- Aire zabaleko sekzio handiagoa eman nahi zaio izenik gabeko errekasto bati 350 metrotan zehar: orain arte, tutuez bideratua eta estalia
- Jarduketaren aurrekontua 200.000 €-koa da, BEZa barne, eta gauzatzeko epea 3 hilabetekoa da
URA-Uraren Euskal Agentzia —Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikia— Gatikako Garai auzoan izenik gabeko errekasto baten 350 metroko tarte bat lehengoratzeko lanetan ari da; Butroi ibaian elkartzen dena.
Jarduketaren aurrekontua 200.000 €-koa da, BEZa barne, eta gauzatzeko epea 3 hilabetekoa da. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF 2021-2027) finantzatzen du proiektu hori.
Ibilguaren tartearen egungo kanalizazioak eta estaldurak kendu nahi dira, aire zabalean jariatzeko, eta, gainera, ur-goraldien emariak hartzeko adinako edukiera duen sekzioa eman nahi zaio. Alegia, aire zabaleko trazadura berreskuratu nahi da, egungoa baino ibilbide naturalagoa eginez: errepideaz parez pare, behar adina aldenduz.
Izenik gabeko errekastoaren zatia Gatika herriaren hego-mendebaldean dago, Garai auzoan, baserrietara sartzeko landa-errepide baten ertzetan.
Jarduketaren esparruan, 5 pasabide egingo dira: bai errepideak ibilgua gurutzatzeko, baita lursailetarako sarbidea emateko ere.
Jarduketari ekin ondoren, ibaiertzeko landaredia lehengoratzeko landaketak egingo dira ezponda berrietan: era berean, halaxe egingo da makineriaren igarotzeak kaltetu dituen sarbide- eta pilaketa-eremuetan.
Lehendik dauden zuhaiztiak gordetze aldera, ibilgu berriaren trazadurapean gera daitezkeen aleak babestu egingo dira, zurezko piloteen parterreak eraikiz.