Hezkuntza Sailak 816 milioi euro bideratu ditu 2023-2024 ikasturteko hezkuntza-itunak finantzatzeko (Gobernu Bilera 2023-09-26)

Argitalpen-data: 


      logoconsejo.jpg

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du, Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikastetxe pribatuen 2023-2024 ikasturteko hezkuntza-itunak gauzatu ahal izateko gastu aurreikuspena. Gastu aurreikuspen hau 816.196.442,64 eurokoa da, 7.445 gela ituntzeko, bai eta hezkuntza-laguntzako berariazko premietarako eta hezkuntzako desberdintasunak konpentsatzeko laguntzako 2.769 langile osagarri ituntzeko ere. 

Kopuru oso horretatik, 272.065.483,62 euro 2023ko iraila-abendua aldiari dagozkio, eta gainerako 544.130.959,02 euroak, 2024ko urtarrila-abuztua aldiari. 

Aurreikuspen horrek bere baitan hartzen du lehenengo aldiz 2 urteko gelak (Haur Hezkuntzako lehen etapako hirugarren maila) ituntzea, gero eta handiagoa den laguntza-langile osagarrien beharra finantzatzea, eta indarrean dauden moduluak eguneratzea, aplikatzekoak diren soldata-igoeren arabera. 

2023ko maiatzean, 2023-2024 ikasturtean itundu beharreko gelen eta langile osagarrien eskariak aurkezteko epea ireki zien Hezkuntza Sailak itunpeko ikastetxeei. Honako ikasketa hauek itundu daitezke: Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa (oinarrizko maila, erdi maila, goi maila eta espezializazio-kurtsoak) eta Heziketa Bereziko irakaskuntzak. Ikasturte berri honen berritasuna da 2 urteko gelak (Haur Hezkuntzako lehen etapako hirugarren maila) lehen aldiz finantzatzen direla hezkuntza-itunaren bidez.

Eskaera horien ebazpena egin ondoren, 2023-2024 ikasturte honetan 318 itunpeko ikastetxe daude Euskadin: 34 Araban, 164 Bizkaian eta 120 Gipuzkoan. Orotara, 7.445 itunpeko gela batzen dituzte guztien artean, bai eta gorago aipaturiko 2.769 langile osagarri itundu ere. 

Hezkuntza-laguntzako berariazko premietarako eta hezkuntzako desberdintasunak konpentsatzeko laguntzako langile osagarrien artean, honako baliabide eta programa hauek daude: Haur Hezkuntzarako baliabide gehigarriak, Pedagogia Terapeutikoko irakasleak (Lehen eta Bigarren Hezkuntza), Hezkuntza-laguntzako Espezialistak, Hezkuntza Berariaz Sendotzeko Programak, Curriculum Aniztasuneko Programak eta Eskolatze Osagarriko Programak. 

Hezkuntza-itunen bidez, ikastetxe pribatuetako irakaskuntza-jardueratik eratorritako gastuak finantzatzen dira, aurrez aipaturiko etapa horietan. Ikastetxean itunduriko talde kopuruaren arabera kalkulatzen den diru-kopuru hori, pertsonal gastuetara bideratzen da (izan irakasle, ez irakasle edo gainerako hezitzaileak), nahiz ikastetxeen ohiko funtzionamenduak eragindako gastuetara.

Informazio gehigarria