'Poliziesco' italiarrari eskainitako atzerabegirakoak 22 film bilduko ditu Donostiako Zinemaldian

  • 'Poliziesco' italiarrari eskainitako atzerabegirakoak 22 film bilduko ditu Donostiako Zinemaldian

  • 'Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra' zikloak Felipe Cabrerizok idatzitako liburu monografiko baten argitalpena barne hartzen du

Guztira, 1943tik 2023ra bitartean estreinatutako 22 film luzek osatuko dute Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko atzerabegirakoa. Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra izenez, poliziesco izenekoaren panoramika osoa eskainiko du atzerabegirakoak. Halaber, zikloan Felipe Cabrerizo historialariak idatzitako liburu monografiko bat argitaratuko da; Quim Casas kritikari eta Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kidearekin batera, atzerabegirakoaren koordinatzailea da Cabrerizo.

Istituto Italiano di Cultura erakundearekin elkarlanean antolatu da zikloa, eta lagungarria izango da Italiaren deskribapen egokirako balio duen genero bat hedatzeko. Izan ere, gaur egungo ikuspegiz berrikusi beharra dago poliziesco generoa.

Faxismoak zinema kriminalari ezarritako zentsura zorrotza gorabehera, Luchino Viscontik Ossessione / Obsession (1943) filmarekin emango dio hasiera zinema italiarraren historia oso-osoan zehar presentzia izan duen genero horri. Haren eraginpean aztertuko zituzten Mario Soldatik eta Fernando Cerchiok gerrak Italiaren egituran utzitako ondorioak, eta Pietro Germi edo Luigi Zampa ere bultzatuko zituen haren influentziak, sare kriminalen fenomeno hazkorraren tratamendua zorroztasunez gauzatzeari dagokionez. Bestalde, Italiako zinemagintzan hain ohikoak dira sare kriminalok, ezen komediak ere egin baitira horien inguruan, hala nola Mafioso (Alberto Lattuada, 1962, film onenaren Urrezko Maskorra Donostia Zinemaldian). Germik berak aurkeztuko zituen bere Un maledetto imbroglio / The Facts of Murder (1959) lanean generoari bizitza propioa garatzea ahalbidetuko zioten gakoak, nabarmenak izaten jarraitzen zuten atzerriko erreferenteen eraginetik aldenduz.

Horri esker, poliziescoak bide berri bati ekin zion, boom ekonomikoaren kolapsoari eta 1968ko gertakizun iraultzaileen ondoren Italian sortutako gizartea haztatzean zentratutako bide bati, hain zuzen. Damiano Damianik Il giorno della civetta The Day of the Owl (1968) filmarekin Mafiaren arazoari buruzko prisma soziologiko berri bat irekiko zuen eta, Carlo Lizzaniren zinemaren arrastoari jarraikiz, Elio Petrik bide politiko hori puntu gorenera eramango zuen Indagine su un cittadino al di sopra di ogni sospetto / Inquiry of a Citizen Above Suspicion (1969) filmarekin, eta atzerriko film onenaren Oscar sariak berretsi zuen ahalegina. Hori guztia forma ortodoxoagoekin uztartu zenean, halaber, poliziescoa Frantziako polarrrera hurbildu zen, Fernando Di Leo (Milano calibro 9 Calibre 9, 1972), Sergio Sollima (Revolver, 1973) eta beste hainbat zinemagileren eskutik. Hala, panorama hori aberastuz joan zen, poliziescoa Italiako zinemagintzaren oinarri bihurtzeraino; izan ere, star system oso bat egituratzeko gai izan zen generoa, hainbat aktore garrantzitsurekin: Tomas Milian, Franco Nero, Fabio Testi, Gian Maria Volonté, Maurizio Merli, Claudia Cardinale, Giuliano Gemma (zikloaren kartelaren protagonista) etab.

Terrorismoa agertu zenean, bestalde, ezkutuko gerra zibil bat piztu zen Italian, eta horren isla aitzindaria La polizia ringrazia / Execution Squad (1972) filma izan zen, Stefano Vanzinarena. Pelikula horrek Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra beretu zuen Donostia Zinemaldian. Poliziottesco izenez ezagutuko zen pagotxa baten abiapuntu bihurtu zen gertakizun hori; polizia-generoa biziberritu egin zen genero puruko parametroei jarraikiz, 70eko hamarkadako B zinemaren jazoera gogoangarri bihurtzeraino. Aurreiritzirik gabeko zuzendariei esker (esaterako, Umberto Lenzi eta Pasquale Squitieri), ezin zenbatuzko filmak ekoitzi ziren, Francesco Rosik jada Cadaveri eccellenti Illustrious Corpses pelikulan (1976) iragarritako herrialde oso baten kolapsoa islatu zutenak. Brigada Gorriek Aldo Moro hil zutenean, erailketa horrek gogoeta zorrotzak eragin zizkien Giuseppe Ferrarari, Marco Bellocchiori eta beste hainbat errealizadoreri eta, horretaz gainera, agidanez errealitateak berak gainezkatutako fikzio hura kolapsatu zuen. Urteak blokeatuta eman ondoren, generoa ezin hobeki berpiztuko zen Gomorra / Gomorrah filmarekin (Matteo Garrone, 2008); izan ere, milurteko berriko zinema italiarrerako ezinbesteko pieza bihurtu zen pelikula, generoari lehen mailako protagonismoa emateaz gain; horregatik, zuzendariaren mozketa berri batean emango da Gomorra (4K formatuan birmasterizatuta).

2024an, Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak denboran eta espazioan hedatutako film klasikoen emanaldiak bultzatu dituzte, hiru ziklotan bilduta egonik: Filmategiak Euskal Herriko hainbat kultura-erakundetan programatu zituen udaberrian hamabi film zaharberritu; Klasikoak sailean sei film emango dira; azkenik, ohar honetan iragarritako atzerabegirakoa gauzatuko da. Aurten, gainera, Zinemaldiaren egunetan ikusi ahalko diren zaharberritutako film laburren ziklo bat ere eskainiko du; laster emango da ziklo horren berri.

Informazio gehiago


  • DataAbuztuak 9
  • Gaia Ikus-entzunezkoa