- 16 irabazle gazteek esku dirutan jaso dute saria, euren ibilbide akademikoan erabiltzeko gailu digitalak erosteko
- Saridun guztiek 8,75 puntu edo gehiagoko batez bestekoz amaitu zuten Batxilergoa
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendariarekin batera, 2022-2023 ikasturteko Batxilergoko Sari Bereziak banatu ditu gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu den ekitaldian. 16 gazte irabazleek, saridun direla egiaztatzen duen diploma jaso dute sailburuordearen eskutik, eta horrekin batera, baita 1.200na euroko diru-saria ere. Diru hori euren ibilbide akademikoan erabiltzeko gailu digitalak erostera bideratu beharko dute gazteek.
15.500 ikasle pasatxok egin zuten Euskadin Batxilergoko bigarren maila joan zen 2022-2023 ikasturtean, eta horietatik 424 aurkeztu ziren Batxilergoko Sari Berezia eskuratzeko probetara. Guztiek betetzen zuten baldintza hau: Batxilergoko bi kurtsoetan 8,75 puntutik gorako bataz besteko nota izatea. Joan zen ekainaren 14an burutu zuten proba, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan, unibertsitatera sartzeko hautaprobak amaitu ondoren. Azterketan, hiru ariketa gainditu behar izan zituzten, bai norberaren Batxilergo modalitateari zegozkion ikasgai espezifikoen ingurukoak, bai hizkuntza probak (euskara edo gaztelania, eta atzerriko hizkuntza bat). Azkenik, puntuaziorik altuena lortu zuten 16 ikasleek gaur goizez jaso dute saria.
Ekitaldian izan dira, halaber, ikasle sarituen senitartekoak, eta baita Batxilergoa ikasi zuten institutuetako arduradunak ere. Ekitaldia girotzeaz Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko Eder Fernandez ikaslea aritu da, gitarrarekin Joaquin Turina eta Celso Machado konpositoreen lanak eskainiz.
Batxilergoan ibilbide akademiko bikaina erakutsi duten ikasleei egindako ahalegina aitortzea da Batxilergoko Sari Berezien helburua. 2023-2024 ikasturte honetarako sarien deialdia 2024ko udaberrian argitaratuko da.
Ahalegina, lana, adimena eta bokazioa
Ekitaldian hitza hartuta, saritutako ikasleak, hauen familiak eta Batxilergoa egin duten ikastetxeetako arduradunak zoriondu ditu Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak. Nabarmendu duenez, "ikasle hauek saritzean gure hezkuntza sistema ari gara saritzen eta ez dago niretzat eginkizun gozoagorik. Gure indar guztiak hezkuntzaren zerbitzuan eta bere hobekuntzan jarriak ditugu. Zuek zarete gure lanaren sari eta poza”.
Ildo horretan, eta bertaratu diren ikasleei zuzenduz, nabarmendu du "zuetako bakoitzak euskal hezkuntza-sistema ordezkatzen duzue. Zuek frogatzen duzue sistemak funtzionatzen duela eta emaitza onak lortzen dituela. Ezagutzaren bikaintasunean eta ezagutza hori lortzeko ahaleginean nabarmendu zarete".
Sailburuordeak, halaber, 16 gazteek gaur saria jasotzeko erakutsi dituzten balioak aitortu ditu. "Ahalegina, lan handia, adimena eta hoberako bokazioa. Gaur jasotzen duzuen sari hau ahalbidetu duten bertuteak dira. Ahalegina, bera bakarrik, ez da bizitzan arrakasta izateko bermea, baina ahaleginik gabe ezinezkoa da hori lortzea. Adimenak ez du ezertarako balio, ahalegina alboan ez badu. Adimena etengabeko lanarekin eta bizitzan zehar ikasten jarraitzeko motibazioarekin bakarrik loratzen den gaitasuna da ". "Bizitzan ikasi eta helburuak lortzeko duzuen bokazioa da daukazuen ezaugarri nagusia. Ziur nago zuen bizitzei zentzua ematen dien bokazio hori dela zuen ezaugarririk onena".
Bikaintasuna saritzen duen ekitaldian, Pedrosak Euskal Hezkuntza Sistemaren beste ezaugarri garrantzitsu bat ere izan du hizpide, eta aldi berean Hezkuntza Sailaren apustua dena. "Ekitatea eta aukera berdinak gure ikasle guztientzat: bizitzaren aurrean aukera-berdintasuna". Ildo horretan, nabarmendu du laster onartuko den Hezkuntza Lege berriak bi ardatz estrategikoren aldeko apustua egiten duela: "aukera-berdintasuna eta hezkuntza-eraldaketa eta etengabeko hobekuntzaren aldeko apustua. Hori da lege honen bokazioa. Eta zuek ere utzi duzue zeuen arrastoa".
Amaitzeko, Hezkuntza sailburuordeak saritutako gazteei gogorarazi die "eskolarik, irakaslerik eta familiarik gabe ez zenuten sari hau lortuko, bidea ez zen hain erraza izango", eta bizitzan zehar euren buruei “galdera pertinenteak” egiten jarraitzeko eta “etikaz eta arduraz” jokatzen jarraitzeko eskaera egin die.
Ikasle sarituen zerrenda:
Saritutako ikasleek guraso, senitarteko eta Batxilergoko ikasketak burutu zituzten institutuetako arduradunak lagun zituztela jaso dituzte sariak. Hauek izan dira irabazleak:
Izen-abizenak |
Herria |
Ikastetxea |
|
Álvaro Gómez Galán |
Donostia |
CPEIPS Aldapeta Maria HLBHIP |
Donostia-San Sebastián |
Tania Luis Gámiz |
Vitoria-Gasteiz |
CPEIPS Carmelitas-Sagrado Corazón HLBHIP |
Vitoria-Gasteiz |
Ibai Ortiz de Luzuriaga Gine |
Legazpi |
CPEIPS Haztegi Ikastola HLBHIP |
Legazpi |
Juan Luis Altuzarra Heras |
Bilbao |
CPEPS Jesuitak Indautxu LBHIP |
Bilbo |
Jon Valbuena Álvarez |
Etxebarri |
CPEIPS Lauaxeta Ikastola HLBHIP |
Amorebieta-Etxano |
Iker Palomo Lobato |
Ortuella |
CPEIPS Asti-Leku Ikastola HLBHIP |
Portugalete |
Pablo Quijano Martín |
Erandio |
CPEIPS Ntra. Sra. De La Merced HLBHIP |
Loiu |
Haizea García González |
Vitoria-Gasteiz |
CPEIPS Carmelitas-Sagrado Corazón HLBHIP |
Vitoria-Gasteiz |
Ibai Martínez Puente |
Getxo |
IES Julio Caro Baroja BHI |
Getxo |
Iñigo Díez García |
Portugalete |
CPEIPS Sta. María HLBHIP |
Portugalete |
Leire Coca Casado |
Vitoria-Gasteiz |
CPEIPS Olabide Ikastola HLBHIP |
Vitoria-Gasteiz |
Irati Castillo López |
Getxo |
IES Julio Caro Baroja BHI |
Getxo |
Guillermo Herrero Álvarez |
Bilbo |
CPEIPS Padre Andrés Urdaneta HLBHIP |
Loiu |
Asier Villa Yarza |
Bilbo |
IES Botikazar BHI |
Bilbo |
Julen Arriaga Arizmendi |
Orozko |
IES Laudio BHI |
Laudio |
Jagoba De Albillos Eizaguirre |
Donostia |
CPEIPS Zurriola Ikastola HLBHIP |
Donostia-San Sebastián |