Azken hiru gaiak transferitzeko akordioa itxi dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak

Argitalpen-data: 

  • Transferentzien Batzorde Mistoak aldiriko trenak, atzerriko unibertsitate tituluen homologazioa eta autonomia fasean dauden nazioarteko babesaren onuradunen harrera kudeaketa Euskadira eskualdatzea berretsi du gaur
  • Batzorde Mistoan onartu ondoren, Gobernu Kontseiluak transferentzien dekretuak onartu beharko ditu, EHAAn argitaratu aurretik
  • Aldiriko trenen eskualdatzearekin Euskadik Bizkaian eta Gipuzkoan dauden aldiriko trenen zerbitzuak kudeatuko ditu, eta aldiriko zerbitzu berriak deklaratu ahal izango ditu Araban eta Bizkaian
  • Euskadi izango da atzerrian lortutako goi mailako hezkuntza tituluak homologatzeko edo baliokidetzat jotzeko eskabideak kudeatuko dituen autonomia erkidego bakarra
  • Nazioarteko babesaren onuradunak beren autonomia fasean hartzeko transferentziarekin, Euskadik bere gain hartzen du pertsona horiei harrera egiteko prozesuaren kudeaketa. Ezagutzak eta trebetasunak finkatzen lagunduko zaie, gizartean erabat txerta daitezen

Estatua-Euskadi Transferentzien Batzorde Mistoaren Osoko Bilkurak, gaur, telematikoki egindako bileran, onartu du autonomia erkidegoari eskualdatzea Renferen aldiriko trenbideen zerbitzua, atzerriko unibertsitate titulu eta ikasketen homologazioaren eta baliokidetasunaren kudeaketa, eta nazioarteko babesaren onuradunak autonomia fasean hartzeko sistemaren gaineko eskumenak. Gai horiek ixtearekin batera, oraindik transferentzia ugari egiteke daude Gernikako Estatutuan ezarritakoa burutzeko.

Gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan telematikoki egindako bileran, euskal ordezkaritzatik, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Olatz Garamendik, Ekonomia eta Ogasuneko Sailburu Pedro Azpiazuk, Hezkuntza Sailburu Jokin Bildarratzek, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako Sailburu Iñaki Arriolak, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburu Nerea Melgosak parte hartu dute. Araubide Juridikoko Sailburuorde Sabino Torrek eta Batzorde Mistoko ordezko idazkari Ugaitz Zabalak ere parte hartu dute.

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren buru izan dira Angel Victor Torres, Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroa; Arcadi España, Lurralde Politikako estatu idazkaria; Miryam Álvarez, Lurralde Koordinaziorako Idazkaritza Nagusia; Denis Itxaso, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria. Era berean, Ogasun Ministerioko ordezkariek eta hiru transferentzien ardura duten ministerioetako ordezkariek ere parte hartu dute: Garraioak eta Mugikortasun Iraunkorra; Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateak; Inklusioa, Segurtasuna eta Migrazioa; bai eta Estatuko Administrazioaren Transferentzien Batzorde Mistoko idazkariak ere.

Batzorde Mistoa da Estatuko eta EAEko administrazioek transferitutako eginkizunak eta zerbitzuak gauzatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak eskualdatzea erabakitzen duen organoa.

Transferentzien Batzorde Mistoan eskualdatzeak onartu ondoren, hurrengo urratsa Gobernu Kontseiluak dagozkion Dekretuak onartzea da. Espainiako Gobernuak, halaber, dagozkion Errege Dekretuak onartu beharko ditu Ministroen Kontseiluan. EAEko eta Estatuko araudiak aldi berean argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean, hurrenez hurren.

 

Aldiriko trenak

Aldiriko trenen eskualdatzearekin, Euskadik Bizkaian eta Gipuzkoan dauden aldiriko trenen zerbitzuak kudeatuko ditu. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunen artean sartzen dira transferitutako zerbitzuak arautzea, planifikatzea, kudeatzea, koordinatzea eta ikuskatzea, bai eta zerbitzu horien gaineko tarifak ezartzeko ahalmena, ordutegiak eta maiztasunak ere.

Eskualdaketaren ardatza Bizkaiko aldiriko zerbitzuak dira:

                                               Bilbao Abando-Barakaldo-Santurtzi

                                               Bilbao Abando-Barakaldo-Muskiz

                                               Bilbao Abando-Laudio-Orduña

                                               Bilbao-Balmaseda

Gipuzkoan, aldirietako zerbitzua eskualdatzen da:           

Irun-Donostia-Tolosa-Brinkola

Gainera, Autonomia Erkidegoak aldiriko zerbitzu berriak deklaratzeko aukera izango du Araban, Araia eta Gasteiz artean eta Gasteiz eta Manzanos Erribera Beitia artean. Arabako aldiriko zerbitzuak egungo trenbidearen gainean ezarriko lirateke, eta horrek lotura hobeak ahalbidetuko lituzke Arabako lautadan eta Añanako koadrilan. Bilbo eta Karrantza arteko aldiriko zerbitzu berri bat ere deklaratu ahal izango du.

Bestalde, akordioak Bilboko portura sartzeko lineen transferentziak aipatzen ditu, etorkizunean hegoaldeko trenbide saihesbideak ordeztuko baititu (gaur egun plangintza fasean dago). Eskualdaketa Bilboko hegoaldeko trenbide saihesbidea amaitu eta zerbitzuan jarri ondoren gauzatuko da, eta une horretan honako linea hauek entregatu eta ustiatuko dira:

                                               Bilbao Abando-Santurtzi

                                               Desertu Barakaldo-Muskiz

                                               Bilbao Salgaiak-Santurtzi

Akordioaren arabera, Euskadi Estatuaren posizioan subrogatuko da Renfe Viajeros operadorearekin duen kontratuan, hura baita eskualdatzen diren aldiriko zerbitzuen enpresa operadorea. Oraingo kontratua 2027ko abenduan amaitzen da, hau da, hasiera batean Renfek zerbitzuak ematen jarraituko du ordura arte, oraingo baldintza berberetan, baina akordioak berritu beharreko material gurpildunaren katalogoa eta kronograma jasotzen ditu, baita ADIFek Euskal Autonomia Erkidegoan dituen azpiegituretan inbertsioak egiteko plan bat ere.

Balorazio ekonomikoa Ekonomia Itunaren metodologia erabiliz egin da, eta kupoan deskontatu beharreko zenbatekoa 92,7 milioi eurokoa izango litzateke. Balorazio ekonomiko horrekin, Euskadik konpentsatuko dio Renferi aldiriko zerbitzuak emateagatik sortzen duen defizita, zerbitzu publikoko betebeharrei lotutako zerbitzuak baitira.

Akordioak, halaber, ADIFen azpiegituretan inbertitzeko plan bat martxan jartzea ere jasotzen du, aldiriko zerbitzuen eskaintzan eragina duten gabezia batzuei aurre egiteko eta horietako batzuen egoera hobetzeko. 100 bat jarduera aurreikusten dira, 400 milioi euro inguruko balioarekin.

 

Atzerrian lortutako goi mailako titulu eta ikasketen homologazioa eta baliokidetasun deklarazioa

Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen ditu eginkizun hauek, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta dauden pertsonek atzerrian goi mailako hezkuntza tituluak homologatzeko edo baliokidetzat jotzeko egiten dituzten eskaerei begira. Homologazioak esan nahi du Estatuko tituluen ondorio berak izango dituztela tituludunak kasuan kasuko lanbidean gaitzeari dagokionez. Adibidez, medikuntza, arkitektura edo abokatutza. Euskadi izango da funtzio horiek kudeatuko dituen autonomia erkidego bakarra. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak izango du homologazioa eta baliokidetasuna aitortzeko eskumena.

Atzerriko titulu ofizialen homologazioak ondorio horietarako Estatuko lurraldean homologatzen den Espainiako tituluaren ondorio berberak aitortzen ditu. Era berean, kasuan kasuko lanbidean jarduteko aukera emango du, horretarako gaitzen dituzten Espainiako tituluak dituzten pertsonen baldintza berberetan.

Eskualdaketa horrek esan nahi du, halaber, Euskadik bere gain hartuko duela atzerrian lortutako unibertsitate graduko tituluen baliokidetasuna Estatuko gradu maila ofizial batean deklaratzeko gaitasuna. Maila akademikoa egiaztatzeko ezinbesteko izapidea da, adibidez, administrazio publikoetako oposizioetan.

Gaur egun unibertsitateko titulazioa duten profesional eta langile kualifikatu jakin batzuen eskaria dagoenez, transferentzia horrek balio dezake lanpostu behar horiek homologazioa edo baliokidetasun deklarazioa eskatzen dutenengana bideratzeko.

Ildo horretan, gogoratu behar da, espezialitate jakin batean medikuntzako lanbidea garatzeko, medikuntzako tituluaz gain – titulu hori EAEk homologatu ahal izango du eskualdatu ondoren –, dagokion espezialitatea egiaztatu behar dela (ginekologia, familia medikuntza...). Espezialitatea atzerriko unibertsitate baten eskuratu badu, espezialitatearen titulua Osasun Ministerioak aitortzen du. Espezialitaterik ez badu, medikuntzan graduatutako gainerako pertsonek bezala egiaztatu beharko du, dagokion MIR proba eginez.

Transferentziak aurtengo uztailaren 1etik aurrera izango du eraginkortasuna eta tasen arabera finantzatuko da.

 

Nazioarteko babesaren onuradunak hartzeko sistemaren autonomia fasea

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak immigrazioaren arloko eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzea ere onartu dute, nazioarteko babesaren onuradun diren pertsonen autonomia fasean. Transferentzia horren bidez, autonomia erkidegoak bere gain hartzen du pertsona horiei harrera egiteko prozesuaren kudeaketaren garapena, eta pertsona horiei ezagutza eta trebetasunak finkatzen laguntzen zaie, pertsona horiek hartzen dituen gizartean erabat txertatuta egon daitezen. Azken batean, pertsona horiei gure artean gizarteratzeko eta integratzeko ibilbide oso bat egiten laguntzen zaie, EAEko erakundeen bidez kudeatua.

Nazioarteko babes izaera lortu duten pertsonen autonomia faseak gehienez sei hilabeteko iraupena du. Horrela, denbora tarte horretan, enplegurako prestakuntza jasotzeko laguntza ematen zaie, etxebizitza bilatzen laguntzen zaie eta gizarteratzeko jarduerak ematen zaizkie, besteak beste. Azken batean, pertsona horiei gure artean gizarteratzeko eta integratzeko ibilbide oso bat egiten laguntzen zaie, EAEko erakundeen bidez kudeatua.

Euskadik eskumen garrantzitsuak ditu hainbat sektore eremutan nazioarteko babesaren onuradunentzako prestazioak bermatzen dituztenak, izan ere urte asko daramatza arlo horiek modu naturalean garatzen. Eskumen esparru horri esker, hainbat zerbitzu publiko eta prestazio bermatu ahal izan ditu, nazioarteko babes horren onuradunek eskura ditzaketenak. Azken finean, transferentzia honek gizarte laguntzako programak areagotzea eta integrazioa bultzatzea ekarriko du.

Balorazio ekonomikoa Ekonomia Itunaren metodologia erabiliz egin da eta, ondorioz, Kupotik 2,4 milioi euro kenduko dira.

Transferentzia honek 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera izango du eraginkortasuna.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)