- Ikerbasqueko Ebaluazio Batzordeak hautatu ditu egin duten lanagatik aurten aitortza jasoko duten hiru emakume ikertzaileak
- Bosgarren edizio honetan, Alicia Alonso, Ainhoa Magrach eta Sara Barja ikertzaileek jasoko dute Hezkuntza Sailaren eta Ikerbasqueren aitortza
- Ekimenaren helburua Euskadiko emakume ikertzaileak ikusaraztea da, ikertzaileen belaunaldi berrientzat eredu eta inspirazio izan daitezen
Emakume ikertzaileen aintzatespena erabakitzeko ardura duen ebaluazio-batzordeak aho batez erabaki du zein emakume ikertzailek jasoko duten aitortza hau 2023an, ematen den hiru mailetako bakoitzean. Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eman die hiru zientzialariei Hezkuntza Sailaren eta Ikerbasqueren aintzatespenaren berri.
Honako hauek dira 2023an aintzatetsitako emakume ikertzaileak:
- Advanced, ikerketa-karrera oso baten aintzatespena:
- Alicia Alonso, Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna, UPV/EHU
- Consolidator, bere ikerketa-esparruan lider den emakume ikertzaile baten aintzatespena:
- Ainhoa Magrach, Ikerbasque Research Professor BC3n, ekosistemen aldaketa globaleko eta funtzionamenduko taldeburua
- Starting, emakume ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmenaren aintzatespena:
- Sara Barja, Ikerbasque Research Associate UPV/EHUn eta MPCn
Aintzatespen honen helburua da Euskadiko emakume ikertzaileak eta haien lana ikusaraztea, emakume ikertzaileen belaunaldi berrientzat eredu eta inspirazio izan daitezen. Beraz, ez da sari bat, errekonozimendua eta ikusgarritasuna baizik. Horretarako, beren karrera zientifikoaren hiru etapa desberdinetan dauden emakume ikertzaileak nabarmentzen dira: aurreratua, irmotua eta etorkizun handikoa.
Aintzatespenen bosgarren edizio honetarako, Ikerbasquek ekoizpen zientifikoaren datuen azterketa bibliometrikoa egin du, eta Euskadiko emakume ikertzaileen azken ekarpen nabarmenak adierazi ditu. Bestalde, Ikerbasqueko Patronatuko Batzorde Delegatuko kideek 22 emakume ikertzaileren azken hautaketa erabaki dute, lehen azaldutako 3 mailetan. Horrela, kategoria bakoitzeko emakume ikertzaileen maila zientifiko handia nabarmentzen da, edizio bakoitzean gora egiten duen bikaintasun-mailarekin, eta horrek Euskadin emakume ikertzaileek egindako zientziaren potentzial handia islatzen du.
Era berean, Ebaluazio Batzordeak adierazi du aintzatetsitako ikertzaileen profilen arteko oreka bilatu nahi duela edizioetan, bai beren ikerketa-karreraren etapa-mailan, bai beren ezagutza-arloan eta beren jarduera garatzen duten azpisistema zientifikoan. Ebaluazio-batzorde hori Ikerbasqueko Patronatuko ospe handiko hiru ikertzailek, Eusko Jaurlaritzako Ikerketako zuzendariak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisarioak osatzen dute.
Urteroko aintzatespenak
Ekimen hau Ikerbasqueren Plan Estrategikoan sartzen da. Plan horren 12 erronketako bat Ikerbasqueko ikertzaileen komunitatean sartzen diren pertsonen genero-berdintasunean aurrera egitea da. Ildo horretan, Ikerbasqueko Patronatuak Berdintasun Plan bat onartu zuen. Plan horren barruan, emakume ikertzaileei urtero aintzatespen batzuk emateko ekintza bat dago, prestakuntza- eta hausnarketa-guneak sortzeko, zientzian genero-berdintasuna lantzeko, eta emakumeen eta gizonen Rol Model sortu eta ikusarazteko.
Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek aintzatespen-ekitaldi bat egingo dute udazkenean, eta bertan izango dira ikertzaile aintzatetsiak, baita Euskadiko ikerketa-zentroetako, unibertsitateetako eta zentro teknologikoetako ordezkariak ere.