Azaroak 25, Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna

Argitalpen-data: 

2023an, Euskadiko 15-29 urteko 1.508 emakumek salatu zuten emakumeen aurkako indarkeria, Segurtasun Sailaren datuen arabera

Azaroaren 25ean ospatuko den Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuak aurkeztu ditu Gazteen Euskal Behatokiak.

Datu horien arabera, (erregistratutako emakumeen eta emakumeen aurkako indarkeriaren salaketen kopuruaren berri ematen dutenak), 2023an, 5.235 emakume izan ziren indarkeria matxistaren biktima Euskadin. Horietatik 1.508 ziren 15 eta 29 urte bitarteko emakumeak. Etxez etxeko konfinamenduak eragindako 2020ko salaketen beherakadaren ondoren, zifra hori handituz joan da urtez urte, egungo baliora igo arte.

15-29 urteko emakumeek aurkeztutako salaketak aztertzen baditugu, emakumeen aurkako indarkeriarik ohikoena da bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoa. 15-29 urteko 1.011 emakumek salatu zuten indarkeria matxista mota hori 2023an.

Familia barruan eragindako indarkeria, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoa kontuan hartu gabe, 15 eta 29 urte bitarteko 180 emakumek salatu dute 2023an.

2023an, 317 emakumek salatu zuten sexu-askatasunaren aurkako delituren bat, eta azken urteetan gehien igo den indarkeria mota da.

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen tasek (adin-talde bereko 1.000 emakumeko kalkulatuta) alde handiak erakusten dituzte 15-29 urteko adin-tartearen eta 30 urteko edo gehiagoko emakumeen artean (‰ 9,8 eta ‰ 4,4, hurrenez hurren).

Datu horiek eta askoz gehiago kontsulta daitezke Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna atalean, Gazteen Euskal Behatokiaren webguneko estatistiketan .

Aurten, Emakundek (leiho berri batean irekitzen da), Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta EUDELek kanpaina bateratu bat sinatu dute. Kanpaina horretan, herritarrak animatu nahi dituzte indarkeria matxista geldiaraztera, gero eta handiagoa den negazionismoaren aurrean. Kanpainaren leloa: "Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko" (leiho berri batean irekitzen da).