Maite Alberdi, Edward Berger, Gia Coppola, Costa-Gavras, Kiyoshi Kurosawa, Mike Leigh, Diego Lerman, Joshua Oppenheimer eta François Ozon Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dira

  • Maite Alberdi, Edward Berger, Gia Coppola, Costa-Gavras, Kiyoshi Kurosawa, Mike Leigh, Diego Lerman, Joshua Oppenheimer eta François Ozon Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dira

  • Haien filmekin batera, Audrey Diwanen lanak –Sail Ofiziala hasiko duenak– ere lehiaketan hartuko du parte, baita Iciar Bollain, Pedro Martín-Calero, Pilar Palomero eta Albert Serra zinemagileek zuzendutako filmek ere (Espainiako ekoizpenak lau horiek).

Maite Alberdi, Edward Berger, Gia Coppola, Costa-Gavras, Kiyoshi Kurosawa, Mike Leigh, Diego Lerman, Joshua Oppenheimer eta François Ozonen film luze berriak Urrezko Maskorra beretzeko lehian ariko dira, Laura Carreira eta Xin Huoren lehen lanekin batera, horiek ere Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko (irailaren 20tik 28ra) Sail Ofizialean barne hartuta egonik.

Maite Alberdik (Santiago, 1983) lehendabizikoz hartuko du parte Urrezko Maskorra lortzeko lehian fikziozko bere lehen film luzearekin; zehazki, El lugar de la otra Alia Trabucco Zeránen Las homicidas entseguan jasotako kasuetako baten egokitzapena da. María Carolina Geel idazleak 1955ean bere maitalea tiroz hil zueneko benetako istorioa kontatzen digu Alberdik. Zinemagile txiletarra epaimahai ofizialeko kide izan zen 2021ean, eta Perlak Sailean ez-fikziozko hainbat lan erakutsi izan ditu, hala nola El agente topo / The Mole Agent (2020) –Zinemaldiko Koprodukzio Foroan hautatua, geroago Sundance Zinema-jaialdian estreinatua, Europako Film Onenaren Publikoaren Sariaren irabazlea eta Oscar sarietarako izendatua–, eta La memoria infinita / The Eternal Memory (2023) –dokumentalen nazioarteko lehiaketan Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuena Sundancen, Oscar sarietarako izendapena jasotzeaz gainera–.

Eskoziako biltegi handi bateko langile portugaldar baten bizitza prekarioa deskribatzen digu Laura Carreirak (Porto, 1994) On Falling bere lehen film luzean. Zinemagile portugaldarrak –Edinburgon bizi denak– zuzendutako lanen artean, honako film labur hauek dira nabarmentzekoak: Red Hill (2018), Edinburgoko zinema-jaialdiko New Visions Sariaren irabazlea eta Eskoziako BAFTA Sarietan izendatua; eta The Shift (2020), Veneziako zinema-jaialdian estreinatua eta Europako Zinema Sarietarako eta Londresko Zinema Kritikarien Elkargoko Sarietarako izendatua.

Pamela Anderson, Jamie Lee Curtis eta Dave Bautista dira The Last Showgirl Gia Coppolaren (Los Angeles, 1987) lan berriko aktore nagusiak; Palo Alto (2013) eta Mainstream (2020) dira zinemagilearen beste bi lan, Veneziako Mostran emanak biak. Coppolaren filmaren protagonista nagusia showgirl beterano bat da, 30 urte ikuskizun batean lanean eman ondoren ikuskizun hori bukatu eta bidegurutzean kokatuko dena.

Jarraitu irakurtzen

 


  • DataUztailak 30
  • Gaia Ikus-entzunezkoa