakoitzak ahultasunak dituen zerbitzari bat edo ekipo-sare bat du, eta horiek babestu behar ditu, kontrako ekipoetarako sarbidea lortzen saiatzen den bitartean (erasoan). Hau da, helburu bikoitza dute: talde aurkarien azpiegiturei eraso egin behar diete eta, aldi berean, aurkarien erasoetatik eurena defendatu behar dute. Horrela, ikasleek zibersegurtasun eta hacking arloetan dituzten ezagutzak eta trebetasunak proban jartzen dituzte. Erronka honetan puntuak pilatzen dira lortutako erasoengatik, bai eta defentsa eraginkorragatik ere (eraso neutralizatuak).

CyberLehiako finalean parte hartu duten talde guztiak Lanbide Heziketako espezializazio-ikastaroak ikasten ari diren ikasleek osatu dituzte. Taldeetako lau Zibersegurtasuna informazioaren teknologien inguruneetan espezializazioa ikasten ari dira, eta bosgarrena, berriz, Zibersegurtasuna operazio-teknologien inguruneetan.

Talde finalisten eta ikastetxeen zerrenda:

  • C0ok1e_monst3r     Tartanga LHII (Erandio)
  • TempleOS 2.0         Maristak Durango LHIPI (Durango)
  • BAGU                    Izarraitz LHII (Azkoitia)
  • TortugaGuard         Maristak Durango LHIPI (Durango)
  • Freewall                 Andra Mari LHII (Galdakao)

Hiru orduz lehia bizian aritu ondoren, talde hauek izan dira puntuaziorik altuena lortu dutenak, eta beraz, lehen edizioko irabazle:

  1. C0ok1e_monst3r, Tartanga LHII (Erandio), 329 punturekin
  2. TortugaGuard, Maristak Durango LHII, 233 punturekin
  3. TempleOS 2.0, Maristak Durango LHII, 217 punturekin

Dibulgazio-jardunaldia

Lehiaketarekin batera, zibersegurtasunaren inguruko dibulgazio-jarduerekin osatu da gaurko jardunaldia, besteak beste tailerrekin, hitzaldiekin edo saio teknikoekin. Era berean, sektoreko enpresek ere parte hartu dute, Cyberzaintzarekiko (Zibersegurtasunaren Euskal Agentziarekin) eta Cyberbasquerekiko (Euskadiko zibersegurtasuneko enpresen klusterrarekin) lankidetzari esker.

CyberLehiaren eta gaur Bilbon egin den jardunaldiaren helburuak honako hauek dira:

  • Ikasleen motibazioa aupatzea, horretarako gamifikatutako lehiaketa baliatuz.
  • Talentua erakartzea zibersegurtasun sektorera, emakumeen parte-hartzea aktiboki bultzatuz.
  • Zibersegurtasunari buruzko ezagutza eta kontzientziazioa zabaltzea, formakuntza tekniko aurreratuen bidez.
  • Lanbide Heziketak zibersegurtasunaren inguruan egiten duen lana erakustea.
  • Zibersegurtasuneko enpresen, Lanbide Heziketako ikastetxeen eta ikasleen arteko saretzea sustatzea, lankidetza eta talentua erakartzea ahalbidetzeko.

Hiru fasetan

CyberLehiaren lehen edizio honetan, Euskadiko Lanbide Heziketako 25 ikastetxetako 280 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte, fase guztietan. Kasu guztietan, goi-mailako heziketa-zikloetako edo espezializazio-ikastaroetako ikasleak izan dira, Informatika eta Komunikazioak eta Elektrizitatea eta Elektronika lanbide-arloetako ikasleak.

Lehiaketaren lehen fasea online jokatu zen, martxoan. Gehienez ere hiru kideko taldeetan parte hartzen duten ikasleei kategoria desberdinetako 15 erronka proposatu zitzaizkien, eta astebeteko epean ebatzi behar zituzten. 33 talde onenak hurrengo fasera pasatu ziren, hau ere online, apirilean. Bigarren fasean puntuaziorik onena lortu zuten bost taldeek CyberLehiaren lehen edizio honetako finala jokatu dute gaur.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)