Gaur, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Euskadi Sariak banatu dira Donostiako San Telmo Museoan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok parte hartu duen ekitaldian. Edizio honetan, 3 sektoreetako profesionalen ekintzailetza-proposamen berritzaileak, jasangarriak eta ibilbideak saritu dira.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok sektore publikoaren eta pribatuaren arteko ahalegin partekatuaren garrantzia azpimarratu du. “Legegintzaldiko 4 urte hauetan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 431 milioi inbertitu ditu turismoaren, merkataritzaren eta kontsumoaren sektoreko enpresen eta elkarteen lehiakortasuna, digitalizazioa eta jasangarritasuna babesteko, sustatzeko eta bultzatzeko. Horietatik, 270 milioi baino gehiago aparteko funtsak izan dira. Eta inbertsio horiek proiektu sendo bihurtzeko, beharrezkoa da zuekin, profesionalekin eta turismoaren, merkataritzaren eta kontsumoaren sektoreetako ordezkariekin batera lan egitea. Gobernantza hori gabe, lankidetza hori gabe, zuek gabe, orain ez ginateke egongo gauden tokian”.
Turismoaren eta merkataritzaren sektoreen garrantzia azpimarratu du sailburuak. Izan ere, datu hauek adierazten dituzte: BPGaren % 18 eta enpleguaren % 25 "240.000 familia baino gehiago zuzenean enplegatuta". “Eta kontsumoak gutako guztioi eragiten digu, eta, horregatik, gero eta arreta handiagoa jarri behar dugu kontsumo-ohituretan, digitalizazioan eta gure gizarteen ezaugarri berrietan gertatzen diren aldaketen aurrean. Hala egin dugu Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutu berriarekin. Estatutu horrek indartu egiten du kontsumoaren arloan ditugun eskubideen defentsa, eta bereziki babesten ditu kontsumitzaile kalteberenak”.
Amaitzeko, sailburuak talentu publikoa aldarrikatu du, eta administrazio publikoetako langileen lanaren garrantzia, “haiek baitira sektoreak behar dituen laguntzak izapidetzeko ardura dutenak. Programa eta irtenbide berriak pentsatzeko eta garatzeko. Zuen zalantzak eta arazoak argitzeko. Pandemian inoiz baino argiago ikusi genuen hori, sektorearen eta administrazioen arteko baterako lana funtsezkoa izan da gure gizarteak demokraziari eutsi ahal izateko”.
Euskadi, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sariak 2023
Turismoa
10 langilera arteko Berrikuntza Saria Ekobideak kooperatibak jaso du, berrikuntza eta jasangarritasun turistikoari egindako ekarpenagatik. 10 langiletik gorako Berrikuntza Saria, berriz, Gasteizko Kora Green Cityk jaso du, beren enpresa-eredua berrikuntzan oinarritzeagatik eta sektorean lidergoa lortzeagatik. GOITUR Goierriko Turismo Agentzia izan da Helmuga Arduratsua eta Jasangarria Sariaren hartzailea, gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren arloetan ekimen arduratsuak eta jasangarriak garatzeagatik. Ibilbide Profesionala Saria Javier Fuertesentzat da, Txapas izenez ezaguna, 25 urtetik gorako ibilbide profesionalagatik, abagune aldakorrera egokitzen eta Euskadi helmuga turistiko gisa posizionatzen laguntzeagatik. Lau sariez gain, aipamen berezia egin zaio Montes Solidarios elkarteari.
Merkataritza
Dinamizazio Saria Guardiako enpresak dinamizatzeko elkarteari eman zaio, udalerria aktibatzeko bideratutako askotariko proiektuengatik. Ekintzailetza Saria Customeus Bilbaori eman zaio, Euskadiko lehenengo oinetako atelierraren negozio, ekimen, kontsolidazio eta ahalegin kontzeptu berritzaileagatik. 10 langiletik gorako Euskal Enpresa Saria Indi&Cold enpresari eman zaio, alderdi hauekin hartutako konpromisoagatik: kalitatea, berrikuntza, bezeroari emandako zerbitzua, hazten jarraitzeko grina, sorkuntza, lanpostuen mantentzea eta etengabeko prestakuntza. 10 langile baino gutxiagoko Enpresa Saria Helmet Houserentzat izan da, Eibarren erabilera anitzeko espazio baten inguruan concept store eredua ezartzeagatik eta berritzeagatik. Eta Ibilbide Profesionala Saria Calzados Tello donostiarrari eman zaio, 120 urtetik gorako bere historia profesional luze eta arrakastatsuagatik.
Epaimahaiak, bestetik, beharrezkotzat jo du saltoki talde bati aipamen berezia egitea, edizio honetako proposamenen kalitatea eta maila altua direla eta. Hauek dira aintzatetsiak: Garrarte Donostia eta San Martin auzoko merkataritza eta gainerako jarduera ekonomikoak sustatzeko elkartea; Gasteizko Etxabe Harategia eta Artepan, eta Kanpezuko Leireipar Estudio Ilustración
Kontsumoa
Kontsumitzaileen babes handiagoa lortzeko jardueren Saria EKA/ACUV euskal kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak jaso du. Enpresak Saria EKHILURentzat izan da, kontsumo arduratsua sustatzeagatik. Eta, azkenik, Hedabideak Saria Radio Popularren “Con sumo interés” saioari eman zaio, modu atsegin, zehatz eta ulerterrazean egiten duen sentsibilizazio-lanagatik.