Josu Erkorekak Euskal Poliziaren 2022ko delituen txostena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean

Argitalpen-data: 


      Portada_Euskal_Poliziaren_2022ko_delinkuentzia-memoria_eu.jpg
  • 2022an delitu gehiago egin ziren aurrez aurre teknologia berriak erabiliz baino, baina asko egin zuten gora ziberdelituek: % 41
  • Euskadin egindako delitu gehien-gehienak ondarearen aurkako delituak izan ziren, batez ere ebasketak eta ziberiruzurrak
  • Deliturik larrienak, pertsonen aurkako delitu presentzialak, delitu guztien % 10 dira, eta horietako gehien-gehienak emakumeen aurkako indarkeria psikiko, fisiko eta sexualarekin lotutako kasuak
  • Ertzaintzak iaz indarkeria matxistarekin lotutako kasuen % 83 argitu zituen, eta horien egileak agintari judizialaren eskuetan jarri zituen

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak gaur goizean aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordearekin eta Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariarekin batera “Euskadiko Delinkuentzia Kasuen 2022ko Azterketa”. Dokumentuan urtero biltzen, aztertzen eta alderatzen da Euskadin gertatzen diren eta Ertzaintzak eta udaltzaingoek 15.000 biztanletik gorako udaletan zenbatzen dituzten arau-hauste penalei buruzko informazioa.

Euskadin, 2022an, 133.989 delitu erregistratu ziren. Horietatik 113.842 (% 85) delitu presentzialak izan ziren eta 20.147 (% 15) teknologia berriak erabiliz ziberespazioan egindako delituak. Delitu gehien-gehienak presentzialak badira ere, ziberdelituak dira gehien gora egiten ari direnak. Berez, 2022. urtea eta 2019a (Covid-19k eragindako osasun-murrizketarik gabeko pandemia aurreko azken urte alderagarria) konparatzen baditugu, jabetuko gara delitu presentzialek % 6 egin dutela gora Euskadin, eta ziberdelituek, aldiz, % 41eko igoera izan dutela.

 

2022ko delituen txostena, 6. or.

Lurraldeen eta udalerrien arabera aztertuz gero, mila biztanleko delituen tasa handiagoa da eta, gainera, gehiago hazi da biztanlegune handietan: tasarik altuenak Bilbok/Bizkaiak eta Donostiak/Gipuzkoak dituzte, baina gora gehien Erandion (27,5 puntu 2019arekin alderatuta), Pasaian (22,6 puntu 2019arekin alderatuta) eta Irunen (22,1 puntu 2019arekin alderatuta) egin du.

Euskadiko delituen mapa

Delitu-motaren arabera, Euskadin bai modu presentzialean (% 62) bai teknologia berriak erabiliz (% 90,3) egiten diren delitu gehienak ondarearen aurkako delituak dira: ebasketak, gauzetan indarra erabiliz egindako lapurretak, indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurretak, kalteak, iruzurrak, eta abar. Hala ere, arau-hauste penal larrienak, hau da, pertsonen aurka egiten direnak (lesioak, era guztietako indarkeria fisiko eta sexuala, koakzioak, mehatxuak, eta abar)  delitu presentzialen % 10 eta ziberespazioan egiten diren delituen % 5,4 dira.

 

2022ko delituen txostena: 07. orr.

Emakumeen aurkako indarkeria

Gizartean sortzen duten alarmaren eta segurtasunik ezaren ondorioz delitu larritzat jotzen diren delituen (pertsonen aurkako delitu presentzialen) % 10 horren barruan, kasu gehienak emakumeen kontra erabilitako indarkeria-kasuak dira. Horrela, Ertzaintzaren 2022ko datuen arabera, 5.143 emakumek jasan zuten bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria (genero-indarkeria), familiarteko baten edo bikotekidea ez den bizikide baten indarkeria (etxeko indarkeria) edo indarkeria sexuala beste bi kategorietatik kanpoko egile baten aldetik (sexu-askatasunaren aurkako delituak). Gainera, hiru indarkeria-mota horiek gora egiten jarraitzen dute, ehuneko 10, 11 eta 23, hain zuzen ere, urtez urte gora egiten ari direlako kontzientzia soziala eta salaketa-kopurua.

 

2022ko delituen txostena: 46. orr.

Emakumeen kontrako indarkeria-kasu gehienetan egilea ezaguna da. Berez, 2022an, Ertzaintzak kasu horien % 83 argitu zituen, eta horien egileak agintari judizialaren eskuetan jarri zituen.