Bertsolaritza babes bereziko kultura-ondasun inmaterial izendatu du Eusko Jaurlaritzak

  • Bertsolaritza babes bereziko kultura-ondasun inmaterial izendatu du Eusko Jaurlaritzak

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du izendapena jasotzen duen dekretua. Aurrerantzean bertsolaritzak babes bereziko kultura-ondasun inmaterial izendapena izango du. Euskadin izendapen hau jasotzen duen lehenengo elementua da bertsolaritza.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak zehazten duenez "kultura-ondare immateriala deitzen da komunitateek, taldeek eta, hala badagokio, pertsonek onartzen dituzten praktikak, esamoldeak eta ezagutzak eta jakitateak, bai eta tresnak, objektuak eta lotutako kultur espazioak ere, beren kultura-ondaretzat onartzen dituztenak. Kultura-ondare immaterial hori, komunitateek eta taldeek belaunaldiz belaunaldi helarazia, birsortzen dute etengabe, naturaren eta beren historiaren elkarreraginez. Ematen die identitate eta jarraipen sentimendu bat, kultura aniztasunaren errespetua eta giza sorkuntza sustatzen dutena". Gainera legeak bertsolaritza ondare inmaterialeko kategoria bat bezala finkatzen du.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2023ko ekainean Eusko Legebiltzarrean adierazi zuenez bertsolaritza da ondare inmaterialaren "adibiderik argiena: belaunaldiz belaunaldi komunitateak transmititzen, babesten eta aitortzen jakin duen adierazpen bizia da". Kultur ondare immaterialaren izendapen honek bertsolaritzaren babesa eta transmisioa bultzatzeko balioko du.

Gobernu Kontseiluak bertsolaritzaren babes bereziko kultura-ondasun inmaterial izendapena onartuta dekretuaren berri Euskal Herriko Bertsozale Elkarteari, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei, Eudeli eta Eusko Jaularitzako Hezkuntza Sailari emango zaio. Gainera Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Bertsolaritza inskribatuko du Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan eta dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta hiru lurralde historikoetako aldizkari ofizialetan argitaratuko da. Orduan sartuko da indarrean.

Jarraitu irakurtzen


  • DataEkainak 11
  • Gaia Arte eszenikoak