Osakidetzak azken belaunaldiko mamografoen flota berritzen amaitu du

Argitalpen-data: 


      DSC_1648_021.JPG

URRIAREN 19A - BULARREKO MINBIZIAREN AURKAKO MUNDU EGUNA

Duela 28 urte abian jarri zenetik, Osakidetzaren Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programaren bidez 12.300 minbizi baino gehiago detektatu dira Euskadin eginiko 2,5 milioi mamografia baino gehiagotan

Biziraupenak jarraitzen du gora egiten Euskadin, nahiz eta gaixotasunaren intzidentziak ere gora egin; beraz, gaixotasunaren inpaktua murrizten ari da

 

Bularreko Minbiziaren Mundu Eguna izango da bihar, urriaren 19an, eta, hori dela eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak detekzio goiztiarra gaixotasuna garaiz tratatu ahal izateko eta kaltetutako emakumeen pronostikoa eta bizi-kalitatea areagotu ahal izateko zein garrantzitsua den nabarmendu dute. Eremu horretan ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko eta zehaztapen gehiagoko diagnostikoak egiteko, Osakidetzak azken belaunaldiko mamografoen flota berritzen amaitu du.

Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programa duela 28 urte jarri zen abian, eta aukera eman du –2023ko ekainaren 30era arte– 12.300 minbizi baino gehiago detektatzeko denbora horretan egin dituen 2,5 mamografia baino gehiagotan. Minbizi gehienak, zorionez, fase goiztiarretan detektatu dira eta, hala, tratamendu eraginkorragoak eta ez hain erasokorrak egin dira.

Jardunaldi honetan, Osasun Sailak eta Osakidetzak itxaropen-mezua bidali nahi dute berriro. Biziraupenak jarraitzen du gora egiten Euskadin, nahiz eta gaixotasunaren intzidentziak ere gora egin; beraz, gaixotasunaren inpaktua murrizten ari da. Hori guztia detekzio goiztiarrari esker eta gero eta tratamendu pertsonalizatuagoak, eraginkorragoak eta albo-ondorio gutxiago dakartenak egiteari esker gertatzen ari da; kaltetutako emakumeei diagnostikoaren eta terapiaren aukerarik onena eskaintzen zaie eta, era berean, Osakidetzaren asistentzia-baliabideen arteko koordinaziorako bide ematen zaie. Garrantzitsua da nabarmentzea biziraupen-tasa handiagoa dela baheketa-adinean (50-69 urte) diagnostikatzen diren emakumeen artean; ebaluatu den azken aldian, % 92,7ko tasa izan dute, diagnostikoa egin denetik bost urtera.  

 

Detekzio Programak oso harrera ona izan du Euskadiko emakumeetan urteetan zehar; probetara xede-biztanleriaren % 80 inguru joan ohi da. Gaur egun, parte hartzeko gonbita 50 eta 69 urte bitarteko emakumeei egiten zaie, bai eta 40 eta 49 urte bitartekoei ere, baldin eta bularreko minbizia izan duten lehen mailako familia-aurrekariak (ama, alaba, ahizpa) izan badituzte.  Proba honako honetan datza: bi bularretako mamografiak egiten dira; probak bi urtean behin egiten dira.  Emaitzak gutun bidez bidaltzen dira, 6 eguneko epean, batez beste. 

 

2022ko datuak: Osakidetzak pandemiaren aurreko jarduerari heldu dio berriro

Bularreko minbiziaren detekzio goiztiarreko programari esker, 2022. urtean, Osakidetzak 637 emakumerengan detektatu zuen bularreko minbizia (96 Araban, 327 Bizkaian eta 214 Gipuzkoan). 2022. urtean, detekzio-tasa globala honako hau izan da: 5,3 minbizi detektatu miatutako 1.000 emakume bakoitzeko.

 

Gaur egun, eta pandemiak urteetan zehar eragin handia izan ondoren, Osakidetzak lortu du unitate gehienetan pandemiaren aurreko jarduerari heltzea. Ahalegin berezia egin da barne hartutako biztanleriari deialdia egiteko, eta, 2023. urte honetan eta urtarrilaren eta irailaren artean, 142.370 emakumeri egin zaie deialdia; kopuru hori 2019. urteko –pandemiaren aurrekoa– aldi berekoa (125.146 deialdi baliozko) baino handiagoa da.

 

Osakidetzaren Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programak, gaur egun, 1 kudeaketa-unitate, 11 baheketa-unitate, 7 balioespen-unitate eta 6 erreferentziazko ospitale ditu; haietako Bularretako Batzordeek, asteko saio klinikoetan, urrats diagnostiko-terapeutikoak eta lesio susmagarrien segimendua ezartzen dituzte.  Horren guztiaren buru dira zerbitzurik onena eta arreta integrala eskaintzeko lan egiten duten profesionalen diziplina anitzeko taldeak; zerbitzu eta arreta hori tumore bakoitzaren ezaugarrietara –zehaztapeneko medikuntza– eta emakume bakoitzaren baldintza eta egoeretara –pertsonalizazioko medikuntza– egokitzen dira.

 

MAMOGRAFOAK BERRITZEA

Arreta pertsonalizatua eta inklusiboa desgaitasuna duten emakumeentzat

Zehazki, zerbitzurik onena eskaintzeko eta zehaztapen handiagoko diagnostikoak egiteko helburuarekin, Osasun Sailak eta Osakidetzak azken belaunaldiko mamografoen flota erabat berritu dute. Ekimen horrek agerian uzten du gaixotasun horren inguruko ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten ari diren apustua, zeinak hainbat lerro baititu zabalik Osakidetzan eta hartako ikerketa sanitarioko institutuen bidez betetzen baitira.

Osakidetzak mamografo berriak erosi zituen eta horiek 2022an jarri ziren eta 2023. urte honetan jartzen amaitu du; hala, programaren jarduerarako mamografo guztiek betetzen dituzte ezaugarri horiek. Ekipamendu berriek tomosintesia dute, mamografia digitalaren 3D-ko modu aurreratu bat; haren bidez, irudi zehatzago bat har daiteke eta, hala, minbizi gehiago detektatu.

Aste honetan, zehazki, urriaren 20an, Kalitate Erradiologikoko Berme Programaren esparru iraunkorrean, Etengabeko Prestakuntzaren bi urtez behingo jarduera egingo da Gurutzetako Ospitalean; jarduera Programako mamografiak egiten dituen erradiologiako teknikari espezialistako (ETE) pertsonal guztiari zuzentzen zaio, eta helburua da teknologia berri horren inguruko trebakuntza berezia sendotzea, bai eta desgaitasuna duten emakumeentzako arreta pertsonalizatuarekin eta inklusiboarekin zerikusia duten beste eduki teoriko-praktiko batzuk ere, emakume guztientzako kalitateko eta zuzentasuneko parametroetan.

 

Informazio gehigarria