Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Radio Euskadin

Argitalpen-data: 


      Bildarratz_Radio_Euskadi.png

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Radio Euskadiko Boulevard saioan. Bertan, ikasturte hasiera, eskola-garraioa eta etorkizuneko Hezkuntza Legea –Legebiltzarrean  izapidetzen jarraitzen duena- izan dira hizpide nagusiak.

2023-2024 ikasturteko eskola-garraioko ibilbideen lizitazioari dagokionez, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak argi utzi du ez dela irregulartasunik egon abokatu-bulego baten kanpo-aholkularitza juridikoaren kontratazioari dagokionez. “Ez! Hori irmoki esan behar da". Argitu duenez, "ez dugu aholkularirik, abokatuen kabinetea kontratatu genuen une zehatz baterako".

Bildarratz sailburuak esleipen prozesuaren mugarri nagusiak azaldu ditu kronologikoki. "Lizitazio bat abiatu genuen, eta 467 ibilbide atera ziren lehiaketara. Eskaintzak jasotzeko epea uztailaren 19an amaitu zen". Une horretan, "Kontratazio Mahai Orokorra (Kontratazio Batzorde Nagusia) sartu zen. Mahai hori ez dago Hezkuntza Sailari atxikita, eta funtzionarioek soilik osatzen dute. Horiek proposamenak baloratzen dituzte ". Prozesu honetan aplikatu ziren balorazio irizpideak objektiboak direla ere azaldu du Bildarratzek.

Prozesuaren kontaketarekin jarraitu du sailburuak, lizitazioa itxi ondoren ibilbide batzuk hutsik geratzen zirela egiaztatu zela azalduz. "Uztailaren amaieran enpresei bidali genien 2023-2024 ikasturtean zerbitzua ematen jarraitzeko aukera edo eskaria aurreko ikasturteko baldintzetan, nahiz eta aurtengo prozesuan parte hartu ez". Enpresa askok, baztertu egin zuten eskaintza hori. Beraz, sailburuak laburbildu du egoera, eta ondorioztatu du "dagoeneko ebazpena itxita zuen mahai bat dugu, eta hutsik gelditu diren ibilbideak".

Agerraldi eskaera

Une horretan hartu zuen Hezkuntza sailburuak kanpoko aholkularitza juridikoa izateko erabakia, eta gaia Legebiltzarrean azalduko duela iragarri du Bildarratzek. "Gaur bertan eskatu dugu agerraldia Legebiltzarrean, dena argia eta garbi gera dadin. Agiri guztiak eramango ditut, nortzuk aurkeztu diren azaltzeko, esleipen-irizpideak zeintzuk ziren, pleguak nolakoak ziren... "

Hala ere, sailburuak berretsi du Sailaren kezka eta lehentasuna eskola-garraioko zerbitzua ematea izan dela: "Bazen gu kezkatzen gintuen gauza bat: nola eman eskola-garraioko zerbitzua irailean. Gure araubide juridikoak bere azterketa egin zuen, baina eskatu nuena enpresa baten kontrastea zen. Egin zigun txostena, ematen ari den zerbitzua baldintza berberetan luzatzeko moduei buruzkoa da". Bildarratzek argitu duenez, "abuztuan amaitu zen lizitazio prozesua burutu ondoren kontratatu zen kabinete hori, eta behin prozesu hori amaituta, ibilbide batzuk esleituta eta beste batzuk hutsik geratu zirela, guk beste prozesu bat hasi genuen hutsik geratu ziren ibilbideetan zerbitzua nola eman aztertzeko".

Kanpoko aholkulariarekin harremana duen enpresari lizitatutako ibilbideei dagokienez, Bildarratzek datu interesgarri batzuk ezagutarazi ditu. Aipatutako enpresa eskola-garraioko 30 ibilbide baino gehiagorako lehiatu zen, eta esleitu zitzaizkion 15 ibilbideetatik 12tan eskaintza aurkeztu zuen enpresa bakarra zen. "Enpresak ez du onurarik jaso" amaitu du.

Hezkuntza Legea

Ikasturte akademiko berriari dagokionez, Bildarratzek esan du gaur egun bizitzen ari garena azken urteetako "itunen eta akordioen emaitza" dela, 2022ko apirilean Legebiltzarrean lortutako Hezkuntza Ituna eta urte bereko maiatzean gehiengo sindikalarekin lortutako akordioak aipatuz. Bigarren akordio horri dagokionez, ikasturte honetan geletan ezartzen ari diren baliabideak nabarmendu ditu, honako hauek nabarmenduz: 600 irakasle gehiago izatea, etapa batzuetan ratioak jaistea, ingelesa 3 urtetik aurrera ematea edo hainbat ikastetxetan Ikaslab gelak abian jartzea. Zentzu horretan, zuzendaritzek eta irakasle-taldeek egunez egun egiten duten lana txalotu du.

Une honetan Legebiltzarrean zuzenketa-aldian dagoen etorkizuneko Hezkuntza Legeari buruz galdetuta, ziur agertu da onartu egingo dela. Lege horren inguruan egin den lan guztia nabarmendu du, bai Hezkuntza Sailetik, bai talde parlamentarioetatik, bai gizarte-eragileetatik, eta ahalik eta babes handienarekin onartzeko desioa agertu du.

Sektore publikoan datozen hilabeteetarako deituta dauden bi greba-egunei dagokienez, Bildarratzek esan du, joan den asteartean Zupiria bozeramaileak adierazi zuen bezala, sindikatuek aldarrikapenak egiten dituztela Madrilen erabakiko diren gaien inguruan, eta "guztiz bidegabea" dela hori ikasgeletara eramatea. "Horrek esan nahi du gure ikasleek greba hori sufritu behar dutela, denok dakigun arren guk hemen ezin dugula horri buruz ezer erabaki. Bi eskola-egun galtzeaz gain, arazoak sortzen ditu familietan. Bi aldiz bidegabea da, eta sindikatuek berriro pentsatu beharko lukete".

Informazio gehigarria