Hezkuntza Sailak ezetsi egin ditu eskola-garraioko enpresek eskatutako kautela-neurriak

Argitalpen-data: 

  • Hezkuntza Saileko zerbitzu juridikoek ondorioztatu dute Eusko Jaurlaritzan aurkeztu dituzten argudio juridikoek ez dutela betetzen kautela-neurriak onartzeko betekizun legalik
  • Aurkeztutako errekurtsoak ebatzi bitartean, Eusko Jaurlaritzak gogorarazten die enpresei eskola-garraioko zerbitzua emateko duten legezko betebeharra, nahitaez betearazteko Aginduaren arabera

Hezkuntza Sailak errekurtsoa aurkeztu duten enpresei jakinarazi die aurkeztutako kautela-neurrien eskaerak ezesten dituen Agindua. Aipaturiko enpresek kautela-neurrien eskaera aurkeztua diote Eusko Jaurlaritzari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian irailaren 5ean (asteartea) argitaratutako nahitaez betearazteko Aginduaren aurka. Hezkuntza Saileko zerbitzu juridikoek errekurtsoak aztertu ondoren, egiaztatu dute enpresek emandako argudioek ez dutela juridikoki justifikatzen jaso diren 39 errekurtsoek –guztiak berdinak- eskatzen zutenaren ildotik ebazpena ematea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 117. artikuluak honako betekizun hauek eskatzen ditu kautela-neurria (kasu honetan, errekurritutako egintza eteteko eskaera) baiesteko baldintza gisa: a) betearazpenak kalte konponezinak edo konpongaitzak eragin ahal izatea, eta b) aurkaratzearen (inpugnazioaren) oinarria 39/2015 Legearen beraren 47.1 artikuluan aurreikusitako zuzenbide osoko deuseztasuneko kausaren bat izatea. Errekurtsoei erantzutean, Hezkuntza Sailak juridikoki oinarritzen du bere ebazpena, gorago jasotako bi kasuetako bat ere ez dela betetzen argudiatuz.

Horregatik, kautela-neurrien eskaera ezetsi ondoren, eta administrazioak aurkeztutako errekurtsoak ebatzi bitartean, Eusko Jaurlaritzak berriro adierazi die enpresei eskola-garraioko zerbitzua ematen jarraitzeko betebeharra dutela, joan den irailaren 5ean argitaratutako Aginduaren eranskinean identifikatutako ibilbideetan, zerbitzu horiek barne hartzen dituen kontratu berri bat gauzatzen hasi bitartean. 2. artikuluan ezartzen denez, zerbitzua emateagatiko ordainsari gisa, dagokion zerbitzua ematearen benetako kostua ordainduko da, gehi mozkin industrialari dagokion kostua, ehuneko seian ( % 6) kuantifikatzen dena.

Horrela, prestazioa ordaindua izanik, zerbitzua emateak konpainia bakoitzari eragingo dion kostu osoa ordainduko dela ezarrita, eta % 6ko errentagarritasuna ere aurreikusita, nekez ondoriozta daiteke kautela-neurria ez hartzeak kalterik eragin diezaiekenik Aginduaren eranskinean identifikatutako konpainiei.

Errekurtsoa aurkeztu duten enpresek alegatutako beste arrazoi bati dagokionez —alegia, dagokion Foru Aldundiak emandako baimena, eta eskola-garraioa egin ahal izateko beharrezkoa dena, garaiz lortzeko ustezko ezintasuna—, zerbitzu juridikoek uste dute argudioaren oinarrian dagoen premisa faltsua dela: ikastetxe publikoetako eskola-garraioaren kasuan, baimen horiek emateko prozedura berezi bat dago, Foru Aldundi bakoitzarekin adostua.

Konpainia bakoitzak aurkezten dituen baimen-eskaerak alde batera utzita, eta kasu askotan baimena emateko eskatzen diren datu zehatz batzuk zerbitzua ematen hasten den egunean (ikasturtearen hasieran) artean ezagutzen ez direnez, bi erakundeek adostuta dute Hezkuntza Sailak Foru Aldundiei informazio guztia bidaliko diela ikasturtearen hasieran, honako hauek jakin ondoren: zeintzuk izango diren zerbitzua emango duten konpainia zehatzak, autobus bakoitzaren xehetasunak, linea zehatz bakoitza eta autobus bakoitzean joango diren ikasleen kopuru zehatza zein izango den. Informazio hori igorrita, Foru Aldundiek behin behinean automatikoki baimendutzat jotzen dute identifikatutako autobus bakoitza, eta baimen horiek behin betiko formalizatzen dira konpainia bakoitzak dagokion baimen-eskaera egin eta beharrezko dokumentazioa aurkezten duenean. Horixe da Foru Aldundi bakoitzarekin adostutako jardunbidea, eta azken urteotan aplikatzen ari dena.

Era berean, garrantzitsua da gogoraraztea joan zen 2022-2023 ikasturtearen hasieran ez zela inolako arazorik egon eskola-garraioko zerbitzua emateko, nahiz eta enpresen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioa ikasturtea hasi aurreko gauean lortu zen, autobusek zerbitzua eman beharra izan baino ordu gutxi batzuk lehenago.

Zerbitzu juridikoek gogorarazten dute eskola-garraioa funtsezko zerbitzua dela, hezkuntzarako oinarrizko eskubidearekin estuki lotuta dagoena. Irailaren 5ean argitaratutako Aginduaren xede diren ibilbideek 10.000 ikasle ingururi – eta haien senideei – eragiten diete zuzenean, eta, beraz, zerbitzurik ez emateak zuzenean erasotzen dio hezkuntzarako duten oinarrizko eskubideari. Beraz, interes orokorreko arrazoiak daude, neurria ezestea gomendatzen dutenak.

Horiek guztiak horrela, Hezkuntza Sailak, kautela-neurrien eskaera ezesteko Aginduarekin, eta administrazioan aurkeztutako errekurtsoak aztertzen diren bitartean, gogorarazten du enpresek eskola-garraioko zerbitzua emateko betebeharra dutela, gorago aipaturiko agindua irailaren 5eko EHAAn argitaratu zen une beretik.

Informazio gehigarria