- Hautagaitza hauek Ihobe eta Elikak aukeratu dituzte, erregistratutako 225 ekintzen artean.
- Hautagaitzen kalitate handiagatik, ohiz kanpoko proposamen bat egin da: aitortza berezia egitea Arratiako Udalen Mankomunitateari, Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako Aliantzari, UPV/EHUri eta Uvescori.
- Euskadik bultzatu egin du Hondakinen Prebentziorako Europako Astea, azaroaren 16tik 24ra bitartean, Ihoberen koordinazioarekin eta Elikaren lankidetzarekin, aste hori Europako zenbait herrialdetan ospatu den egun berberetan.
- “Elikagaiak xahutzea gustu txarrekoa da” lemapean, asmoa izan da elikagaien xahuketaz eta hondakinen kudeaketaz sentsibilizatzea.
Bizkaiko Foru Aldundia, administrazio publikoen kategorian; Bilboko Duara berrikuntza jasangarriko agentzia, elkarteen/GKEen kategorian; Bilboko Maestro García Rivero herri ikastetxea (Atxuriko Eskola), ikastetxeen kategorian; Garazi Sánchez surflaria, herritarren kategorian; eta Eroski, enpresen kategorian; horiek guztiek ordezkatuko dute Euskadi Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen Sarietan –sariak banatzeko ekitaldia 2025eko ekainean izango da-.
Edizio honetan, eta salbuespen gisa, aurkeztutako hautagaitzen kalitateagatik, proposatu da aitortza berezi bat egitea, Euskadiren eremuan, Arratiako Udalen Mankomunitateari, administrazio publikoen kategorian; Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako Aliantzari, elkarteen/GKEen kategorian; Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateari, ikastetxeen kategorian; eta Uvescori, enpresen kategorian.
Euskadi Europan ordezkatuko duten proiektu finalistak aukeratu dira euren hautagaitza Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen Sarietara aurkeztu dituzten 225 ekimenen artean. Aste hori 2024ko azaroaren 16tik 24ra bitartean ospatu da, “Elikagaiak xahutzea gustu txarrekoa da” lemapean. Europako Batzordeak abiatu eta Euskadin Ihobek koordinatzen duen ekimen horrek ezagutzera eman nahi ditu administrazioek, elkarteek, ikastetxeek, pertsonek eta enpresek hondakinen prebentzio eta birziklapenari begira garatzen dituzten ekintzak. Edizio honetan, Ihobek Elikaren lankidetza izan du, zeren edizio honen ardatz nagusia elikagaien xahuketa baita.
Euskal finalistak
Bizkaiko Foru Aldundia administrazio publikoen kategoriako hautagaia da, “Bizkaia repara” kanpainagatik. Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak sustatuta, bere helburua da hondakinen sorrera prebenitzea eta kontsumo-eredu jasangarri eta arduratsu bat sustatzea, produktuen konponketa lehenetsiz produktu berrien erosketaren aurrean. Bonuak trukatzeko sistema berritzaile batean oinarritzen da; izan ere, sistema horrek 10 euroko deskontua eskaintzen die kontsumitzaileei konponketa-zerbitzuetan, horien kostua gutxienez 20 eurokoa bada, Bizkaian atxikitako establezimenduetan.
Duara garapen jasangarriko agentzia elkarteen/GKEen kategoriako sarietara aurkeztuko da Hondakinen Prebentziorako Europako Astean, “Hondakinetik modara Euskadi” ekintzarekin. Lehiaketa bat da, helburutzat duena jasangarritasuna eta sormena modaren arloan bultzatzea, baztertutako materialen berrerabilpenaren bitartez. Proiektua bi fasetan garatu da. Lehenengo faseak eskualde mailako hiru ekitaldi hartzen ditu barne, euskal hiriburuetan: Bilbo, Donostia eta Gasteiz. Hiri bakoitzean, parte hartu zuten taldeek erronka bakarrari egin zioten aurre: osoko look bat diseinatzea, lau ordutan, baztertutako ehunkietatik abiatuta. Bigarren fasean, ekitaldi bakoitzeko talde irabazleek euren hiria ordezkatu zuten final handian.
Maestro García Rivero Herri Ikastetxea (Atxuriko Eskola) aukeratua izan da “Elikagaien soberakinaren kudeaketa” izeneko ekintzagatik, berau Bilboko Atxuri auzoko ikastetxe horretako jantokian gauzatzen baita. Eskola-jantokian soberan geratzen diren elikagaiak ontziratu egiten dira eta ikastetxeko familien artean banatzen dira, eta horrek ahalbidetu du bestela alferrik galduko ziren 1.100 elikagai-arrazio banatzea. Gaur egun jantokiko elikagaien soberakinak murriztera zuzendutako neurriak hartzen ari badira ere, ekimen hori baliagarria izan da ikasleek jakin dezaten zein garrantzitsua den elikagaien xahuketa murriztea, elikadura osasungarriaz gozatzea eta ingurumena zaintzea.
Garazi Sánchez surflariak Euskadi ordezkatuko du herritarren kategorian, “Lotsa-Vergüenza” ekintzagatik. Estatuko txapeldun bikoitz eta Basque Teamen partaideak “Lotsa” izeneko ingurumen-kontzientziaziorako dokumentala ekoiztu eta zuzendu du, ozeanoen kutsaduraren arazoari helduz. Orain, urrats bat gehiago egin du, zeren dokumental hori hezkuntza-material bihurtu baitu; hala, orain ikastetxeetan lan egiten du berarekin, ikasleak sentsibilizatuz. Proiektu honen ardatza da sinestea hezkuntzak eta ezagutzak iritziak osatzeko eta horren ondorioz jarduteko askatasuna ematen digutela. Sentsibilizazio-lana ikastetxeetan osatzeko, surflariak surfari buruzko masterclass bat eskaintzen du, parte hartzen duten ikasleekin, eta hondakinen bilketa bat sustatzen du hondartzan bertan.
Azkenik, enpresen kategorian, Europarako hautagaia Eroski izango da, “Elikagaien xahuketa saihestea guztion ardura da” ekintzagatik. Hondakinen Prebentziorako Europako Astean zehar, Eroskik zenbait ekintza gauzatu ditu Euskadin, hala nola “fruta eta barazki itsusiak” sustatzeko kanpaina, helburutzat duena kontsumitzaileak sentsibilizatzea eta akats estetikoak dituzten produktuen salmenta bultzatzea; izan ere, akats estetikoak gorabehera, elikagai horiek guztiz egokiak dira nutrizio-propietateen edo elikadura-segurtasunaren aldetik, eta, hortaz, prezio merkeagoan eskaintzen dizkie kontsumitzaileei, haien erosketaren alde egiteko eta xahuketa saihesteko xedez.
Aitortza berezia Euskadin
Ohiz kanpoko izaeraz, aurkeztutako proiektuen kalitate handiagatik, Ihobe eta Elikako ebaluazio-pertsonalak erabaki du honako erakunde hauek Euskadi mailan aitortzea: Arratiako Udalen Mankomunitatea, administrazio publikoen kategorian; Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako Aliantza, elkarteen/GKEen kategorian; Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, ikastetxeen kategorian; eta Uvesco, enpresen kategorian.
Arratiako Udalen Mankomunitatea aitortua izan da “Arratia garbia: elikagaien xahuketarik ez-no al desperdicio alimentario” ekintzagatik; Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako Aliantza, berriz, “Elikagaien xahuketari buruzko jardunaldia” ekintzagatik; Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, “Elikagaien xahutzea UPV/EHUn: neurtu murrizteko” ekimenagatik; eta Uvesco “Xahuketaren murrizketa balio-kate osoan” izeneko zeharkako programa abiatzeagatik.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)