Lehiaren Euskal Agintaritzak lehiak lan-merkatuan duen eraginari buruzko gida praktikoa aurkeztu du

Argitalpen-data: 

PRENTSA OHARRA

Erakunde autonomoak ‘Lehiaren zuzenbidea eta negoziazio kolektiboa’ jardunaldian parte hartu du gaur goizean, Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak (CEBEK) antolatuta.  

Gidaren helburua da eragile ekonomikoen jarduera jakin batzuetan arreta jartzea, sektoreko hitzarmen kolektiboen bidez, sarritan lehia eraginkorrari eustea oztopa baitezakete. Gainera, zenbait gomendio ematen ditu praktika horiek saihesteko edo zuzentzeko. 

 

2023ko maiatzaren 30a

Lehiaren Euskal Agintaritzako (LEA/AVC) presidenteak, Alba Urresolak, eta erakundeko kideak, Enara Venturinik, ‘Lehiak lan-merkatuan duen eraginari buruzko gida praktiko’ berria aurkeztu dute gaur goizean Bilbon. Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren (CEBEK) egoitzan izan da, 'Lehiaren zuzenbidea eta negoziazio kolektiboa' jardunaldian.   

Erakunde autonomoaren dokumentuak lehia eraginkorrari eustea oztopa dezaketen jarduera jakin batzuetan arreta jartzea du helburu. Horiek, askotan, eragile ekonomikoek gauzatzen dituzte, enplegatuen lan-baldintzen erregulazioaren esparruan, sektoreko hitzarmen kolektiboen bitartez. Horrela, gidak, alde batetik, jokabide horiek identifikatu nahi ditu; eta, bestetik, jarraibide edo gomendio batzuk eman, eragile ekonomikoek beraiek ekidin edo zuzen ditzaten.  

Hala, lehia murriztu ohi duten jardueren artean, LEA/AVCk batzuk identifikatu ditu, hala nola hitzarmen klausuletan prezio-finkapena, lan-denboraren antolamendua edo langileak ez erakartzeko klausulak erabiltzea. Horietako bakoitzarekin batera, jardunbidearen beraren deskribapena egiten da, baita zergatik izan daitekeen problematikoaren eta bakoitzaren gairik nabarmenenen azalpena ere. Gainera, beste lehiaren agintaritza batzuen ebazpenen eta espedienteen bidezko adibide-kasuak ere sartzen dira.  

Gidan jasotako praktiketako bat da, adibidez, aldi baterako laneko enpresa baten bidez kontratatzeko debekua (ABLE). Langileen Estatutuaren testu bateginak lana kontratatzeko enpresen irudia aurreikusten du, betiere behar bezala baimendutako ABLE baten bidez egiten bada, eta, beraz, langile bat ABLE baten bidez kontratatzeko debekua aurreikusten duen hitzarmen kolektibo baten klausula bat sartzea problematikoa izan daiteke. 

LEA/AVCk azaldu du jardunbide horrek lehia eraginkorra murriztu dezakeela bi arrazoirengatik. Lehenik eta behin, enpresaburuaren askatasuna mugatzen du, lan-araudian aurreikusitako zerbitzu bat erabiltzea eragozten baitzaio, eta lehia-desabantaila batean kokatzen du debeku horren menpe ez dauden beste enpresen aldean. Bigarrenik, ABLEei hitzarmenaren mendeko enpresei bere zerbitzuak ematea eragozten die, merkatuan sartzea eragotziz. 

Gainerako jarduerak gida osoan daude jasota, eta esteka honetan dago eskuragarri. 

 

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz  

Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio-izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikia, eta bere jarduera independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez, merkatuan lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea du helburu.