Lehendakariak 2023ko Ignacio Ellacuría saria eman dio Seynabou Male Cissé bakearen aldeko aktibistari

Argitalpen-data: 

 

  • Epaimahaiak defendatzailearen lana aitortu nahi izan du “Senegalen gizarte bidezkoagoa eta berdinzaleago izateko konpromisoagatik eta Afrikako emakumeen erakundeen bakegintza lana ordezkatzeagatik”
  • Lehendakariak Madame Cisséri eskertu dio euskal lankidetzari emandako laguntzagatik eta bakea bilatzeko emakumeen papera aldarrikatzeagatik

 

Iñigo Urkullu Lehendakariak 2023ko garapenerako lankidetzako Ignacio Ellacuria Saria eman dio Seynabou Male Cisséri. Senegal Hegoaldeko Casamanceko gatazkan bakea eta emakumeen eskubideak sustatzen ditu. Hautagaitza Mundubat GGKEk proposatu zuen.

Urkullu lagundu dute Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Nerea Melgosak, eta eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak, Paul Ortegak.

Epaimahaiak defendatzaile afrikarraren lana aitortu du “Senegalen gizarte bidezkoago eta bakezaleago bat sortzeko bere konpromisoagatik, eta gatazketan elkarrizketa eta bitartekaritzatik bakea eraikitzeagatik. Baita emakumeen eskubideen errespetua eta berdintasuna defendatzen duelako, beti ere horien parte-hartze aktiboaren sustapenarekin”, eta gaineratu du, “sari honek euskal gizartea Afrikan ahaztutako krisi eta gatazken inguruan ikusarazten eta kontzientziatzen lagunduko du”.

Bere hitzaldian, Lehendakariak aitortu du, “aurtengo Ignacio Ellacuría Saria Casamance eta Euskadiren arteko topagunea da”, Senegalgo eskualdearen historia hurbilak Euskadikoarekin duen antzekotasunari erreferentzia eginez. “Historia mingarria, indarkeriaz eta sufrimenduz betea, zauriz eta bakearen eta bizikidetzaren aldeko borroka etengabeaz betea”. Urkulluk gaineratu du, Madame Cisséri emandako Ellacuria saria bakearen eraikuntzan emakumeek duten paperaren aldarrikapena ere dela.

Seynabou Male Cissé defendatzailearen borrokari dagokionez, Lehendakariak gogorarazi du, Seynabou eta Casamanceko emakumeak Ignacio Ellacuriak eta bere maisu Xabier Zubirik aipatu zuten “errealitateaz arduratzeko eta kargatzeko” horren adibide direla. Iñigo Urkulluk “bakearen gutxienekoak” gogorarazi ditu, eta, horiekin batera, emakumeen papera aldarrikatu du; izan ere, “premisa horretatik sortzen dira elkartasuna, lankidetza eta auzolana. Ikuspegi horrek bakeari bidea irekitzen dio, bereziki, emakumeen eskuetatik”.

Bukatzeko, Lehendakariak eskerrak eman dizkio Seynabou Male Cissé aktibistari euskal lankidetzaren bidelagun izateagatik, eta “Ignacio Ellacuriaren giza konpromisoaren eta justizia sozialaren legatuari jarraipena emateagatik”.

Emakumeak Afrikako bake prozesuetan

Seynabou Male Cissek Casamanceko Bakearen aldeko Emakumeen Elkartasunerako Eskualde Batzordeko USOFORALeko ordezkari gisa hitz egin du. Eskualdeak intentsitate txikiko gerra zibila bizi du 1982tik, eta 5.000 hildako eta 30.000 eta 60.000 arteko desplazatu inguru eragin ditu.

Erakunde hori eLankidetzak babesten du, Mundubat edo BLB/ACPP euskal GGKEaren bitartez. Madame Cissék sortu zuen 1999an, beste emakume batzuekin eta bakearen eta garapen ekonomikoaren aldeko emakume ekintzaileen elkarteetako kideekin batera.

Ekitaldian, saria eskertu du, eta Casamanceko emakumeak zein mundu osoan giza eskubideen urraketak pairatzen dituzten pertsonak gogoratu ditu, “haien borrokak eta erresilientzia inspirazio iturri amaigabea dira”.

Emakumeen eskubideen defendatzailea 1952an jaio zen Gandiayen, Kaolack eskualdean. Geografian lizentziatua, eta masterra lortu ondoren, Ziguinchorreko Djignabo Bigarren Hezkuntzako irakasle izan zen 25 urtez. Gazte-gaztetatik gizarte mugimenduetan inplikatu da.

2010ean, Cissé Plateforme des Femmes por la Paix en Casamance koalizioaren sustatzailea izan zen. Koalizio horrek gizarte zibileko 210 tokiko erakunde eta eskualdean bakearen eta justiziaren alde aktiboki lan egiten duten 40.000 emakume baino gehiago batu zituen. 2013an, Women´s World Summit Foundation (WWSF) erakundearen Women´s Creativity in Rural Life saria jaso zuen.

Lankidetzarako eta elkartasunerako saria

Ignacio Ellacuría sariak El Salvadorren, 1989an, militarrek eraildako euskal filosofo eta teologoaren izena eramaten du. Bere xedea da Euskadiko nahiz beste herrialderen bateko erakunde, kolektibo edo norbanakoek herrien arteko berdintasun, justiziaren alde eta pobrezia garaitzeko egindako lana aitortzea. Eusko Jaurlaritzak ematen du eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez.

Informazio gehigarria