Idoia Montón, Josu Bilbao Ugalde eta "Tractora" kooperatiba, Gure Artea 2024 sariak

  • Idoia Montón, Josu Bilbao Ugalde eta

Idoia Montónek ibilbide artistikoaren saria jasoko du; Josu Bilbao Ugaldek jarduera sortzailearen aintzatespena; eta Tractora kooperatiba elkarteak arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jardueraren aintzatespena

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman du sarituen berri Gasteizko Artium museoan. Sariak udazkenean banatuko dira Bizkaian

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Gure Artea sarien irabazleen izenak jakinarazi ditu gaur. Arte plastiko eta bisualen arloan Euskadin ematen diren saririk garrantzitsuenak dira. Epaimahaiak hala erabakita, hauek dira aurtengo Gure Artea saria jaso duten pertsonak eta erakundeak:

  • Ibilbide artistikoa aintzatesteko saria: Idoia Montón
  • Sormen-jardueraren saria: Josu Bilbao Ugalde
  • Arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduera aintzatesteko saria: Tractora Koop.E. (Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta)

Gaur goizean Artium – Arte Garaikidearen Museoan, Gasteizen, egin den prentsaurrekoan Kulturako sailburuorde Andoni Iturbek ere parte hartu du, eta sarituak eta epaimahaia izan dira bertan. Aurtengo Gure Artea sarien epaimahaia Ismael Manterola Ispizua arte historialariak, Carmen Garmendia Amigot erakusketa koordinatzaileak eta Susana Talayero, Laida Lertxundi de Prado eta Peio Aguirre Azkarate artistek osatu dute. Azken hau epaimahaiburua izan da eta sarituak aukeratzeko arrazoiak azaldu ditu. Sarituek 20.000 euro jasoko dituzte udazkenean Bizkaian egingo den sari-banaketa ekitaldian.

XIII. legegintzaldi honetako lehen prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak saritutako pertsonak zoriondu ditu, eta haien lanek "gaur egungo eta etorkizuneko Euskadiri forma" ematen diotela ziurtatu du. Lehenengo lehendakariordeak eragile publiko eta pribatuen artean batera lan egiteko ideia azpimarratu du. "Beharko zaituztegu", esan du artisten kolektiboari zuzenduta, "beharko zaituztegu Euskadin talentu sortzailea garatzeko aukera gehiago sortzeko" edo "Euskadi munduan nortasun propioa izateko".


  • DataUztailak 12
  • Gaia Ikusizko arteak