Hezkuntza Sailak 2,2 milioi euro bideratu ditu hezkuntza-konplexutasun bereziko 21 ikastetxe itundutara (Gobernu Bilera 2023-2-7)

fotoconsejo.jpg

2023-02-07

  • Ikastetxe onuradunek 2022-2023 ikasturtean errefortzuko irakasleak kontratatzeko baliatuko dute dirulaguntza 

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, hezkuntza-konplexutasun berezia duten itunpeko 21 ikastetxeri zuzeneko dirulaguntzak ematea. Onartutako laguntzen batura 2.268.613,11 eurokoa da.

Laguntza hauen helburua da hezkuntza-konplexutasun berezia duten itunpeko ikastetxeak indartzea, horretarako Lehen Hezkuntza eta DBHrako errefortzuko irakasle gehigarri bat izan dezaten lerro bakoitzeko, 2022-2023 ikasturtean. Hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleen arreta hobetzea, eta, horrela, hezkuntza-aukeretan ekitatea lortzen laguntzea da neurri honen azken xedea.

Hezkuntza Sailak konpromiso irmoa du gizarte eta hezkuntza ikuspegietatik zaurgarritasun egoera argian dauden ikasleen portzentaje handia hartzen duten eta funts publikoekin sostengatzen diren ikastetxe guztiei laguntzeko. Horrela bada, laguntza-lerro honen bidez, ikastetxe horiek indartu nahi dira, ikasle kalteberen eskola-emaitzak hobetzera eta ikastetxean jarraitzen duten ikasleen ehunekoa handitzera bideratutako jarduerak babestuz.

Hezkuntza-konplexutasunaren indize oso altua duten itunpeko ikastetxeak dira dirulaguntza hauen onuradun. Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI-IVEI) kalkulaturiko indize horrek, ikastetxearen egoera aztertzen du bertan artatzen dituen ikasleak aintzat hartuta. Horretarako, besteak beste, honako adierazle hauek erabiltzen ditu indizeak: ikasleen ikaskuntza-emaitzak, hezkuntza-laguntzaren beharrak, egokitasuna, jatorria, jarraitutasuna eta maila sozioekonomikoa. Indize hau bera erabiltzen da irakaskuntza-sare publikoan ere ikastetxeei errefortzurako baliabideak esleitzeko.

Ikastetxe itunduetan irakasleak kontratatzera bideratutako zenbatekoaren kalkulua, bai Lehen Hezkuntzarako bai DBHrako, etapa bakoitzerako indarrean dauden modulu ekonomikoen zenbatekoaren arabera egin da.