Lehendakariak interes atlantikoak batera defendatzearen alde egin du, "fokutik kanpo" ez geratzeko

Argitalpen-data: 

  • Euskadik, Galiziak, Asturiasek eta Kantabriak Ardatz Atlantikoa sustatzea proposatu dute, horretarako Makroeskualde Atlantiko bat sortuz
  • Lanerako eta topaketarako foroa, eskualde atlantikoa artikulatu, kohesionatu eta ikusaraziko duena eta gobernu-maila desberdinek parte hartuko dutena
  • Euskadi, Galizia, Asturias eta Kantabriako presidenteek bilera egin dute lurralde atlantikoen erronka komunei buruzko gogoetak eta ekimenak trukatzeko
  • Agenda komunak gai aipagarrienen artean ditu trenbide-sarea, hidrogenoaren korridorea, klima-aldaketari erantzuna eta espezializazio adimendunaren aldeko apustua

Iñigo Urkullu, Alfonso Rueda, Adrian Barbón eta Miguel Angel Revilla Euskadi, Galizia, Asturias eta Kantabriako presidenteek bilera egin dute gaur goizean, lurralde atlantikoen erronka komunen inguruko hausnarketak eta ekimenak trukatzeko.

Arku Atlantikoko Batzordearen presidente gisa Iñigo Urkulluk deitutako bileran, interkonexioekin eta trantsizio hirukoitzarekin (berdea, digitala eta sozio-demografikoa) lotutako gaiak jorratu dira. Agenda komunak gai aipagarrienen artean ditu trenbide-sarea, hidrogenoaren korridorea, klima-aldaketari erantzuna eta espezializazio adimendunaren aldeko apustua. “Agenda komun hori partekatzeak jauzi kualitatibo bat planteatzera bultzatzen gaitu”, adierazi du Lehendakariak.

Europaren eragin-ardatza ekialderantz mugitzen ari den testuinguru honetan, gaurko bileran, Ardatz Atlantikoa sustatzea proposatu da, horretarako Makroeskualde Atlantiko bat sortuz, ikuspegi estrategiko bateratu bat taxutzeko, interes bateratuen defentsan jarduteko eta “fokutik kanpo” ez geratzeko. “Europaren aldeko apustua egiten dugu, eta ez dugu eragiteko gaitasunik galdu nahi”, adierazi du Urkulluk.

Hala, lanerako eta topaketarako foro bat sortzea planteatu da, eskualde atlantikoa artikulatu, kohesionatu eta ikusaraziko duena, eta gobernu-maila desberdinek parte hartuko dutena, berdintasunean: Europar Batasunak, estatu kideek, erkidegoek eta eskualdeek. Urkulluk azaldu duenez, aurtengo bigarren seihilekoan Espainiak Batasuneko Kontseilua presiditzen duen bitartean, Kontseilu Europarrak Batzordeari Atlantikorako Estrategia Makroerregionala garatzeko agintzea da helburua.

Halaber, erakundeak eta eragile sozioekonomikoak mugiaraziko dituen Atlantikoko "lobby" gisa lan egiteko beharra hitzartu da. “Arku Atlantikoko Batzordeko Lehendakaritzak urtarrileko Frantziako eta Espainiako Goi Bileraren Adierazpenean aurreikusitako Mugako Lankidetzarako Batzordean parte hartzea eskatuko dugu. Foro hori urtero instituzionalizatu nahi dugu, autonomia erkidego atlantiko guztietako presidenteei zabalduz”, adierazi du.

“Ardatz Atlantikoaren defentsa ez dagokie erakundeei bakarrik. Apustu hori kolektiboa izan behar da, eta gure erkidegoetako eragile sozioekonomiko guztien bultzada eta parte-hartzea integratu behar ditu. Azken finean, gure gizarteen egungo eta etorkizuneko ongizatea dago jokoan”, azpimarratu du Lehendakariak.

TRENBIDE SAREA

Trenbide-konexioaren korridore atlantikoan, Espainiako eta Frantziako Gobernuen atzerapenen zerrenda luzea dago, eta atzerapen are handiagoak sumatzen dira. 2030. urtea Europako Batzordeak Korridorearen oinarrizko sarea amaitzeko markatutako data da. Hori gabe, Europar Batasun osoa zeharkatzen duen korridore-sarearekin eraginkortasunez konektatzeko aukera galduko da.

Frantziako Gobernuak une honetan lantzen duen egoeraren arabera, Bordele eta Akize arteko konexioa abiadura handian ez da 2042 baino lehen iritsiko. Gainera, ez da aipatzen noiz iritsiko den Irunera. Planteamendu horrek Frantziako Estatuak Europako Korridore Atlantikoari dagokionez bereganatutako betebeharrak larriki ez betetzea ekarriko luke.

Espainiako gobernuaren kasuan ere atzerapenak eta ez-betetzeak ikus daitezke. Adibidez, Gasteiz-Burgos tartea eraikitzeko proiektuaren idazketa esleitu berri da -oinarrizko sarea-, eta hurrengo hamarkadara arte ez da zerbitzuan sartuko.

Beraz, Europako Batzordeari eta Espainiako Gobernuari eskatzen zaie ahalegin guztiak egin ditzatela 2030eko data errealitate izan dadin, baita Frantzian ere.

HIDROGENOAREN KORRIDOREA

Hidrogenoaren korridoreari dagokionez, kezka dago hidrogenoaren bizkarrezur europarraren interkonexioen aurreikuspen-mapak ez duelako aurreikusten 2030erako HiWest korridorearen interkonexio atlantikoa, eta, aldiz, Mediterraneokoa bai. Ildo horretan, korridorearen Atlantikoko aldea Pirinioen mugan ez geratzea eta 2030ean penintsulara mendebaldetik sartzea eskatzen da, ekialdetik egingo duen bezala. Horrela, Pirinioen inguruko eraztuna ixten da, hidrogenoa mugitzeko Frantziako eta Espainiako Atlantikoko eta Mediterraneoko portuen konexio energetikoa sendotuz, eta, batez ere, konexio bikoitza egongo da, Europako Iberiar Penintsula isolatuta utziko ez lukeena arazo operatiboak izanez gero edo hidroduktuetako batean mantentzeko beharra izanez gero.

BESTE LANKIDETZA-EREMU BATZUK

Klima-aldaketari lotuta, nabarmendu behar da itsasertza duten lurraldeak klima-aldaketaren eragin handiagoa izatera daudela irekita, biztanleria, industria- eta garraio-azpiegiturak kostaldean edo marea-eragineko eremuetan biltzen direlarik. Ildo horretan, lurralde horiek erantzunak arbitratu behar dituzte eragin posibleak arintzeko. Adibidez, Bilboko portu industrializatuak bere azpiegitura babesteko aurkitzen dituen konponbideak Gijon, Vigo edo Santanderrerako baliagarriak izan daitezke, eta alderantziz. Muturreko gertaera klimatikoei aurrea hartzeko eta erantzuteko sistema bat garatzeko lan egin liteke, edo kostaldeko aglomerazio kalteberenetan hiri-plangintza berriz diseinatu.

Ozeanoak izaera desberdineko hondakinen azken helmuga dira, metatu egiten dira eta mehatxu larria dira gizakien osasunerako eta itsas ekosistemetarako. Gainera, galera ekonomikoen kausa dira, bereziki arrantzaren, akuikulturaren edo turismoaren sektoreetan. 2021ean, Arku Atlantikoko Batzordeak Kutsadura Ozeanikoari buruzko Lantaldea sortu zuen, Atlantikoaren osasuna berrezartzeko politikak bideratzeko. Arku Atlantikoko bazkideek adierazpen politiko bat sinatu zuten Ozeano Atlantiko garbi baten aldeko konpromisoa, ekonomia urdin iraunkorra eta ekonomia zirkularra garatzeko borondatea adieraziz, ozeanoen kutsadurari lankidetzatik aurre egiteko.

RIS 3 Atlantikoko Espezializazio Adimendunaren esparruan, lurralde bakoitzaren estrategiek apustu komunak dituzte eta berrikuntza-ekosistemak konektatzeko eta benetako balio-kate atlantikoak bultzatzeko aukerak eskaintzen dituzte gai hauetan: Osasuna eta Ongizatea; Nekazaritzako Elikadura, Elikadura Osasuntsua eta Segurua; Energia Berriztagarriak; Itsas Teknologiak/Itsas Baliabideak; Turismoa eta IKTak.