Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiaren zuzendaria: «"Tasio" filmaren orain arteko proiekzio guztietatik hau izan beharko litzateke hunkigarriena»
Tasio film luzeak (Montxo Armendariz, 1984) Donostia Zinemaldiko "Klasikoak" saila inauguratuko du bertan estreinatu zela 40 urte bete direnean. Euskadiko Filmategiak zaharberritu du filma eta Joxean Fernandez Filmategiko zuzendariak prozesu osoa nolakoa izan den azaldu du.
Nola sortu zen filma zaharberritzeko ideia?
Euskal zinemako film klasikoak zaharberritzeko ideia aspalditik dator, munduko filmoteka nagusiek egiten dute eta filmei bizitza berri bat emateko modu bat da. Lyongo Lumière Jaialdia klasikoei eskainia da eta bertan proiektu hauek etapa ezberdinetan nola gauzatzen diren aztertu ahal izan dugu. Tasio filmaren kasuan hainbat faktore zeuden: euskal zinemaren mugarri bat da; jatorrizko negatibotik egindako kalitate handiko digitalizazio gaurkotuetatik 4K kopiak falta zitzaizkigun; filmak 40 urte bete ditu 2024an; eta Montxo Armendariz izan genezaken bidelagun prozesu osoan.
Nola egin da zaharberritzea?
Lehenik eta behin, geneukan materiala aztertu genuen eta guztia adostu genuen filmaren jabea den enpresarekin (Mercury Films) zein filma gordetzen duen erakundearekin (Filmoteca Española). Proiektua gure Patronatuan planteatu genuen Eusko Jaurlaritzak dirua aurki zezan, eta lehiaketa publiko bat egin genuen. Irabazlea L'immagine Ritrovata de Bolonia laborategi prestigiotsua izan zen eta Armendariz bertara joan zen prozesu osoa ikuskatzeko zein azken kolore eta soinu zuzenketetak egiteko.