2.767 pertsona aurkeztu dira Euskal Poliziaren 5. deialdi bateratuko lehenengo probetara

Argitalpen-data: 

  • %37,1 Ertzaintzan edo Euskadiko udaltzaingoetan sartu nahi duten emakumeak dira
  • Gehienak Euskadikoak dira eta 18 urtetik 30 urtera bitartekoak dira, eta hizkuntza-eskakizun bat egiaztatu dute
  • Lan-eskaintza publikoa 280 plazakoa da: Ertzaintzarako 225 eta Euskadiko 22 udaletarako 55

Gaur goizean hasi dira Barakaldoko BECen Euskal Poliziaren 5. deialdi bateraturako Eusko Jaurlaritzak deitu dituen 280 plazetako bat eskuratzeko hautaprobak. Zehazki, hiru proba egin dira: test psikoteknikoa, ezagutza-proba eta nortasun-testa; proba horiek guztiak derrigorrezkoak eta  baztertzaileak dira eta, beraz, gainditzen dituztenek baino ez dute hautaketa-prozesuan jarraituko, ondoren proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonala egiteko.

Proba guztiak gainditzen dituzten izangaiek Ertzaintzan eta 22 udaletako udaltzaingoetan eskaintzen diren plazetako bat eskuratu ahal izango dute:

  • 225 plaza Ertzaintzarako dira:
    • Herritarren Segurtasuneko oinarrizko eskalako 5
    • Ikerketa Kriminala espezialitateko 140
    • Bide Segurtasuna espezialitateko 80
  • Euskadiko 21 udalerritako udaltzaingoetako agente izateko 54:
    • Amorebieta-Etxano (2)
    • Basauri (5)
    • Bermeo (2)
    • Bilbao (2)
    • Deba (2)
    • Donostia (1)
    • Durango (4)
    • Eibar (4)
    • Erandio (3)
    • Ermua (4)
    • Getxo (1)
    • Irun (1)
    • Lasarte-Oria (3)
    • Leioa (4)
    • Mungia (1)
    • Ortuella (1)
    • Santurtzi (10)
    • Vitoria-Gasteiz (2)
    • Zalla (1)
    • Zumarraga (1)
  •  
  • Sondikako Udaleko Udaltzaingo Zerbitzuko agente izateko plaza 1.

280 plaza horien kopurua handitu ahal izango da lehiaketa-oposizioa gainditzen duten pertsonen behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunera arte.

2.767 IZANGAI

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak izena emateko prozesua amaitu duten 3.920 pertsona deitu ditu probetara, eta 2.767 aurkeztu dira. Horien % 37,1 (1.206) emakumeak dira, eta kopuru horrek lagunduko du plantilletan duten ordezkaritza txikia handitzeko helburua lortzen. Gainerako % 62,9a (1.741) gizonak dira.

Lurraldez lurralde, azterketetara aurkeztu diren izangai gehienak Euskadin bizi dira, eta horietatik % 62,9 (1.741) Bizkaian, % 18,9 (522) Gipuzkoan eta % 13,1 (363) Araban. Gainerakoak, % 5,1 (141) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi dira.

Izangaien % 69,8 18 urtetik 30 urtera bitartekoak dira, baina asko dira, % 29,4, alegia, 31 urtetik 40 urtera bitartekoak ere.

Gainera, izena eman dutenen gehienek egiaztatu dute hizkuntza-eskakizunen bat, eta oraindik kopuru horri batu behar zaizkio ikasketa ofizialak euskaraz egiteagatik hizkuntza-eskakizunen bat baliokidetuta dutenak. Hori guztia lagungarria izango da Euskal Poliziako kidegoen % 100 euskaldunak izateko helburua lortzeko bidean aurrera egiteko, euskara harremanetarako ohiko hizkuntza izan dadin bai barneko lanean bai herritarrei arreta ematean.

HAUTAKETA-PROZESUA

Agente izango direnak hautatzeko eta prestatzeko prozesuaz Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia arduratzen da, eta prozesu hori hiru fasetan banatzen da:

  • Hautaketa-prozesua: izen-ematea, 5 probak egitea, denak derrigorrezkoak eta baztergarriak baitira, deialdiaren oinarrietan ezarritako betekizunak betetzea eta agiriak eta merezimenduak egiaztatzea.
  • Prestakuntza-fasea: hautaketa-prozesua gainditzen duten izangaiek ikasketa-prozesua, ordaindua, hasten dute, eta Arkauteko instalazioetan egiten da. Prozesu hori 9 hilabetetik 12 hilabetera bitartekoa izango da, polizia-espezialitatearen arabera.
  • Praktikaldia lanean: aurreko bi faseak gainditu ondoren, agenteek praktikaldia hasten dute Euskal Poliziaren kidegoetan lortzen duten plazan. Hartzen dituen polizia-kidegoko oinarrizko eskalaren arabera ordaindutako praktikak izaten dira. Beste 12 hilabeteko iraupena izaten du praktikaldi horrek, eta gaindituz gero, agenteak behin betiko karrerako funtzionario izatera pasatzen dira.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)