WIP Latamek Iván Fund, Daniel Hendler, Nayra Ilic, Paula Morel Kristof, Kim Torres eta Simón Vélezen sei film aurkeztuko ditu

  • WIP Latamek Iván Fund, Daniel Hendler, Nayra Ilic, Paula Morel Kristof, Kim Torres eta Simón Vélezen sei film aurkeztuko ditu

  • Sei ekoizpenetatik lau, Argentina, Txile, Kolonbia, Costa Rica eta Uruguaitik datozenak, egileen lehen edo bigarren filmak dira
  • WIP Latam irailaren 23etik 25era egingo da Donostia Zinemaldiaren Industriako jardueren esparruan

Iván Funden El mensaje / The Message, Daniel Hendlerren Un cabo suelto / A Loose End, Nayra Ilicen Cuerpo Celeste, Paula Morel Kristofen Muña Muña, Kim Torresen Si no ardemos, cómo iluminar la noche / If We Don’t Burn, How Do We Light up the Night, eta Simón Vélezen Piedras preciosas / Gemstones dira postprodukzio-fasean dauden Latinoamerikako sei film luzeak, Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan profesionalen audientzia baten aurrean aurkeztuko direnak. WIP Latam Industria Saria eta EGEDA Platino Industria Saria irabazteko hautagaiak izango diren sei lan horietatik lau, egileen lehen edo bigarren filmak dira.

Iván Fund argentinarra El mensaje / The Message filmarekin izango dugu berriz Zinemaldian, 2023an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu ondoren. Filma Argentinako landa-eremua zeharkatzen duen road movie bat da, eta bertan, neskato batek eta haren tutoreek bizirik diraute haurrak animaliekin komunikatzeko duen dohainari esker. Marcelo Subiotto –Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorraren ex aequo irabazlea Puan filmagatik (2023)– da aktoreetako bat, Mara Bestelli eta Anika Bootzekin batera. Funden aurreko filma Piedra Noche / Dusk Stone (2021) izan zen, eta Horizontes Latinos sailean parte hartu zuen, 2020an WIP Latam Industria Saria irabazi eta Veneziako zinema-jaialdiko Giornate degli Autori sailean estreinatu ondoren.

Daniel Hendler aktore eta zuzendari uruguaitarrak Un cabo suelto / A Loose End aurkeztuko du, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren 2023ko edizioko proiektua. Bosgarren aldiz hartuko du parte Zinemaldian, La emboscada / The Ambush (Zinema Eraikitzen, 2015) –2012an Foroan El palomar izenarekin hautatua–, eta Norberto apenas tarde / Norberto's Deadline (Zinema Eraikitzen, 2009) obrekin izan baitzen Donostian. Sergio Prinak antzezten du Un cabo suelto filmeko rol nagusia. Ezkutuko iragan batetik ihesi dabilen eta Uruguai-Argentinako mugara iristen den poliziako kabo bat da protagonista.

Jarraitu irakurtzen


  • DataAbuztuak 7
  • Gaia Ikus-entzunezkoa